Orube abandonatuak

3

Izenburua: Orube abandonatuak
Idazlea: Garazi Kamio
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2014

Paraleloan kontaturiko hiru istorio, espazio bera konpartitu arren hiru garai desberdinetan kokatuak, 70 urteko aldeaz. Gerraostean, Belchiteko kontzentrazio-zelaitik itzuli da Mario; ezagunak ditu herria, etxea, emaztea… baina aldi berean arrotz sentitzen da, sentiarazten dute, lekurik eta nortasunik gabe utzi balute bezala. 1989ko Urtezahar egunean, sabela, hozkailua eta etxea ere hutsik ditu Mirenek: heroina atzean uztea lortu du, nola edo hala, baina garesti ordaindu behar izan du bizimodu berri hau. Bere egoera laboral eta sentimental kaxkarra estaltzeko, fikzio bat eraiki du Maiderrek, eta gezur hori sinetsarazi die amari zein lagunei; ispilu aurrekoa uneoro engainatzea zailagoa da, ordea.

Elkarrekin txirikordatzen diren hiru kontakizun, bakardadearen gordina pairatzen duten hiru pertsonaia, nora joan ez daukatenen hiru deserri. Horra Garazi Kamiok bere lehen eleberri honetan eskaintzen diguna, galtzaile guztiekiko sentiberatasunez eta aldarririk gabeko patetismoz.

3
Iruzkina idatzi

avatar
3 Comment threads
0 Thread replies
0 Followers
 
Most reacted comment
Hottest comment thread
3 Comment authors
Bilbo 54.3Zumaia 105.2Andoain 25.4 Recent comment authors

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Berriena Zaharrena
Harpidetu
Bilbo 54.3
Bilbo 54.3

Oso liburu tristea ekarri digu Garazi Kamiok. Hiru istorio kontatzen ditu, zein baino zein tristeagoak. Galtzaileak dira hiru istorioetako protagonistak eta galtzaile izaten jarraituko dute, liburua amaitu arte. Horren ondorioz, penazko zaporea geratzen zaizu liburua amaitzean. Beste aldetik, bikain idatzita dago liburua, bai estiloagatik bai hizkeragatik. Alde horretatik, behintzat, gozagarria izan da irakurketa, nahiz eta istorio mingotsek idazketari irabazi. Garazi Kamio gero eta garrantzi handiagoa lortzen ari da gure literaturan eta, beraz, interes handiz jarraitzeko idazlea bada. Ondorioz, guztiz gomendagarria da eleberri hau.

Zumaia 105.2
Zumaia 105.2

Egileak hiru istorio gogor kontatzen ditu eta horretarako hiru garai ezberdin aukeratu ditu, Mario, Miren eta Maiderren bizitzaren pasarteak kokatzeko. Lehenegoa gerra zibilaren osteko urte ilunak galtzaile baten ikuspuntutik kontatuta dago, bigarrena 80. hamarkadan heroinak hainbeste gazteren bizitza irauli zuen garaian, alegia; eta azkenik, gaur egun krisiaren ondorioz bizitza bikoitza daraman neska baten kontaera. Garaiak ondo aukeratuta daudela esango nuke bakardadea eta galtzaileen bizimodua islatzeko. Gustora irakurri ditut istorio guztiak oso tristeak, gogorrak eta esperantzarik gabekoak izan arren.

Andoain 25.4
Andoain 25.4

Hiru istorio. Hiru istorio ilun, triste. Hiru garai desberdin. Hiru pertsonaia beren bakardadean…Hiru bizipen gordin hauek irakurtzean jarraitzeko premia sortu zait; hala ere tarteka atseden hartu behar izan dut barneko korapiloa eta egonezina askatu eta haize frexkoa hartzeko. Baina nahigabearekin batera xehetasunak hain zehatz kontatuak, Andoain, gure herriko kaleak hain ondo deskribatuak, denboraren arrastoa islatzen duen lumaz marraztuak… Idazleari irakurri nionez, besteek izan dituzten bizipen garratzak irakurtzeak, zu ondo zaudenaren sentsazio gozoa ekarriko omen dizu. Hala ote?