Xabier Artola: “Ipuinak gauzak ahalik eta gehien sintetizatzera behartzen gaitu, eta erronka horrek asko motibatzen nau”

0

Xabier Artolak Argi-itzalen neurria narrazio liburua aurkeztu zuen Larrabetzun Arantxa Urretabizkaia lagun zuela.

LARRABETZU. Liburuari buruzko balorazio batekin hasi zuen aurkezpena Arantxa Urretabizkaiak: “Ipuinek dituzten gaiak, ikuspuntuak eta estiloa oso ezberdinak dira; idazle ezberdinek idatziak ere izan zitezkeen bat baino gehiago. Berak esango digu egia den edo ez, baina iruditzen zait kontatzen ari zenak adina kezkatu duela hori kontatzeko moduak, alegia, badagoela euskararekiko jarduera bat: euskalki ezberdinak, tonu ezberdinak, hizkera ezberdinak, narratzaile aldaketak, ikuspuntu aldaketa… Hizkuntz erregistro aberastasun handia dagoela esango nuke”. Xabier Artola ados agertu zen Urretabizkaiak esandakoarekin, azaldu zuenez, garrantzi handia ematen baitio hizkuntzari zein gauzak esateko moduari. “Batzuetan iruditzen zait euskara batuaren kontu horrekin guztiarekin baliabide asko galdu egin ditugula. Orain berriro errekuperatzen ari garela esango nuke, baina garai batean, euskara batua espresibitate gutxiko hizkuntza bihurtu genuela esate zen… Beharbada gramatika arauak gehiegi errespetatu nahiak eramaten gintuen baliabide horiek baztertzera. Uste dut euskara batua dena dela, arau minimo batzuk errespetatzen ditugun bitartean, eta iruditzen zait alde horretatik euskal literaturan oraindik asko daukagula jasotzeko, bai klasikoetatik, bai ahozko baliabideetatik. Garrantzi handia ematen diot gai horri, erronka bat bezala ikusten dut”.

Gai oso ezberdinak landu ditu Artolak narrazio bilduma honetan: Gerra Zibila, familia arteko arazoak, zikloturismoa, etorkinak, maitasuna… “Nire iritzirako”, aipatu zuen Arantxak, “kutsu triste batez emanda daude ipuin horiek, nolabaiteko minez. Pertsonaiak minez daude behin baino gehiagotan, iraganean gertaturiko zerbaiten minez, sarritan”. Artolak argitu zuenez, galderak egin ditu liburu honetan. “Idazteak on egiten dit normalean, eta idazten hasten banaiz behar dudalako izaten da. Idazteak, niretzat behintzat, alde terapeutiko bat baduela iruditzen zait; batzuetan irakurtzeak ere bai, baina idazteak gehiago”.

Ipuinen balioa

Gaur egungo bizimodurako ipuinak aproposak iruditzen zitzaizkiola adierazi zuen Arantxak, irakurraldi batean hasi eta buka baitaitezke; aldiz, eleberri batek jarraipena eskatzen du. Hala ere, zalantza agertu zuen, ipuinak behar bezala baloratuak ote dauden, eta horri buruzko iritzia eskatu zion Artolari. Hau bat etorri zen Urretabizkaiarekin. “Nik uste ipuinak ez daudela behar bezala baloratuak, eta Euskal Herrian are gutxiago. Ez dakit literatura espainiarrean nola dauden, baina badakit anglosaxoiean balio gehiago ematen zaiela, eta nik istorio laburrak aldarrikatzen ditut. Ipuina gustatzen zait, baita irakurle gisa ere. Ipuinak gauzak ahalik eta gehien sintetizatzera behartzen gaitu, kentzera, ahalik eta hitz gutxienekin ahalik eta gehien adieraztera, eta erronka horrek asko motibatzen nau”. Arantxak gaineratu bezala, hori muturreraino eramanda, poesiara iritsiko ginateke, eta Artolak poesia ez baina mikro-ipuin bilduma bat egitea bere proiektuen artean duela kontatu zuen. “Mikro-ipuin gehienak orrialde bakar batean sartzen dira, asko paragrafo batera mugatzen dira, eta paragrafo bakar batean istorio oso bat kontatzea asko interesatzen zait”. Poesia egin izan duela baina beti beretzat gorde duela gaineratu zuen Xabierrek. “Gainera, poesia irakurle txarra naiz, liburuarekin hasi eta bukatu egin nahi izaten dut tirada batean, eta badakit poesia ez dela horrela irakurri behar”.

Entzuleen artean zegoen irakurle batek beste idazleek beragan duten eraginaz galdetu zion Xabier Artolari. “Zalantzarik gabe, eragin hori egongo dela pentsatzen dut, gaietan baino gehiago estiloan beharbada. Adibidez, Latitudea ipuina idatzi nuen garaian Saramago irakurtzen ari nintzen, eta izugarri gustatzen zait Saramagok elkarrizketak testuan txertatzeko duen modua: batzuetan estilo zuzena erabiltzen du pertsonaia batek esan duena sartzeko, beste batzuetan zeharkakora jotzen du, esan duten horri buruzko oharrak ere sartzen ditu zenbaitetan, grafikoki oso modu interesgarrian. Ez du, elkarrizketa tradizionaletan ohikoa den moduan, marra luze hori erabiltzen, askotan testuaren barruan txertatzen ditu komez bereizita, eta hizketan ari dena nor den errazago uler dadin, letra larriz hasten du esaldia, nahiz eta koma baten ondoren izan, esaterako. Bada, Latitudea narrazioan hori egin nuen, hori egiten saiatu nintzen, behintzat. Asif izeneko ipuinean ere antzeko zerbait egin nuen baina kasu horretan letra larriak kendu nituen; horiek gabe ere posible ote zen probatzen saiatu nintzen, eta gogoan dut ipuin hori idazten ari nintzenean askotan ozen irakurtzen nuela testua, ulergarria ote zen ikusteko”.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu