Istripuak

3

Izenburua: Istripuak
Idazlea: Agustin Arrieta Urtizberea
Argitaletxea: Alberdania
Urtea: 2008

Denok uste dugu biharamuna gainerako egunen antzekoa izango dela, hau da, altxatzeko eta ibiltzeko gai izango garela, ohiko jendea eta tokiak ikusiko ditugula, etengailua sakatuz, argia berdin-berdin etorriko dela, eta eguzkia aterako dela ekialdetik. Baina istripua, ustekabea, hor dago…

Hemezortzi ipuinez osatutako narrazio-bilduma da Istripuak. Era askotakoak daude, luze samarrak eta orrialde betekoak ere bai. Badira elementu surrealistak dituztenak, atmosfera magiko batean bildutakoak, kezka eta herstura eragiten duten alegoriak, zientzia fikzioko tantak eta zaparradak; baina badira egunerokotasun arrunta ezin hobeto islatzen dutenak ere, hautsez betetako errepide bazterrean bizi diren pertsonaiak, hiriko giro bizkorrean…

Iragan bat dute Agustin Arrietaren pertsonaiek, iragan bat oraingo aldia baldintzatzen dietenak. Iragan bat dute pertsonaiek. Ba ote dute etorkizunik?

Subscribe
Notify of
guest

3 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Jon Itxasko

KRITIKA: ISTRIPUAK IPUIN BILDUMA BAT BAINO ZERBAIT GEHIAGO “Istripuak” ipuin zerrenda bat bezala nire eskuetan agertzen da, non istripuaren aukera errealitatea bihurtua pertsonaien bizitzak aldatzeko gauza den, baita gureak ere. Istripu hauek irakurketen aniztasunaren ardatza eta kohesioa bilakatzen dira, baina istripuak narrazioak markatzen duen heinean, narrazio hauetan bizitzak menderatuta agertzen dira patu ekidinezinetara, ezkortasunez osatutako etzipena azaleratuz, non bizitzak gertakizunen menpe gelditzen diren. Ezkortasun hau narrazioen normaltasunaren poderioz desatsegina bihurtzen da, asaldura motaren bat barneko mintzoan piztuz. Alferrik agian? Eskerrak noizbehinka testuak irribarreren bat lapurtzen digun. Bizitza hauek iraungitzen dira, gure existentziaren hauskortasuna erakusten. Azken finean, aurkeztutako narrazioak, baita futuristarenak ere, gure egunerokotasunaren laginak besterik ez dira. Bizitzarekin bukatzen diren istripuak dira. Pertsonaiak eragileak dira, baina denok daukagun izatearen geldotasunekin eraikita, izan ere, gertakizunak inoiz hartuko ez gintuzten erabakiak hartzen behartzen gaituzte, gure baimenik gabe gertatzen diren gertakizunak, bizitzaren balorearen benetako aurpegia erakusten. Heriotza hurbil dago, beti gure inguruan, baina agian, gizakien hauskortasuna ezagutzeak bizitzaren ustekabeko gertakizunen aurrean hobeto prestatzea eragingo digu. Liburuak, eta bere pertsonaien atzean erakusten digun itxurazko etzipenean, benetako etzipen bakarra heriotza dela agerian da. Irakurketa honen ondorioa ondo izan daiteke eskaintza bat, non gonbidapen bat dagoen bizitza bat deseatzeko, jakinda heriotzarantz doala, eta kontsekuenteki bizitzeko. Norbaitek esan dezake liburu honetan zerbait gehiago dagoela edo desberdina, jakina, norberak bilatu behar. Merezi du.

Alkiza 96.1

Ipuin bilduma hau biziki gomendatzera natorkizue Hemezortzi testu dira eta denetik duzue bertan: motz motzak eta luzeagoak, kontakizuna baino erreflexio filosofikoa diruditenak eta ipuin peto petoak direnak, errealista edo konstunbrista deitu dezakegunak eta zientzia fikziozkoak edo guztiz alegoriazkoak direnak ere, tristeak, tristeagoak eta irriparra sortzen dutenak ere, dagoeneko sarituak izan direnak (5 gutxienez), berriak eta lehenengo aldiz argitaratzen direnak (gehienak), … enfin horiek eta beste hainbat sailkapen egin ditzazkegu (liburuaren azalean beste batzuk dituzue). Aniztasun guzti horren azpian ordea, batasun zantzu nabarmenak ere badaude: pertsonai mota bat, kontaeraren tonua, erabilitako esaldi laburrak eta hiztegi zehatza. Bat aukeratzekotan (ipuin liburuei buruzko ohiko jolas honetan sartuz) “Kalezuloetan barrena” nabarmenduko nuke (2005ko Julene Azpeitia lehiaketako saria lortu zuena); baina guztiekin disfrutatuko duzuelakoan nago.

Bilbo 54.3

Gustora irakurri dut benetan liburu hau. Idazle berri honek oso lan ona egin du bere lehen liburuan. Ipuin asko eta ezberdinak, baina bat ere ez txarra. Adi egon behar dugu Arrietaren literatur ibilbidearekin, orain arte sorpresa polita izan baita niretzat. Beraz, guztiz gomendagarria.