Goizuetan bada gizon bat…

3

Izenburua: Goizuetan bada gizon bat…
Idazlea: Patziku Perurena
Argitaletxea: Alberdania
Urtea: 2010

“Goizuetan bada gizon bat… Hunkigarriak, bertsoak. Eta zenbat aldiz ez ote ditugu kantatu hainbat afalondotan. Izanez ere, horren ederki paratu zizkigun Mikel Laboak, hautspetik atera eta […]. Goizuetako kanta xahar horren sustrai bila, hasi banintzen hasi, jainko ttikiak bestek ez daki, zenbat buruhauste ibili izanen dudan geroztik, beste hogeiren bat urtez edo, hara eta hona, maitale liluratua bere guzizko maitearen atzetik bezalatsu…”. Halatsu deskribatzen du autoreak ikerketa lan erraldoi honen abiapuntua eta garapena. Aitortu beharra dago liburu honen orrialde bakoitzean antzematen dela autorearen pasioa, grina eta jakin-mina eta asmatu egin duela ageri diren leku eta gertakari ilunez irakurlea liluratzen.
Ez da hau, hala ere, Trabukoren historia tristearen kontaketa hutsa, hori bada ere abiapuntua. Atari eder bat da bestela inongo historia-liburu marduletan ateratzen ez diren herritar xume aspaldi hildakoen grinak, maitasunak eta bizimodua ikasteko, burdinolen inguruko elezahar ilunak ezagutzeko: olajaun eta meatzarien arteko istiluak, noble eta bilau arteko espak, arrazakeriak, amodio eta gorroto kontuak, heriotzak…
Goizueta eta inguruko herri eta auzo, leku eta jendeak dira liburu honetako pertsonaia nagusi, baina aise ikus daiteke Euskal Herri berdeko beste hainbat eta hainbat herri, auzo eta jende Goizueta eta inguruko horien baitan.
Liburu hau irakurtzen duenak ez du modu berean entzungo Mikel Laboa kantari: Goizuetan bada gizon bat…

3
Iruzkina idatzi

avatar
3 Comment threads
0 Thread replies
0 Followers
 
Most reacted comment
Hottest comment thread
3 Comment authors
Urnieta 49.2Zarautz 73.5Azkoitia 76.1 Recent comment authors

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Berriena Zaharrena
Harpidetu
Urnieta 49.2
Urnieta 49.2

Gustora irakurri dut Perurenaren azken lan hau, gustora bildu naiz bere Goizueta, Elama, Leitza eta inguruko ikerketa hauetara guztietara eta bere hipotesi gehienak oso zentzuzkoak iruditzeaz gain hainbat datu filologiko oso interesgarri irakurri diot. Egia da Berdabioko hilketaren kontu horrek, Laboaren kanta ederra medio, ni ere ikaragarri erakartzen ninduela eta agian besterik itxaroten nuen arren, berdinduta geratu naiz Patzikuk eskaini digun ikerketa eskerga horrekin. Hori baina, akademiakideek eman dituzten iritziak irakurri ditut eta arrazoirik ez zaie falta, ildo jakin bati jarraiki egindako azalpen deduktiboa baino datu hustuketa baita maiz eta haria jarraituko duen kristorik ez dago. Nik, baina, jarrera aktiboa… Gehiago irakurri

Zarautz 73.5
Zarautz 73.5

Datu larregi emoten direz eta ildoa dexente galdu egiten da leidutakoan.Interesgarriak dira emoten diran datu asko, baino helburua zeharo galdu egiten dela uste dot…Ez nuke esango segituan irakurtzeko liburua danik. Noizonoiz harera bueltatzekoa baino, indarra eukinez gero behintzat…

Azkoitia 76.1
Azkoitia 76.1

Udan hasi nintzen irakurtzen eta mardulegia iruditu zitzaidan. Idazleak bertan azaltzen duena oso hurbilekoa zaiola argi dago baina niri gehiegizko datu bilketa iruditu zitzaidan. Saiatu nintzen jarraitzen baina hiru aldiz ekin nion eta laga egin nuen. Leitza ingurukoentzat agian oso baliagarria eta entretenigarria izango da.