Fikzioaren izterrak

15

Izenburua: Fikzioaren izterrak
Idazlea: Ur Apalategi
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2010

Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aipamena 2010

Zazpi ipuin hauek fikziozkoak izan arren, errealitate hurbilaren ispilu dirdiratsuak dira; sarritan irudi olgetari eta trufatzaileak islatzen dituztela irudituko zaizu, baina gertakariak eta gertagarriak gertu daudela erakusten dute beti.
Bikote batetik, idazletza bestetik, horra kontakizunotan obsesiboki txirikordatzen diren hari nagusiak. Maitasun konpartitua, naziotasun zoriontsua eta arrakasta literarioa benetakoak al dira?, edo geure buruak zigortzeko sortzen ditugun kamera eskuraezinak? Serioski irri egiteko narrazioak dira, baita frustraturik gozatzekoak ere, edo haserrez baketzekoak… hori posible baldin bada.
Ur Apalategiri poemak eta bi nobela irakurri izan dizkiogu; hauxe da, beraz, bere aurreneko ipuin liburua. Atzartasuna moteltzen utziko ez dizun estilo natural eta malguz onduta dator, sekula galdu gabe ozar bilakatzeko atrebentzia.

 

Subscribe
Notify of
guest

15 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Getxo 50.3

Benetan liburu entretenigarria. Hasieratik bukaera arte, –eta, salbuespenik gabe, ipuin guztietan–, arreta mantentzen duen horietakoa. Ez dirudi ipuin laburrak direnik, ezen kontakizunak ondo landuta daude, pertsonaiak ondo deskribatuta –bizpahiru zertzeladatan (eta hau ez da kontu makala)–, eta, istorioa guztietan ez bada, gehienetan dago azkenengo momentuan gertaerari buelta ematen dion –eta espero ez dugun– sorpresaren bat.
Liburuko gai nagusia da idazleak; idazleak eta bere ingurumena: idazketa, idazlearen harremanak beste idazleekin, idazle munduko beste pertsonekin, idazlearen bertuteak eta miseriak, kontradikzioak. Fikzioa parte bat bai, baina seguru errealitate parteren bat ere izango duela. Eta seguru baita ere, ez idazleen munduarena bakarrik baizik eta guztion isla ere izango dela.

Bilbo 54.7

Akademia honen saria irabazi ostean irakurri dut, horrek bultzatuta. Eta gustatu zait, ipuin ia guztiak oso onak dira (eta hori zaila da benetan). Gozatu dut literatur mundutxoaren miseriak eta ospegurak irakurtzen: ez dira horren desberdinak idazleak, orduan. Eta euskal idazleak ere ez. Merezi du, gure kulturaren ikuspegi ezberdina izateko.

Burlata 17.1

UrApalategiren FIKZIOAREN IZTERRAK gustatu zait. Ipuin gehienak aipagarriak dira, baina Beste Bizitza nabarmenduko nuke. Argumentua oso ongi eramana dago hasieratik bukaeraino, ezustekotan harrapatu nau amaierak.
Dena den, ipuin guztiak mamitsuak sumatu ditut.

Idazleak maisutasunez erabiltzen ditu aditz trinkoak, subjuntiboak…oso maiz gainera; niretzat arrotzak diren hitz batzuk agertzen dira liburu honetan, haatik, erraz ulertzen da Urrek transmititu nahi diguna.

Gustura irakurri dut liburua, dena den, obsesio puntu bat sumatu dut sexuarekin eta idazleen ospearekin.
Ipuin guztiak literatura munduan oinarrituak; lotura handia omen du idazleak mundu horrekin, eta agian, horrexegatik, berak erabaki du omenalditxo bat egitea bere munduari.
Oso gomendagarria.

Bilbo 54.11

Orain arte ez neukan Ur Apalategiren ezer irakurrita eta gustatu zait. Nahiz eta lerroen artean irakurtzeko adi egon behar zaren, irakurterraza da. Liburuan zehar literatur munduaren desliluratzea aipatzen da, hau da, idazleek dituzten zailtasunak eta oztopoak. Zein zaila den bertako literatura sustatzea AEBtako kutsua dela medio. “Ergatibu” ipuinean identifikatua sentitu naiz hein batean. Nire ustez, 110. orrialdean esan nahi duena da, edonori gerta dakiokeela. Ipuin kasik guztiek idazleren bat daukate protagonista eta adin ezberdinetako amodio istorio ezin ondo amaituak. “Urrezko Vespa” ipuina zailagoa begitandu zait, apika, metafora gehiegi, eta ez dut moraleja ondo antzeman. Agian, gehiegi erabiltzen du “bailitzan, bailuen, bailegoen, dakusagu” eta arrotzak egin zaizkit, egitura hauek nire inguruak ez direlako erabiltzen. Edozelan ere, 2010ean argitaratutako irakurri dudan libururik hoberena.

Andoain 25.4

Aitortu behar dut. Ez naiz ipuin liburuak irakurri zale. Eta nire harridurarako, liburu hau, ipuin soltez osatua izan arren(antzeko gaien inguruan), gustura irakurri dut. Abilezia aurkitu dut ironia erabiltzeko, abilezia trama ondo harilkatzeko eta irakurlearen tentsioari eusteko, abilezia bikote arteko harremanak agertzeko: batek sentitzen duena azaldu ondoren itzulipurdia eman eta besteraen lekuan jarrarazteko…
Halere astun xamarra egin zait idazlearen fama beharra hain obsesiboki azaleratzea. Fikzioa ote hori ere?

Lesaka 30.1

UrApalategi gizon zintzo eta ongi hezitakoa izaki (halako haritzatik, halako ezpala, ;>), eta gainera euskal literatura irakasle ere ba omen da Baionan, beraz, dedukzioz: liburu serioa, inundik ere !. Eta serioa diodanean: formala, intelektuala…

Eta irakurtzen hasi eta hara, literatura munduko ospetsu batzuren harat-honatak (joan-etorriak), “to, baneoken ba ni ¡!”

Baina irakurketan murgildu ahala, jontxo…gai mamitsuak eta serioak eta guri-guriak (eta gure-gureak): bizi harremanak eta gaur gaurreko pasarteak kontari ari zaigu autorea, ederki kontari, biziki, sensualki, ironikoki, kontradikzioz beteta (bizitzabera lain). Zera hori zuregana ekartzeko, erran nahi duena errateko modua, hizkera, euskara: zuzena, hitz alperrik gabekoa eta aldi berean ezpal ederrekoa, zapa zapa, aizkora zorrotzaz, sasoiko, bizkor, sendo, segur, fin ebakiz. Urrutitik abiatuta, bertaratu egin zait, konturatu orduko.

Literatura ona/txarra/erdi ipurdikoa?…Zer dakit nik horretaz? eta jakinda ere, ez nintzen ausartuko, aizu, literatura irakasle baten aintzinean ;>)

Nire idurikoz, nik erran beharko banu: kalitatea badu, maila ona, narrazioak sendoak eta fiñak iduritu zaizkit (kategorikoak !, erranen luke nik dakidan batek).

Urnieta 49.2

Gozatu ederra hartu dut Ur Apalategiren ipuin bilduma hau irakurriz. Izenburuak ez nindukeen liburura erakarriko lagun batek gomendatu izan ez balit, eta nik Apalategiren aurreko bi lanak ezagutzen nituen… Ha ze sorpresa gozoa, ateraldiren batzuekin, bere ironia batzuekin barre aspaldian ez bezala egiteaz gain, aitortu beharra daukat literatur blio handikoak iruditu zaizkidala eta narratzaile bikain baten aurrean jartzen gaituela liburu honek, unibertso berezia, berritzailea eta jatortasunez betea eskaintzen diguna.

Gasteiz 9.11

Oso liburu interesgarria iruditu zait. Ezuste ederra, onerako. Ipuin sorta bat osatu du idazleak, zein baino zein originalagoa, euskal literaturareninguruan. Azken fandangoa Buenos Airesen da luzeena eta landuena. Erakargarritasuna eta umilazioa uztartzen ditu sinesgarritasun handiz. Beste bizitza ere oso originala da, eszena bera irakurle ezberdinekin gertatzen baita, espero gabeko amaiera batekin. Beste ipuinek ere badute zerbait aipatzeko, baina hobe norberak deskubritzea. Erraz irakurtzen da baina, aldi berean, aberatsa da liburua. Oso gomendagarria.

Oñati 45.2

Fikzioaren izterrakLiteratura ardatz duen zazpi ipuin aurkezten dizkigu Ur Apalategik. Orokorrean gustatu zaizkit. Irakurketarekin disfrutatu egin dudala aitortu beharra daukat. Are gehiago esango nuke, sentsazioa nuen irakurtzen nuen bitartean ipuina amaitu behar nuela, ezin nuela erdizka utzi.
Aipatu beharra dago bigarren mailako ideia edo gai asko jorratzen dituela: euskal gatazka politikoa, euskara ondo erabiltzeko dugun beldurra-paranoia, sormena nondik datorren… Ziur nago noizean behin grazia pertsonalak edo pribatuak egin dituela autoreak. Egoera asko gustatu zaizkit. Ezingo nuke bat aukeratu. Bat hautatu beharko banu lehen ipuinean kontatzen den zaharra vs. gaztea aipatuko nuke.
Harritu nauen beste gauza bat portada izan da. Lehenengo etorri zaidan pentsamendua udan irakurtzeko liburua dela izan da (onartu behar da edozein urtarotan irakurtzeko modukoa dela). Eta oso kuriosoa egin zait igerileku barruan dagoen pertsonaren liburua liburua bera dela.
Amaitzeko esan oso arin irakurtzen dela. Egia da agian lehenengo ipuinean kosta egiten dela amaierara iristea liburuaren ia herena delako. Baina bigarren ipuinaz geroztik istorioak oso azkar erortzen dira bata bestearen atzetik. Ezbairik gabe gomendatuko nuke liburu hau.

Galdakao 55.1

Diotenez,idazle hau ipuinzalea izan da beti eta zaletasun hori nabaritzen da liburu honetan. Ematen du euskal idazleekin zorra izaten duela ere. Liburu artean bizi izateak agian garrantzi handia izan du bere bilakaeran.

Horregatik liburu hau mugitzen da literatura eta bikote harremanak lotzen dituen zubitik. Barrutik idatzita dago, bultzadaz esango nuke, baina sinesgarritasunez eta dotoreziaz.

Ipuin batzuetan asmatzen (edo saiatzen) duzu nortzuk izan zitezkeen protagonista errealak baina azkenean konturatzen zara fikzioa direla, fikzioaren izterrak hain zuzen ere. Gomendagarria.

Ajangiz 78.1

ipuin ederrez osatuta dago.Asko disfrutatu dut ipuin hauek irakurtzen.

Amasa-Villabona 1.1

Orain arte bi nobela zituen Ur Apalategik, biak irrikaz irakurri genituenak. Oraingoan ipuin liburu batekin datorkigu. Zein baino zein hobea, gainera. Bost ipuin horiek ere irrikaz irakurri ditut, azkarregi agian lehen irakurketan; horregatik, liburua amaitu ondoren, denak berriro berrirakurri ditut, ondo finkatuta gera daitezen nire buruan. Bere nobeletan bezala, euskal letrak ditu ardatz, literatura munduko jendea da protragonista. Idazleak dira protagonista, baina beren bikote harremanetan murgilduta daudenak. Trebea da Apalategi bikote harremanak mamitsuki eta zorroztasunez deskribatzen. Fikzioa tarteko dela. Iaioa da, bestalde, irakurlea, fikziozko ipuinak irakurtzen ari dela jakinda ere, istorio errealak irakurtzen arituko balitz bezala sentiarazten. Aurtengo liburuen artean, goi mailan egongo dira ipuin hauek.

Getxo 50.3

Benetan liburu entretenigarria. Hasieratik bukaera arte, –eta, salbuespenik gabe, ipuin guztietan–, arreta mantentzen duen horietakoa. Ez dirudi ipuin laburrak direnik, ezen kontakizunak ondo landuta daude, pertsonaiak ondo deskribatuta –bizpahiru zertzeladatan (eta hau ez da kontu makala)–, eta, istorioa guztietan ez bada, gehienetan dago azkenengo momentuan gertaerari buelta ematen dion –eta espero ez dugun– sorpresaren bat.
Liburuko gai nagusia da idazleak; idazleak eta bere ingurumena: idazketa, idazlearen harremanak beste idazleekin, idazle munduko beste pertsonekin, idazlearen bertuteak eta miseriak, kontradikzioak. Fikzioa parte bat bai, baina seguru errealitate parteren bat ere izango duela. Eta seguru baita ere, ez idazleen munduarena bakarrik baizik eta guztion isla ere izango dela.

Bilbo 54.3

Liburu bikaina Ur Apalategiren azkena, benetan. Zazpi ipuin ditu liburuak eta zaila da bat nabarmentzea, denak bikainak baitira. Literatura eta neska-mutilen harremanak dira liburuaren ardatzak eta maisuki konbinatu ditu biak Apalategik, liburua gozagarria izatea lortuz. Irakurketa amaitu eta gero, bi sentimendu geratu zaizkit: poztasuna, hain liburu bikaina irakurtzeagatik, eta pena, liburua luzeagoa ez izateagatik. Ea Apalategi sarriago agertzen den euskal literaturan. Beraz, guztiz gomendagarria liburu hau.

Ibarra 44.1

A zer ipuin bilduma sortu/osatu duen Ur Apalategik! Lan bikaina eta zoragarria benetan! Ipuin guztietan zehar gaia (bikotea eta idazletza) mantentzea asko gustatu zait.
Ipuin guztiek maila bikaina dute eta arreta eta irakurtzeko gogo handia pizten dute. Ipuin bat ona bada, hurrengoa zer esanik ez… Zur eta lur utzi nau bere idazkareraren menderakotasunarekin. Ongi merezita dauka aurtengo Beterriko Liburua Saria.
Eskerrak eman behar zaizkio idazleari irakurleoi horrenbeste gozatzeko ahalmena emateagatik.