Karlos Zurutuza: “Behin baino gehiagotan joan naiz frontera, baina niretzat interesa atzean dago”

0

Karlos Zurutuzak Tripoli-Kabul liburua aurkeztu zuen Irunen Fernando Morillo lagun zuela.

IRUN. Oso modu egokian deskribatu zuen Fernando Morillok Karlos Zurutuzak egiten duen lana: “Gerra kazetari bati buruz ari garenean normalean titular handiak datozkigu burura, halako tokitan bat-batean fronte bat lehertu eta berehala hara doana, agintarien gorabeheren berri emateko, 100-200 lagun hil direla kontatzeko, herrialde osoa zerbait abstraktua balitz bezala. Karlosek egiten duena ez da halakoa, hurbilera joaten da. Titular handi horiek alde egiten dutenean herritarrengana joaten da: zapalduengana, gaztetxoengana, agureengana, emakumeengana, gay eta lesbianengana, erlijio gutxituetako kideengana,… Horiei egiten dizkie galderak, eta ikuspegi ezberdina eskaintzen du”.

Karlosek berak jarri zuen Morillok esandakoaren adibide garbia. “Gerretara edo gatazketara joaten garen guztiok ezagutu ditugu fronteak. Behin baino gehiagotan joan naiz, baita behin baino gehiagotan konturatu ere historiak nahiko errepikakorrak direla. Jakin-minagatik joaten zara, etengabe aipatzen delako frontean gertatzen dena eta zerorrek ikusi behar duzulako zeure begiekin. Baina niri interesatzen zaidana ez dago bertan, atzean baizik”. Argazki bat erakutsi zien bertaratuei; Tripoliko kaleak agertzen ziren bertan, erabat hutsik, iazko abuztuan erori eta handik bi egunera. “Hotel berean bilduta geunden milaka kazetari, eta askok eta askok zera zioten, ‘hau dena bukatu da eta ni banoa, hemen ez dago ezer’. Tiroak bukatuak ziren, bonbak bukatuak ziren. Nik leihotik begiratzen nuen eta argazki hau ateratzen nuen bitartean pentsatu nuen Tripoli istorioz josita zegoela eta huraxe zela momenturik onena, dena orduantxe hasten zela. Kaleetan urik ba ote zegoen, jendeak azken hilabeteak nola bizi izan dituen, espero ote zuten ustez luze joko zuen Tripoliko gatazka hura hain azkar bukatzea…, halako gauzak jakin nahi nituen. Hoteletik atera, ondoko kalera joan eta egunetik egunera bizitza berriz hasten zela konturatzen zinen. Lehenengo okindegia ireki izana, adibidez, albiste itzela zen, jendeak asteak edota hilabeteak baitzeramatzan ogirik gabe. Pixkanaka normaltasunera bueltatzen haste horrek sekulako jakin-mina pizten zidan eta atentzioa ematen zidan nire kolega gehienak ospa egiten ikusteak. Niretzat oso momentu polita izan zen hura. Argazki honetan, esan bezala, kaleak erabat hutsik daude, ez dago autorik; bi egun geroago, ordea, trafikoa normalduta zegoen, jende guztia kalean zebilen, bai hiria bai euren burua berreraikitzen”.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments