Gizajoen katalogoa

2

Izenburua: Gizajoen katalogoa
Idazlea: Joxean Agirre
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2016

Nobela bat idatzi nahi du gizonezko protagonistak, bera joaten den literatura-tailerreko irakasle emakumezkoak hartarako dohainak dituela esan diolako; idazlegaia bere gizajo gogokoenen galeria bat biltzen haten da, koitadu kutunen pasadizoekin ganorazko zerbait egingo duelakoan; horrekin batera, bere emaztearen eta alabaren istorioak kontatzen dizkigu, elkarri beren maitaleei buruzko konfidentziak egiten ibiltzen direnak, baita emaztearen ahizparekin duen harremana ere… Erotismoarekiko eta literaturarekiko pasioak eskutik helduta doaz nobela osoan, sentsualtasun fin eta umore mehe bat darizkio orri bakoitzari, baita literatura-munduaren eta bereziki autofikzioaren parodia ere, Agirre bera eta beste idazle batzuk bertan agertzeraino. Hitzaren festa bat dugu, azken batean, aldi berean marjinetan geratzen diren idazleekiko eta zirrikituetan garatzen diren letrekiko maitasuna pizten duena.

Subscribe
Notify of
guest

2 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Mutiloa-Aranguren 34.1

Liburuaren protagonista da literatura tailer bateko irakasleak eleberri bat idazteko gauza dela sinetsarazi dion jubilatu bat. Eleberriaren gaien gainean ez da ezustekorik izan, Agirrek bertzeetan erabili ohi dituenak hemen ere ageri dira: literatura, idazle lanbidea, bikotekidearekiko gatazka, sexu aferak, ameskeriak, gurariak, alegiazko egoerak. Gizajo baten bizipenak, gorabeherak eta pasadizoak alegia. Egilearen obsesioak, nonbait. Baina, kasu honetan, bertze pertsonaiekin osatzen du eleberriari izenburua ematen dion gizajoen katalogoa. Iduri du Agirrek bere idazle eskarmentuaz baliatuta idazten dituela eleberriak, baina honetan egile bera da pertsonaietako bat. Eta, ohi duenez, ironiaz, parodiez eta karikaturez osatuta dago kontakizuna. Ezin uka daiteke egileak baduela istorioak kontatzeko dohain berezia, eta gainean hagitz euskara naturalean, mintzatutik arras hurbilekoa. Horrek beti eman dizkie arintasuna eta hozkirria bere eleberriei. Oso eskertzekoa, bertzalde. Eleberri honetan, ordea, erabili du tresna bat edo, haritik behin eta berriz atera nauena eta bilbea erosotasunez segitzea galarazi didana. Protagonistak, tailerreko etxeko-lana edo ariketa gisa, bitxikerien entziklopedia txiki bat egiten ari da eta irakasleari aleka ematen dio, liburuaren hainbat pasartetan agertzen direnak. Aldizkako digresio hauek izan dira niretako gainditu beharreko nolabaiteko hesi batzuk eleberriari ongi jarraitzeko.

Bilbo 54.3

Beste liburu bat ekarri digu Joxean Agirrek eta besteak bezain ona dela esan behar da. Agirre oso idazle berezia da eta bere liburu bakoitzak bere estilo propioari jarraitzen dio, modei kasurik egin gabe.
Liburu honetan hiru plano ikusten dira: idazle bihurtu nahi duenaren istorioa (narratzailea bera), beronek egiten duen gizajoen katalogoa eta egiten duen entziklopedia txikia. Bitxikeria gisa, benetako Joxean Agirre eta Kirmen Uribe agertzen dira liburuan, pertsonaia moduan fikzioan sartuta.
Narratzailearen istorioaren muina, literaturarekin batera, hirugarren adinetik hurbil dauden maitasun balentriak dira, narratzailearean eta Agirrerenak barne.
Nahiz eta katalogoa eta entziklopedia tartekatzeak narratzailearen istorioari galga jarri, batzuetan eskergarria da beste istorio txikiak irakurtzea. Beraz, oso ondo daude harilkatuta hiru planoak.
Ondorioz, guztiz gomendagarria da liburu hau, Joxean Agirreren gehienak bezala.