Txistu eta biok

6

Izenburua: Txistu eta biok
Idazlea: Juan Luis Zabala
Argitaletxea: Algaida
Urtea: 2016

Berria egunkarian kultura arloko kazetaria da Txistu eta biok nobelako pertsonaia nagusia. Albaitariak Txisturi, etxeko txakurrari, gaitz bat diagnostikatu dionean, harekin duen harremanaz idazten hasi da. Lanetik aparteko idazketa libreari gustua hartuta, bere beste hainbat kontu jorratzeari ekiten dio. Kulturarekiko sentitzen duen desatxikimendua du aipagai nagusietako bat; desatxikimendu horren frogatzat du, adibidez, José Saramagoren heriotzaren berri Radio Marca entzunez jakin izana. Ilunabar batez, Txisturekin etxe inguruko paraje bakarti batean paseatzen ari dela, hilotz bat aurkitu, eta horrek, ustekabean, trama poliziako patetiko samar batean barneratuko du kazetaria. Tramako gertakarien kontaketa gai askori buruzko gogoetekin uztartuko du: konpromiso politikoa, Euskal Herriko gatazka, xenofobia, aporofobia, feminismoa, zoriontasuna, alienazioa.

Subscribe
Notify of
guest

6 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Portugalete 62.1

Besterik gabe irakurtzen den liburua da “Txistu eta biok” Erraz irakurtzen da, baina ez dut esango horregatik liburu ona denik, ez bada erraza izate horrek lagu dezakeela irakurtzera ohitua ez dagoen bat irakurzaletzera.
Plano ezberdinak daude lotuta: txakurrarekikoak, gogoetak eta intriga. Lotura ez zait niri oso-oso naturala iruditu, pitin bat bortxatua baizik.

Irun 67.1

Gaurko gizartearen alor asko jorratu ditu, baina beti txakurraren presentziaren inguruan, Txistu. Kuriosoa izan daiteke txakur jabe guztiak berdinak direla sinisten dugulako, eta honen bidez beste alor batzuk azaltzen zaizkigu. Baina azkenean ahul xamar geratzen da. Trama beltza ere oso ahula da.

Santurtzi 53.1

Michel de Montaigne (1533-1592) idazle frantziarrak Essais, “Saioak” jarri zion izena bere obrari, eta izenarekin batera generoa asmatu zuen. Horixe ikas daiteke Batxilergoan, Literatura Unibertsala (Iñaki Aldekoa eta Mari Jose Olaziregi, EIZEI-Erein, 2012) liburuan eta irakasgaian. Irakurri ere, irakur daiteke bazekiela Montaignek detaile txikienari ere etekina ateratzen, gauza hutsalena ikasbide bihurtzen, eta s Saioa genero irekia dela, bertan gai asko sar daitezkeela: politika, filosofia, pedagogia, lana, ohiturak eta abar; eta gauza horietaz guztietaz mintzatu zela Montaigne bere liburuan, modu labur eta atseginean mintzatu ere.
Antzeko zerbait egin du Juan Luis Zabalak bere azken lanean, Txistu eta biok obran, hain zuzen ere, zeinarekin XLI Irun Hiriko Kutxa Literatura Saria irabazi duen. Eta epaimahaiak eleberri modalitatean saritu arren, eta liburua plazaratu duen Algaida argitaletxeak azalean dagoen “eleberria” hitzarekin genero horretan kokatu badu ere, lan hibridoa da, paragrafo honen hasieran esan dudanez saiakera generoari dagozkion ezaugarri asko ditu-eta.
Izan ere, autoreak Txistu bere txakurrarekin egiten dituen paseoetako hausnarketak; lanera autoan doala, Radio Marca entzuten duen bitartean bururatzen zaizkion gogoetak; edo Zelaia (ala Celaya?) erdaldunarekin izaten dituen solasaldiak, aitzakia dira konpromiso politikoaz, Euskal Herriko gatazkaz, xenofobiaz, feminismoaz, zoriontasunaz, alienazioaz, futbolaz, euskal kulturaz, bere ogibideaz, bere familiaz… hitz egiteko.
Liburuari “gorputza” emateko asmoz, bi istorio sartu ditu narrazioan, “azenario” moduan, bere hitzetan: errumaniarraren hilotzarena eta Karolinarekin duen maite-aferarena, bi-biak asmatuak, egileak aitortu duenez, eta segur aski interes gutxienekoak.
Zabalak berak, pasa den azaroaren 17an BERRIAn idatzitako iritzi-artikuluan, Hirudi izeneko zutabean eta Literatura ez da esanekoa tituluarekin (baita bere liburu honetan ere, nolabait), gaur egunean autofikziorako dagoen joeraz hitz egiten digu, eta alter ego-ak erabiliz, egileek haien bizipenez ez ezik, haien gizarteaz eta garaiaz, are irakurtzen ari garen liburuaren sortze-prozesuaz ere.
Liburuaren une zehatz batean, autoreak, kexa-itxurazko tonu arin batez, bere burgesamendua, bere konformismoa, ateratzen ditu hizpide: senarrak, emazteak, semeak eta TXAKURRAK!!! osatutako familia klasikoa; hiriburuko langileen auzo bateko etxea; ibilgailu utilitarioa; jadanik betetzen ez ote duen lanpostuan aritzea…
Badirudi etsipenez oroitzen dela Azkoitiko gaztetxean bizi izandako garaiaz eta mugidez, Galdu arte (Susa, 1996) liburuan hain ondo erretratatu zituenak, eta Pipi pertsonaiak (obra honetako orduko bere alter ego-a, institutuko hitzaldi batean kontatu zigunez) eta gainerako protagonistek edukitzen zituzten ametsez.
Liburu entretenigarria, gomendagarria, irakurtzeko erraza. Balizko irakurlea damutuko ez delakoan nago.

Azkoitia 76.1

Liburua oso kapitulu motzez osatuta dago, oso erraz irakurtzen direnak. Liburuaren ildo nagusia txakur bat eta bere jabearen arteko harremana da. Beste bi adar ere baditu, etorkin baten hilotza aurkitzen duenean eta emaztea ez den emakume batekin daukan harremana.
Hiru adarretatik nagusiena, gustatu zait, ez horrenbeste beste biak. Txakurrarekin egiten dituen paseoetan sortzen zaizkion burutazioek jabearen kontraesanak azaleratzen dituzte (etorkinekiko jarrera, kultur kazetaria izan arren futbolak sortzen dion erakargarritasuna…), kritika/autokritika gordina eginez. Kapitulu hauen amaiera askotan esaldi borobil/gogoangarri dexente aurkituko dituzu.
Ezin horrelakorik esan beste bi adarrez, ez zaizkit sinesgarriak egin.
Oso erraz irakurtzen denez, aste bukaera edo zubi batean irakurtzeko liburu ezin aproposagoa.

Donostia 47.3

Liburuaren kontrazalak hauxe dio: “Disimulurik gabeko alter ego bat baliatuz, neure buruaz hitz egin dut, horrela neure gizarteaz eta neure garaiaz ere ari nintzela pentsatuta”, adierazi du egileak.

Protagonista Berria egunkariko kultura arloko kazetaria da, 25 urte eman ditu lanbide horretan, eta etsituta dago kulturarekin. Kultura arloko jende interesgarri asko elkarrizketatu arren iruditzen zaiolako bere bizitzan ia ez dela ezer gertatu. Hara zer dioen 67. orrialdean : “Kultura, egun eta hemen, hamarretik bederatzi eta hiru laurdenetan gutxienez, merkataritza, turismoa eta erakunde ofizialen propaganda da; edo, onenean, denborapasa entretenitu, atsegin eta kontsolagarria norbanako desaktibatu, desartikulatu eta automizatuontzat. Denok esaten dugu, aho betean, kultura oso aberasgarria dela guretzat eta gure gizartearentzat, baina errege hori biluzik ikusten dut nik, gero eta biluziago, inor ganoraz janzteko gero eta ezinduago”.

Horiek horrela, gehiago limurtzen eta asebetetzen du futbolak, Realak, kirolak, eta kirol-kazetari izan nahiko luke protagonistak. Ezagutzen dut bat baino gehiago, batez ere neskak, bere burua kulturazaletzat daukana eta erdi-erdeinuz begiratzen diona kirolarenganako grina erakusten duenari, edo kirolaz irakurriz eta kirola ikusiz gozatzen duenari. Eta idazleen artean ere bada bada neska horien tankerako bat baino gehiago. Horregatik, harri eta zur utzi nau Juan Luis Zabala idazlea eta kazetariaren aitortzak, nola Realak alaitzen dion eguna, edo ozpintzen… Zeinek esan! Agian hemendik aurrera euskal idazle gehiago hasiko da kirola literatura lanetan txertatzen osagai gozo modura.

Osagaiez ari naizela, liburu honek badu bat aipatzea merezi duena: beste Donostia bat erakusten duela, bazterrekoa, sub-auzo deitzen dio Zabalak, eta da Txomin Enea. Donostia hobeto ezagutzen du lagundu dit nobelak, berriki nire lagun batzuen auzo bihurtu dena hobeto ezagutzen. Eta ikasi dut, ikasi edo, Donostiatik abiatuta paseo ederrak egin daitezkeela Erenteria edo Pasaiaraino, txakurrarekin edo txakurrik gabe.

Txakurra, Txistu, da nobelaren beste protagonista nagusia. Oro har, gustatu zait protagonistak txakurrarekin duen harremana. Batzuek ia senideen pare dauzkate etxeko animaliak, ia gabe, baina Txisturen jabeak ez, eta hori gustatu zait. Gustatu zait semea gehiago maite duela txakurra baino. Gustatu zait hori esateko edo iradokitzeko ausardia izatea: ez dela berdin pertsona edo animalia, hori adierazteko ausardia. Liburu hau ausarta da, biluztu egin da Zabala bere alter egoa baliatuz. Liburuak idazlea bera, eta bidenabar neu, hobeto ezagutzen lagundu dit.

Eta idazleari Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batek beste laguntza-klase bat eman zigun. Elkarrizketa horri esker dakigu nobela honetako bi kontu bederen fikzio direla, Karolinarekikoak eta hilotzarekikoak. Izan ere, Zabalak, nobelan zerbait gertatu behar eta, berak dioen bezala, bi azenario jarri dizkio irakurleari. Hilotz errumaniar bat, gorpu bat, eta infideliate bat. Bi azenario hauek aitzakia bat dira beste guztiaz hitz egiteko: bizitzaz, euskaraz, politikaz, gizarteaz… kulturaz. Ea hurrengoan azenarioei tarte handiagoa eskaintzen dien.

Bilbo 54.3

Aspaldian jorratu gabeko eremura itzuli da Juan Luis Zabala, helduen literaturara, hain zuzen. Irun saria eskuratu du liburu honek eta ondo merezita du sari hori. Izan ere, oso gustura irakurtzen den liburua da, baita erraz eta arin ere.
Txistu txakurra aitzakiatzat erabiltzen, Zabalaren alter egoaren bizitza kontatzen du eleberri honek. Kultur-erreferentzia piloa tartekatzen du, baina hori ez da batere astuna, oso aberasgarria baizik. Amaiera ustekabekoa da eta oso zapore ona uzten du liburuak.
Ondorioz, guztiz gomendagarria Juan Luis Zabalaren azken liburu hau.