Elur bustia

4

Izenburua: Elur bustia
Idazlea: Pello Lizarralde
Argitaletxea: Erein
Urtea: 2016

Lizarralderen pertsonaiak begi, belarri eta usaimen dira hitz bilakatu bitartean. Eta paisaiaren barruan, izan urbanizatua edo basoa, hartzen du arnasa pertsonaia horrek, eta harekin nobelak.
Ez dakigu asko eleberri honetako protagonistaren biografiaz: dakiguna da Ramiro deitzen dela eta hegoaldea duela xede. Lanak huts egin eta etxerako itzuleran da Ramiro, zain duen familiaren ondora. Ez dugu haren iraganik ez etorkizunik ezagutzen, soilik eleberriko peripezien ibili xehean ikusi, hauteman, gogoetatutakoek ematen dute Ramiroren dimentsio humanoaren tamaina.
Literaturaren aterpea edo gaur egungo literaturaren baso ilunean soilgunea gogoko dutenei ederra eta atsegina gertatuko zaie Pello Lizarralderen Elur bustia eleberria.

Subscribe
Notify of
guest

4 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Urnieta 49.2

Literatur lan bikaina Pello Lizarralderen Elur bustia. Kosta egin izan zait beti Lizarralderen idazlanekin aurrera egitea, baina aitortu behar dut oraingoan txundituta utzi nauela kontaeraren edertasunak, maisutasunak, Ramiro nora eta zertara eramango duen jakin nahiaren txirrintxa horrek. Errepideak, bidea ardatz eta ildo hartzen duen kontaeraren edertasun horrek. Benetan lan lortua eta bikaina.

Irun 67.1

Beldur pittin batekin heldu nion liburu honi, Pello Lizarralde beti iruditu baitzait konplexua. Baina lehenengo esalditik lotuta mantendu nau. Deskribapenek, oso ondo eginak, traman barrena garamatzate, nahiz eta ez dakigun nora. Ez duzu ikusten bukaera, zer gertatuko da Ramirorekin? Eta Lontxo? Eta bere ama? Baina irakurketa erraza eta gozagarria. Gomendagarria.

Alegia 41.1

Liburuaren hasierak jarraitzeko gogoa piztu zidan. Bukaerara arte beste zerbait gertatuko ote zen zain egon naiz (familiarekin elkartu, lana aurkitu…..ez dakit ziur zer) eta alde horretatik bukaerak pixka bat frustratu egin nau. Bestalde, esan behar dut ez nuela idazlea ezagutzen eta asko gustatu zaidala idazteko era. Alde horretatik, gomendagarria.

Bilbo 54.3

Oso liburu ederra Pello Lizarralderen azkena. Gozamena izan da irakurketa, nahiz eta argumentua oso sinple eta geldoa izan. Ramiro pertsonaia lan bila joan da etxetik urrun eta etxerako bidean dago oinez, aurkitzen dituen lan txikiak ere eginez. Horixe da argumentu guztia. Baina Pelloren prosa poetiko eta aberatsak artelan bihurtu du argumentu lau hori eta gozagarria izan da Ramiroren ibileraren berri jasotzea, nahiz eta oso gutxi gertatu liburuan.
Pello Lizarraldek berriro erakutsi du bere estilo propioa duela euskal literaturan eta beti jarrituko duela estilo horrekin, gure onerako.
Beraz, guztiz gomendagarria da liburu hau; batez ere, liburu ezberdinak gustukoak dituztenentzat.