Kontrarioa

6

Izenburua: Kontrarioa
Idazlea: Lander Garro
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2010

Raul Oliveirak xakean eta edaten pasatzen ditu arratsak Oskar adiskidearekin, amodio ezinbestekoetatik ihesian, idazle izateko ametsekin zorabiatuta. Oreretako Pontika auzo bazterrekoan bizi da amarekin, baina aurki lanen bat topatu ezean ostikoz botako du etxetik.
Amaitzear da urtea, aro berri bati ekin behar diolako estutasuna bultzaka ari zaio, eta nora gabe horretan patuari izkin egiteak zaila dirudienean, Gabriela ezagutuko du, Jose Zarate margolariaren emaztea: argi izpi batzuen bristada.
Behin eta berriro malurretan izan denak bozkarioa ote du esperoan? Bizimodu malapartatu honi lepoa ebaki behar dio.
Irribarrea kilikatzen duen istorio petrala da “kontrarioa”, makurkeriara bezainbat lerratzen dena umore eta parodiara, beti kontrastez josirik, samurtasunez bezala mingoski. Galtzaile baten ibili piperrak kontatzen ditu Lander Garroren lehendabiziko nobelak.

6
Iruzkina idatzi

avatar
6 Comment threads
0 Thread replies
0 Followers
 
Most reacted comment
Hottest comment thread
6 Comment authors
Amasa-Villabona 1.1Burlata 17.1Galdakao 55.1Ordizia 72.1Erratzu 14.1 Recent comment authors

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

  Subscribe  
Berriena Zaharrena Bozkatuena
Harpidetu
Galdakao 55.1
Gonbidatua
Galdakao 55.1

Raul Oliveira gazteari idazle ospetsua izatea gustatuko litzaioke. Kazetarien galderak jasotzearekin amesten du “Nobel Sarirako lehen hautagai euskalduna”-k.

Momentu hori heldu arte bere galtzailearen bizitza igarotzen da eta Raulek beti kontrarioak aurkitzen ditu: Xakean, amodioan, etxean, lanean…

Lander Garroren lehendabiziko eleberriak gure inguruan dauden gazte askoren bizitzak islatzen ditu: Porrota hitza beti buruan eta baliabide gutxi haien eskuetan.

Zapore mingotsa utzi dit istorioak baina Garrok nahi zuena agian hori zen. Nire kasuan idazleak lortu egin du. Zorionak.

Ordizia 72.1
Gonbidatua
Ordizia 72.1

Ez hotz, ez bero
Landerren nobelako pertsonaiak eta egoera oso sinesgarriak egin zaizkit hasiera-hasieratik: auzoa, garaiko erreferentziak, liburu-saltzailearena (garai hartan edo lehenago basura-poltsak saltzen ibiltzen ziren gazte-taldeak etorri zaizkit burura). Raul eta Oskarren adiskidetasunak, Paulak, Gabrielarekin sortutako istorioak… gehiagorako ere eman zezaketela esango nuke, ordea. Nolabait esateko, protagonisten mikaztasunean murgildu eta hortik atera ezinda geratu naiz, triste eta ozpindua, noraezean. Horrexegatik, ez dakit gustatu zaidan ala ez.

Burlata 17.1
Gonbidatua
Burlata 17.1

Irakurri dudan bitartean liburuak tristurara erakarri nau. Landerrek kontatzen digun istorioa errealista da eta agian, horrexegatik triste dirudit. Tristea da istorioaren kokalekua:langile-auzo batean;triste protagonistaren egoera pertsonala, baita amarena ere, triste eta amorratua. Lehen begiratuan itxaropenik gabekoa. Raul amarekin bizi da baina harreman txarra dute haien artean:Raulek nahiago luke amarengandik urrun bizi eta amak nahiago luke semearen egoera ezberdina balitz. Raulek ez du bere leku emozionala aurkitzen. Zabor-lana aukeratzen du nahiz eta aukera gehiago izan; aldaketa egin nahi du baina ez daki nola egin. Idazle izateko ametsetan bizi da baino hori lortzeko ahaleginik egin gabe. Gogoeza nabaria. “Bitxia da zerbait egin… Gehiago irakurri

Amasa-Villabona 1.1
Gonbidatua
Amasa-Villabona 1.1

Gure gazte ozpinduak ‘Gure gazte ozpinduak’ izenburua jarri zuen Bixente Serrano Izkok Berrian egin zuen iruzkinean, eta erabat ados nago izenburu horrekin, gazte ozpindu batzuen biziera kontatzen baitu eleberriak, Raul Oliveira buru dela. Hogei urte inguruko gazte batzuk dira, bere buruarekin eta ingurukoekin borrokan dabiltzanak. Ikasteari utzi egin dio protagonistak, ez du behar bezalako lanik bilatzen eta etxean ere bere amak ez du bakean uzten. Egilea bera jaio zen auzoan dago girotua, beraz, bere gazte garaiko giro hori sortzen du, nahiz eta alde batera uzten duen garai horretako gatazka politikoa. Ez dut esango gustatu ez zaidanik, bai, ordea, ez nauela… Gehiago irakurri

Erratzu 14.1
Gonbidatua
Erratzu 14.1

Beno, iritzi kontrajarriak ditut lan honen aitzinean. Gustatu, gustatu egin zait, aitortu egin behar dut. Halere ez du lortu akabera arte konbentzitzea. Beharbada bere lehendabiziko lana izanda oraindik hondu behar. Interesgarria liburuak etxez-etxe ibilitakoan kontatutako pasadizoak; dibertigarria hainbat kontakizunetan,…

Bilbo 54.3
Gonbidatua
Bilbo 54.3

Oso liburu entretenigarria Lander Garroren lehen eleberri hau. Lastima hain azkar amaitzea. Izan ere, Oliveira, Oskar eta Paularen pertsonaiek gehiagorako ematen zuten, baina liburua supituki amaitzen da, irakurlea asegabe utziz. Hala ere, Garrok jarraitua izateko moduko idazlea dela erakutsi du. Beraz, oso gomendagarria liburua, baina istorioak luzeagoa izatea merezi zuen.