Erlojugilea

10

Izenburua: Erlojugilea
Idazlea: Asier Serrano
Argitaletxea: Txalaparta
Urtea: 2009

“X segundoak” denbora gelditu du garun itxurako Estatuan. Pertsonak, autoak… denak geldi daude infinitua dirudien argazki batean. Eremu mortu horretan, aldiz, jainko txiki bat bezala, aske mugitu ahal izango da nobela honetako protagonista, erlojugilea.
Iragan politikoak eta, batez ere, pertsonalak setiatuta, lehenaldiarekin hainbat kontu kitatzeari ekingo dio hiriburutik alde egin aurretik. Bere ihesaldi bakartia ordea, zentzuz aldatuko da neskatiko bat aurkitzen duenean lehenik, eta gizon bat ondoren. Biek ala biek, erlojugilearen moralaren eltzea sutan jarriko dute, nahita eta nahigabe, eta, geldirik egonagatik ere, denok urria dugun denbora agortzen joango zaio bizitza irabazteko edo galtzeko bidean.
Gurean ia aurrekaririk ez duen ahalegina da Serranoren bigarren eleberriarena. Aldagai literarioen konbinazio ezin pertsonalago baten bidez, ideien literaturaren aldeko hautu indartsua egin du egileak honetan.

Subscribe
Notify of
guest

10 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Azkoitia

Plazerra izan da horrelako liburua aurkitzea euskal literaturan. Diferentea eta bitxia. Asierren esfortzua goraipatu nahiko nuke. Nahiz eta batzuetan esaldi astunegiekin topo egin dudan, giro ilunari ongi lotzen zaizkio. Ideien aldeko poesia hutsa. Akademiakide batek gomendatu zidan moduan gomendatzen dut nik.

Urnieta 49.2

Eleberriaren amaierak apur bat jokoz kanpo utzi nauela aitortuz hasiko naiz, ez nauela bete, ordura arte obran zehar metaturiko gozamenak tentsioa galdu eta neurri batean puxika zulatua balitz bezala dezente hustu zaidala. Baina, horretaz gain, oso obra ona iruditu zait, benetan interesgarria ezagutzen ez nuen Serrano honek landurikoa. Beste iritzi-emaile eta akademiakide batzuek esan dutena ez errepikatzearren Lesakatik jasotako iritziarekin bat nator neurri handi batean bere alderdi guztietan. Bide batez esan, ikaragarri eskertzen ditudala lesakarrarenaren gisako iritzi landuak. Serranoren erlojugilearekin jarraituz, nigan aspaldi somatu gabeko gira sortu du; Kafka irakurri nuen garaietako giroa gogoratu dit. Ederra benetan.

Bilbo

Niri ikaragarri gustatu zait. Egia da hasieran deskolokatu egin nauela: ulertzen ez nituen esaldi luzeegiak, garaiaren ez buru ez hankarik, giroaren astuna, hariari ezin tiratu hori, bere aurreko liburuarekiko espektatiba handiegiak… irakurketa bertan behera uztekotan egon nintzen. Ez naiz damutu segitzeaz. Behin planteatzen duen jokoa hartzen diozunean ezin utzi. Itzela. Maisu lana.

Bilbo 54.7

Ba, ez gatz ez piperrik. Ez zait gustatu, ez dut amaitu liburua. Baina buf, ez, ez zait gustatu, ez diot tankerarik hartu. Bere aurreko liburua gustura irakurri nuen, baina honek ez dauka zerikusirik horrekin.

Las Karreras 57.1

Gustura irakurritako liburua Asier Serranorena. Ukitu bitixia eta egoera bereziak dituen liburu gomendagarria zalantzarik gabe.
Ez dakit non irakurri nuen trilogia bat prestatzen ari omen dela Serrano eta liburu hau bigarren tokian egongo litzatekeela.
Galdera ezberdinak eta morala korapilatzen dira liburu honetako orrialdeetan…

Zarautz

Izugarri ederra. Benetako literatura maite duen edonori gomendatzeko modukoa. Ez dut nik behintzat horrelakorik sekula irakurri euskal letretan. Poesiaz betea eta aldi berean irakurtzeko erosoa. Harritzen jarraitzen nau Serranok, ez bakarrik musikagintzan baita literaturan ere.

Lesaka 30.1

arne munduaz ari da Erlojugilea; etikaz, zibilizazioaz eta balore moralaz. Eta horretarako, fikziozko mundua du asmatzen autoreak; asmatu, sortu, eraiki. Erabat irreala, erabat alegorikoa…Ur haunditan sartu da Asier Serrano, doike.
Argumentua, mamia: Protagonista, Erlojugilea, bakardade emozional gorritan bizi da, iraganean itota. Eta bat-batean, istripua gertatzen da eta, hara: “x segundotan”, izoztuta gelditzen dira denak, paralizatuta, gaitzak jota, ez-hil eta ez-bizi, manikiak bihurtuta. Denak, erlojugilea bera ezik. Bera eta bere mamuak eta txakur ustel-jaleak. Eta hortxe hasten dira egin beharreko aukerak (zein salbatu, zein abandonatu), galderak, erantzun ezak… bere bidai partikularra, “aitaren uniformea jantzita”. Bidai partikularra eta aldi berean bidai unibertsala: atzean utzi gogo iragana (hiria), gorrotoak eta herrak espresatu nahia (esan beharreko katarsikoak aitari, gobernadoreari, ugazaba, zibilizazioa…), ihesean eta bila, itsasorantz, amaren errautsak altzoan, Enola neskato ttikia moralki salbatu beharra, alter-ego arrotza bidelagun (moralarik gabekoa) ispilu…
Niri ez zait oso gustuko fikzio mundua, ez nau engantxatzen; baina goraipatu nahiko nuke Asier Serranoren ausardia eta gaitasuna halako mundu metaforikoa sortzeko. Eta euskaraz. Lan haundia egin du eta asko landu du; argumentuak berak eta metaforek eta deskripzio ezberdinek interesgarria egiten dute eleberria, nahiz eta intentsitate gora-behera franko izan badituen, agian barroko antxa, deskripzioak usu (halabeharrez, egoera ez-ohikoaren argazkiak egiteko).
Erabiltzen duen hizkera: ona, asko landu du hizkera ere, nabari da. Fantasiazko mundu hori kontatzea eta helaraztea, bada zerbait gero.
Asko gustatu zaizkit bere esaera labur eta aski espresiboak: “Oinutsik eta bular gorritan”, “arnasa berritzen”, “hil-hurren ”, “gorputz enborra”, “lo alperretan”, “denbora geldituaren sarea josten”, “arraunak uretan beratzen utzi”…
“Purismo” batzuk antzuak iduritu zaizkit: “motorraren biltegia” (=depositoa), “errekrutak” (=reklutak), edo “atso autubatzailearen”(autu+batu+tzaile), adibidez.
Eta amorrazi naute esaldi korapilatuak: “Bilaketa antzuaren errezeloa areagotu zitzaion, ordu estren ordainetan jasotzeko dirua gordetzen zuen orririk gabeko liburu faltsu ezkutatua haritzezko mahaiaren gainean etzanda kausitu zuenean”. Harrapazak hori. Bai, badakit: SOV jatorra, baina esanahia deskodifikatzen hasteko, bitan edo hirutan edo lau aldiz irakurri behar.
Nire idurikoz.

Irun 67.1

Bitxia. Gustura irakurri dut nahiz eta hasieran lekuan eta garaian kokatzea kostatu. Hori izan da liburu honetatik erakarri nauena: zenbat kostatu zaion nire burmuinari bi gai horiek lotzea, tokiaren deskribapena ez zetorren bat garaiarekin! Kotxeak eta erloju digitalak ezin ziren hori egon! Eta bukatu arte ezin asmatu zer gertatu zen.

Asteasu 27.1

Hizkuntza aberatsa (hiztegiarekin irakurri behar izan dut), esaldi metaforiko borobilak (oso politak, azpimarratu eta eleberritik atera eta erabiltzeko modukoak), idazkera aberatsa… Istorioa berriz kuriosoa eta batez ere gogorra esango nuke.

Bilbo 54.3

Oso liburu on eta ederra ekarri digu Serranok, benetan. Gaia guztiz berria da euskal literaturan eta idazkera oso ederra. Kritika bat egitearren, batzuetan oso esaldi luzeak erabiltzen dituela esango nuke. Oso denbora laburrean irentsi dut liburua eta, nahiz eta amaierak pixka bat dezepzionatu, biziki gomendatzen dut.