Moroak gara behelaino artean?

7

Izenburua: Moroak gara behelaino artean?
Idazlea: Joseba Sarrionandia
Argitaletxea: Pamiela
Urtea: 2010

Joseba Sarrionandiaren liburu ezberdina duzu Moroak gara behelaino artean? hau. Bereber hizkuntzaren lehenetako gramatika egilea den Pedro Hilario Sarrionandiak piztutako jakin-minetik abiatuz, liburua saio-lan anitza eta sendoa da. Bertan aurkituko dituzu pertsonaia historikoak eta gerla kolonialei buruzko gogoetak, aitormen pertsonalak eta iritzi politikoak, biografia bitxiak eta pasadizo sinesgaitzak, hizkuntzei buruzko ideiak…

Subscribe
Notify of
guest

7 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Urnieta 49.2

Josebaren liburua irakurtzea bezain interesgarri eta deigarri gertatu zait liburuari buruz urte hauetan akademiako kideek egindako iruzkinak irakurtzea, Gazteluko akademiakidearena, kasu. Eskertzen ditut zinez iruzkin horiek guztiak, geure burua hobe ezagutzeko baliagarriak gertatzen zaizkit oso; ironiarik gabe diot hori. Nik hirugaren edizioko alea irakurri dut, urte batzuk bai baitira erosi nuela, beti liburuari noiz helduko… eta heldu nion azkenik… Patxadaz heldu ere. Neuk ere oso gustora egin nuen aurrera liburuaren erdialderaino baina, une batean, pertzan gero eta gai gehiago sartzen zirenaz jabeturik aztoratu ere egin nintzen eta moteldu egin behar izan nuen irakurketa edukiak mamurtuz egoki neuregana ahal izateko…
Azkenerako, adinean aurrera eta eskarmentuz eskarmentu goazenek jotzen dugun krisi existentzialaren aurrean Sarrionandiak emandako erantzuntzat jo dut obra bikain hau, izatez bikaina baita, bere horretan, neurriz eta, batez ere, edukiz.
Nik bere irakurketaren gauza asko partekatzen ditut; ez denak. Larramendirekin nahi eta ezina badarabil, andoaindarrari buruz XX. mendean hainbatek erein zituen aurreiritzi oker eta makurren ondorioz, nik uste.
Zenbatek irakurri ote du? galdetu diot maiz nire buruari, Hirugarren edizioa 1500 alekoa izan zen, argitaratzailearen arabera. Beste horrenbestekoak ote ziren aurreko biak?
Liburu horren 3500-4000 ale saldu izana posible ote? Eta irakurri zenbatek? Behar beste haztatzen ote dugu urrezko aroa bizi duen gure literaturaren uztaz oretzen dugun emaitza?
Bere txikitasunean bizirik iraun nahi duten kultura-gizataldeen ikuspegia osatzeko baliagarri izateaz gain, bizi beharraren patuari erantzunik bilatu nahi dion ahalegina delakoan nago.
Patxadaz… baina heldu!

Zarautz 73.6

100-150 orri irakurrita utzi egin nuen, ezin nuen jarraitu, hura leku, pertsona, liburu eta garai dantza! Baina liburuak erakarri egiten, eta berriz ekin nion (baja luze batek lagunduta, hori ere bai). Beste 50 bat orri irakurrita, uzteko nengoela, hitzaurrea irakurri nuen berriz, azalpenen baten bila: egileak berak diosku lau edo bost liburu egin zitzakeela, eta nik pentsatu nuen hori egin besterik ez, ba, baina gero pentsatu nuen zergatik egin zuen denak bakar batean, nahaspila horretan eman. Eta berriro ekin nion. Irakurketa ordu ia infinitoetan asko jakin dut, asko pentsatu dut, asko harritu naiz, asko kabreatu naiz, asko gozatu dut. Eta behin eta berriz buruan izan dudana zera izan da, Sarrionandia ez ote zaigun (beste behin ere) adarra jotzen ari. Azken bi orrietako hitzak horren lekuko, baina ez irakurri inolaz ere aurreko guztia irakurri gabe, horrela ez baitute graziarik. Eta nik zergatik gozatu dut liburua irakurtzen? Literatura asko daukan testu ez literarioa edo delako. Nirearen aurretik eman diren iritziak ondo azaltzen dute liburua, beraz, ez dago besterik esaten jarduteko beharrik. On dagizuela ausartzen zaretenoi.

Gaztelu 106.1

Nori eta nora begira?
Ez nuen liburu honen kritikarik egiteko asmorik. Ez dut liburu baten kritika inoiz egin. Horregatik ez nituen notak hartu irakur aldian zehar eta agian horregatik zehaztasun eta xehetasun falta zenbait izango dira kritika saio honen herrena. Barkamena eta ulerberatasuna eskatuz hasten dut, bada, kritika.
Kasualitatez amaitu dut liburua. Ehun orrialde irakurririk nituela bertan behera uztea erabaki nuen. Aita Sarrionaindia eta Aita Lertxundiren berri bitxiak gustura irakurri nituen, baina XX. mende hasierako Espainiako eta Espainiapeko Magreb aldeko gorabehera historikoak hainbesteko xehetasunez irakurri beharra zeharo aspergarria egin zitzaidan. Gaia ez dut batere gustuko eta Sarrionaindiaren idazkera zoragarriak baino ez ninduen ehungarren orrialde-mugarri horretaraino ekarri. Orduan denboralea izan zen eta hiru egunez telebistarik eta internetik gabe geratu nintzen (hauetariko bat batere argi-indarrik gabe ere). Kandela-argiz ekin nion berriro bertan behera utzitakoari. Hiru egun horietan berrehundik gora orrialde irakurrita, ezin, bada, gero dena amaitu arte etsi, eta azkenean oharrak eta guzti, oso osorik amaitzea lortu nuen.
Hamaika burutazio eragin dizkit liburuak. Autoreak kontatzen duenaz, baina batez ere kontatzeko hautatu duen moduaz. Lehenbizi basamortu idorra zeharkatu behar da, eta hori lortzen dutenak bakarrik heltzen dira Hitzemandako Lurraldera. Autoreak zer pentsatzen duen jakitera iritsi nahi baduzu kronika historiko hiper-dokumentatu baten eremu kiskalia alderik alde ibili beharko duzu aurrena. Liburua politikaz ez dela ari esan zuenak garbi dago basamortu horretatik haratago iristea ez zuela lortu. Erdipurdiko irakurleak kanporatzeko/antzemateko propio egin ote du autoreak?
Saiakera liburu batean,autoreak, gai bati buruz edo hainbat gairi buruz dituen iritzi eta burutazioak azaltzen ditu. Eta batzuetan ematen du Sarrionaindiak ez duela azaldu nahi zer pentsatzen duen. Aipatu basamortuan barrena sartzera behartzen gaitu aurrena. Hainbat irakurketa-ordu behar dira lehen iritziarekin topo egin aurretik. Hurrena berriz, nekez aldarrikatzen ditu iritziak, bere eginez. Nahiago du besteen hitzak plazaratu, gutxitan oniritzi edo gaitz-iritziz eta gehienetan neutraltasun itxurako aipamena eginez. Nobelistaren ajeak ote ziren pentsatu nuen lehenengo. Nobelistak pertsonaiei mintza arazten dien bezala, badirudi Sarrionaindiak gizarte-filosofo, idazle eta pentsalari ugariren zita-kate amaigabe baten bidez adierazi nahi dizkigula bere iritzi eta usteak. Baina ez dakit, ba, hori izango ote den. Agian lotsatiegi da bere iritziak azaltzeko. Agian apalegi. Nola ulertu behar da bere iritzi gehienak oharren atalean bildurik egotea? Eta oharrak orrialde bakoitzaren behealdean egon beharrean denak bildurik liburuaren azkenean egotea? Liburuaren 542 orrialdeak irakurri ondoren bertan geratu denak ez dezala uste lana amaitu duenik. Oraindik letra txikiago duten azken 160 orrialdeetan daude gorderik autorearen iritzi gehienak eta agian konprometituenak.
Erudizio izugarriko zita ilara luzean zehar hainbat ezaugarri nabarmenduko nituzke, Sarrionaindiaren gustuko gisa,
Konplexutasun nahia sumatzen da bazter guztietan. Sinplekeriaz esandako edo iradokitakoak saihesten saiatzen da. Buruko errotari behin eta berriz jira-bira eragiten dion gogo bat dago atzean.
Txanponaren aurrea eta atzea, biak aztertu eta begiratzeko ariketa intelektuala sumatzen da behin eta berriz.
Egia sendo gutxi batzuk oinarrian jarri eta zalantza errealitatea aztertzeko tresna gisa hartuta dabilen pertsona ematen du Sarrionaindiak. Edo horrela iritzi diot nik behinik behin.

Erdi ezkutuan, erdi disimuluan erdizka esan eta erdizka iradokitzen diren hainbat iritziren artean, bakar batzuk argi eta garbi ageri dira halere, lotsarik gabe eta lotsagabe esanda. Hauen artean nabarmenena, txiki eta azpiratuak ez direla errudun. Seguru aski liburuan zehar gehienetan errepikatzen den ideia. Horren arabera antolatzen dira autorearen filia eta fobia lausotuak. Hori da bere lan osoaren ardatza. Horren arabera antolatzen dira oposizioak eta paralelismoak, ulerberatasunak eta bizkar-emateak.
Sarrionaindiaren iritziak komentatzen hasi ezkero berriz, ezinezkoa zait neronen iritzien prismatik kanpo jardutea. Bego hau esanda, tranparik gabe zintzo jokatzearren.
Txikiak errudun ez direla iriztea, txikiekiko elkartasunezko jarrera badirudi ere, bat egiten du txiki eta azpiratuen menderakuntzarako oinarri ideologiko nagusiarekin, inperialismoa asmatu zuten kasta indoeuroparren mitologia zaharretan ageri denez. Duintasuna behar da errudun izateko. Errudun izan ezin duenak ez du duintasunik eta duintasunik ez duenak ezin du bere buruaren jabe izan, bere burua gobernatu. Auziak izugarrizko garrantzia du eta ezin gaurkoagoa da, besteak beste, gure herriko kultura politikoan. Txikiari errudun izateko aukera ukatzea, autokritikarako aukera ukatzea da, hobetzeko aukera alegia. Beti txiki, azpiratu eta errugabe izaten jarraitzeko kondena oharkabe eta borondate ezin hobeagokoa. Horren ondorioz, esate baterako, Hego Amerika alderako euskaldunen emigrazio aldia aipatzerakoan Pedro Mari Otañoren kontzientzia hartzea aipatzen digu, baina milaka euskaldunen euskara galtze lotsagarriaz hitzerdirik ez digu esaten ordea. Onerako al dugu jarrera hori ala kalterako?
Uste nagusi horrek galarazten dio tarteka autoreari, gainerakoan kontu handiz, behin eta berriz edozein auziren alderdi kontrajarriak aintzat hartzeko sumatzen zaion jarrera gogoetatsua. Indeterminazioaz eta erlatibismoaz jardungo du, sistema batean behaketa egite hutsak sistemaren egoera alda dezakeela esaten digu, itxuraz baieztapena bere eginez, gure pentsamendua hizkuntzaren eta hitzen esanahien mugetan barrena ezinbestean ibili behar dela kontatzen digu, baina horrek guztiak ezin du estali liburu osoan zehar ageri den manikeismo lurrin etengabearen usain berezia. Adibide bat baino ez jartzeagatik, gizarte filosofiaz jarduterakoan burgesiaren aipamenak gora eta behera ibiliko ditu kontzeptua era bibliko aldaezin eta betierekoan ibili baliteke bezala, duela berrehun urteko gizartea eta gaur egungoa termino berberez deskribatzea zilegi bailitzan.
Txanponaren bi alderdiak aintzat hartzeko ahalegina uka ezina da liburuan zehar. Esate baterako, oharren artean aurki dezakegu honako gogoeta hau, alegia, gatazka egoeran etsaiaren heroiak bandido bihurtu ohi ditugula, eta gure bandidoak berriz heroi. (Bi aldeetan denetarik egon ohi dela diosku, heroiak eta bandidoak). Gogoeta konprometitua, hango eta hemengo gatazken arteko hainbat paralelismo egin ondoren. Ahalegin hori beti bertan suma badaiteke ere, errezeloa dut biktimen biktimismoaz ari delarik ez darabilela gogoan, duela urte batzuk sufrimenduaren sozializazioa aldarrikatu eta inposatu zutenen biktimismoa.
Gehienetan jarrera orekatua eta gogoetatsua agertzen badu ere, zenbaitetan sumatzen zaio errealitatea apurtxo bat bortxatzeko tentaldia, aurrez formulatu nahi den teorian hobeto sartu eta egokitu dadin. Esate baterako, liburu osoan zehar ETA aipatzen duen bakarrean, guardia zibil baten hilketa bat plazaratzen du ekintza arketipo gisa, biktima zibil ugariagoak bazter uzten dituen sinplifikazio errazegian. Edota europar eta afrikarren arteko gatazketako izugarrikeriak aztertzerakoan erabat ahaztuta geratzen zaizkionean europarren arteko gerretan edo afrikarren artekoetan ere izandako maila bereko krudelkeriak.
Dena den, txikiak errudun ez direneko iritzi hori urrunago darama, arrifien honako esaera hau ulerbera eta gaitz-iritzi gabe komentatzen duenean: “Hozkatu ezin duzun eskua, musuka ezazu”. Zeinen urrun irits daitekeen bide horretan barrena! Ez al da zurikeriaren gorazarre hori gure nortasunaren galbidea? Zer dela eta balio izan du beti ETAren hitzak Espainiako gobernuarenak baino gehiago baita espainiarrentzat ere? Hozkatu ezin den eskua musukatuz lortu al da hori?
Tesi nagusi horrekin dudan desadostasunaz aparte, liburuan gutxien gustatu zaidana bere adina da. Antigoaleko liburua da. Antigoalekoa, formatuz.: 700 orrialde letra txiki txikiz, auskalo zenbat hitz. Antigoalekoa, begirada pausatzen duen gaiaren eta garaiaren aldetik. Antigoalekoa autoritate lurrineko zita ugariegiz janzten direlako autorearen iritziak. Antigoalekoa iturrien aldetik. XIX. edo XX. hasierako liburua dirudi. Ez da harritzekoa euskaldunak berandu iristea Historiak plazaratzen dituen hitzordu guzietara, bista atzera begira egoskorki zuzenduta mantentzen badugu (mende eta erdi atzera), etorkizunera zuzendu beharrean. Sarrionaindiak Larramendiri egozten dio, tamalezko adieraz, euskararen etsaiak gogoan hartuta idatzi zuela, haiek gidatu zutela bere lana. Sarrionaindia eta Larramendi biki ikusten ditut bada horretan. Zertan dabil bestela Sarrionaindia Unamunoz eta Sabino Aranaz eztabaidan XXI mendeko bigarren hamarkada honetan? Norentzat? Noiz arte? Noiz hitz egingo digute idazle euskaldunek Lynn Margulis edo Jane MacGonigal andereei buruz? Ehun urte barru?
Sarrionaindia ez da edonor. Idazle paradigmatikoa da. Eta gure paradigmaren ezaugarri nagusienak bildu ditu bere liburuan:
· Autokritikarako ezina. Ezin oharduna eta ideologikoki zuritua. Herri bezala hobetzen eta aurrera egiten eragozten diguna.
· Menderatzen gaituztenen diskurtsoari aurka egin beharra eta horrek eragiten digun atzerakoitasuna. Zama hori kendu ezean beti azken eta berandu ibiltzera kondenaturik gaude.
· Pentsamendu propioa izateko edo adierazteko lotsa. Nahiago dugu besteek esandakoak kopiatu eta erantsi., aspaldikoak izan eta gaurkotasuna galduta izateko arriskua badute ere.
· Gaztelera eta Espainia dira gure leiho nagusiak mundua ikusteko. Gure atzerapenaren arrazoietako bat. Noizko ingelesa euskaldunen bigarren hizkuntza? Arrifiak, sahararrak, sandinistak, maputxeak, … espainiera da gure nazioarteko elkartasunaren ardatza.
Sarrionaindia ez da edonor. Gure idazlerik onena da agian. Pozik hartuko nuke iradokizun hauetakoren bat aintzat hartuko balu.

Lesaka 30.1

Mardula, gordina, potoloa, ederra, pisu haundikoa (zentzu zabalean) Sarrionandiaren liburua, “euskal” eta “moro” jendeen arteko harremanaz, enziklopedia bat kasik, ezta?.

Ikaragarrizko lana; aditua dut laguntza franko izan duela Josebak lan hau burutzeko. Ba autorea bera ezik, laguntzaileak ere eskertuko beharko dokumentazio eta hausnarketa lan honengatik. Ikaragarria. Mamia bera osatuz, 1.400 zita edo ohar literal ditu “bukaeran”, aizu.

(Neuk ez dut bukatu, ez; aldian pittinka irakurtzen ari naiz, eta boligrafoa eskutan, notak hartzen. Eta halere, zenbat gauza ez ihesean !! ).

Moroak gara behelaino artean? /
Arrifi herbesteratuak? /
Uhinaren iskanbilak itsasbeheran /
atzean utzitako apar jadanik lehortua? ?

¿Somos moros en brumas?,
¿rifeños desterrados?
¿las hoy secas espumas /
de una algara del mar en su reflujo?

Norena?: UNAMUNOrena izaki, aizu. Eta horrelako zenbat ustekabe.

Orexa 64.1

Lan gogorra dela uste dut, iIrakurleari ere asko esijitzen diona. Denborarekin, lasai hartu eta apurka-apurka irakurtzeko. Baina, esango nuke, une honetan herri -euskal herri-hizkuntz komunitate-nazio-identitate erreferentzi marko… anabasa horretan guztian ditugun zalantzei aurrez aurre eta beldurrik gabe begiratzeko prest dagoenak, gozatu egingo duela liburu honekin, eta ahaleginak mereziko diola. Literatura pentsamenduaren alorrean ere emankorra izan daiteke. Hona hemen froga.

Gernika-Lumo 38.1

Zoragarrria
Gai asko eta ezberdinak maisuki lotuak eta hausnarketa zoragarriak ageri dira saiakera honetan. Idazlearen senitarteko hizkuntzalari baten harira, kolonalismoas eta hizkuntzaz ari da gehienbat. Liburua ren tamainak izutu bazaitzakeen arren -izan ere nahiko mardula da- oso interesgarria da; sekulako lana. Asko ikasi eta sekula gozatu dut liburu hau irakurtzean. Gure herriaren historia Afrikan (Hegoaldekoena Marokon eta Iparraldekoena Aljerian) ulertzekoa ezinbestekoa. Sekulakoa! Sarrik beti harritzen nau.

Leioa 60.1

Gustura irakurri dut Sarrionandiaren liburua. Sarrionandia egilearena, Josebarena, eta Sarrionandia XIX. mendeko historia eta pasadizoak kontatzeko aitzakia ematen duen liburuko pertsonaia nagusiarena, Pedro Hilariónena.

Liburuan, besteak beste, kolonialismoaren kritika egiten da mende bateko perspektibarekin. Kulturen arteko besarkadak izan zitezkeenak kulturen arteko talkak izan ziren. Kolonialismoren alderik goxoena erakusten zuten Pedro Hilarión bezalako frantziskotarrek baina kolonialismoa zer izan zen, nolakoa izan zen garai haietan kontu egiteko, aukera ona ematen du liburuak, nik uste.

Historia ikasteko eta irakurtzen gozatzeko aukera paregabea eman digu Josebak. Mila esker.

Nolakoa deskribatuko dute gaur egungo kolonialismoa hemendik hamarkada batzuetara?