Antonio Casado Da Rocha: “Bizitzan zein poesian esku ezkerrak malgutasunez jokatzen saiatzen irakatsi dit, topikoak edo aurreiritziak baztertuz”

0

Antonio Casado da Rochak Esku ezkerraz poesia liburua aurkeztu zuen Errenterian Oier Guillan lagun zuela.

ERRENTERIA. Elkarrizketa moduan gidatu zuen Oier Guillanek Antonio Casado da Rocharen Esku ezkerraz liburuaren aurkezpena, eta elkarrizketa horren pasarte zenbait bildu ditugu hemen:

OIER GUILLAN: Esku ezkerraz sortzea, konformatu gabe, zailtasunak onartuta eta are erabilita idazten saiatzea da, horixe aipatzen duzu liburuan. Zure kasuan euskaraz idaztea izan da esku ezkerraz idaztea…

ANTONIO CASADO DA ROCHA: Erdalduna izan naiz. Euskara ikasten eman ditut azken hamaika urteak, baina orain dela bizpahiru urte erabaki nuen armairutik ateratzea, alegia, euskaraz idaztea, euskaraz publikoaren aurrean aritzea eta horri buruz pentsatzea, zailtasunak zailtasun. Hori izan da liburu hau sortu zuen erabakia. Hori da esku ezkerra eta sinbolo hori oso presente dago liburuan, erabaki baten sinboloa edo metafora.

O.G.: Esku ezkerraz tituluak adiera asko izan ditzake. Ez al duzu beldurrik izan horren inguruan? Konnotazio politikoa…

A.C.: Bada, ez. Gaztelaniaz badago esaera bat, usar la mano izquierda, jendarteko abilezia adierazteko, eta akaso hori baneukan buruan, malgutasunarekin loturiko ideia hori. Azken finean, bi eskuen erabilpenaren aldekoa naiz, bai bizitzan bai poesian esku ezkerrak malgutasunez jokatzen saiatzen irakatsi dit, topikoak edo aurreiritziak baztertuz.

O.G.: Esku ezkerraz izenburua neurri handi batean euskararen erabilerarekin lotua dagoela esan dugu, baina gazteleraz ere idazten duzu zuk. Gazteleraz idazten duzun horietan non dago esku ezkerra? Alegia, non bilatzen duzu erronka?

A.C.: Uste dut elebitasuna interesgarria dela berez, gai bezala, filosofian jorratzeko, eta hemen aberastasun hori daukagula iruditzen zait. Horri buruz asko pentsatu dut, eta bi poema mota idazten ditudalakoan nago. Liburu honetan daude bi mota horiek, eta bien arteko ezberdintasunak lengoaiarekin du zerikusia. Multzo batean edozein hizkuntzatan funtzionatzen dute poemak leudeke, eta bestean hizkuntza bati oso atxikiak daudenak; azken hauek tradizioari, literatura jakin bati egiten diote erreferentzia, edo horrekin egiten dute jolas.

O.G.: Liburuan ekialdeko poesigintzaren eragina sumatzen da. Betidanikoa al duzu joera hori?

A.C.: Henry David Thoreau idazle eta filosofoaren lana hobeto ikasteko AEBtara joan nintzen, eta bertan jatorri japoniarreko poeta bat ezagutu nuen. Poesia tailer batera gonbidatu ninduen eta Japoniako zenbait forma landu genituen han, haikua batez ere, oso hedatua dagoena, eta baita renkua ere. Renkua haikuaren aita edo ama dela esan genezake, forma luzeagoa du, eta asko interesatzen zait, batez ere estrofak lotzeko duen modu bereziagatik. Beraz, bai, baditut ekialdeko poesigintzarekiko harremana, interesa eta jakin-mina.

O.G.: Eta poesigintza orokorrean hartuz, nondik datorkizu harekiko lilura?

A.C.: Beti irakurri izan dut poesia, baina bada niretzat mugarri izan zen une bat. Irlandan nengoela, adiskide batzuek euren etxera gonbidatu ninduten afaltzera. Gaztetxoak ginen orduan. Afaldu genuen, eseri ginen egongelan, eta euretako batek The Norton Antology of English Literature delakoa atera zuen tiradera batetik. Bertan geundenon artean banan-banan pasa genuen liburua, eta bakoitzak poema bat irakurri genien gainontzekoei. Zeharo harrituta geratu nintzen, hemen ez bainuen horrelakorik ezagutzen. Han hasi nintzen poesia irakurtzen, ingelesez batez ere. Beti sentitu izan dut poesiarekiko lilura beste hizkuntza batzuetan niretzat ama hizkuntza izan den horretan baino; alegia, ingelesezko poesia gaztelerazkoa baino gehiago irakurri izan dut, eta antzeko zerbait gertatu zait euskararekin ere.

O.G.: Bada gure inguruan Pentsamenduaren Poesia deitzen zaion korronte bat. Zure lanean ere pentsamendua badago, baina ez dakit kontzeptu horrekin identifikatzen zaren…

A.C.: Egia esan, lelo hori ez dut oso ondo ulertzen. Manifestu edo mugimendu gisa uler dezaket, edo zerbait aldarrikatzearren, poesiaren funtsa edo beharra gure gizartean, eta zentzu horretan uste dut lan duina eta beharrezkoa egiten duela korronte horrek. Baina ez ditut pentsamenduaren poesia eta pentsamendurik gabekoa alde banatan ikusten. Poesian dena dago bat eginda: gauzak, paisaiak, hitzak, emozioak, istorioak…, eta Pernan Goñik egina den liburuaren azalak oso ondo adierazten du gure bizitzan ematen den nahaste-borraste hori. Beraz, nire poemetan pentsamendua baldin badago, beti gauzen bidez egokitzen da.

O.G.: Liburuaren edizio prozesuan izan zen gorabeheraren bat…

A.C.: Liburua egiteko lana ez zen lana izan, plazera baizik. Luxuzko editorea eta luxuzko hitzaurregilea izan ditut alboan, Ur Apalategi eta Anjel Erro, eta asko ikasi dut beraiekin. Baina edizio prozesuak izan zuen gora behera bat, bai. Liburua oso azkar ekoiztu zen, ez nuen probak irakurtzeko aukerarik izan, eta kaleratu zenean irakurri bezain pronto akats lodikote bat azaldu zitzaidan: 44. orrialdean Mundurako bidaia poemari lerro batzuk falta zaizkio, eta niri izkribuan poema horrek bazuen bere amaiera. Baina zorionez, liburuek bizirik diraute ekoitzi eta kaleratu ondoren, bizitza propioa dute. Hitzen Uberaneko lagunek Aitor Ruiz de Eginoren irudi bati testua jartzea proposatu zidatenean, bat-batean garbi ikusi nuen hortxe nuela nire poemari amaiera emateko aukera. Beraz, liburuan poema horri falta zaion zatia hortxe argitaratu nuen. Eta hortik bi lezio ikasi nituen: bata, internetek beste bizitza bat ematen diola edozein libururi; eta bestea, ez dugula akatsak egitearen beldur izan behar, denak duela konponbidea eta merezi duela ausartzea.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu