Itxaso Martin: “Eroak eta, gainera, emakumeak: horixe zen gehien ezkutatu behar zena”

0

Donostiarra, Egian bizi da egun. Ikus-entzunezko Komunikazioan eta Antropologian lizentziatua. Kazetari lanetan irratian zein telebistan aritu da lanean. Oraintxe bertan emakumea eta psikiatria gaiari buruzko doktorego tesian murgilduta dabil. Tesiaren abiapuntu izan den Ni, Vera eleberria argitaratu du aurten.

Nobelan bertan aipatzen den bezala, eromenaren kontzeptua asko aldatu da denborarekin…
Eromena erabat subjektiboa den terminoa da. Esango nuke kontzeptua ez dela denboran zehar bakarrik aldatu, baita toki batetik bestera ere; gaur egun, zenbait tokitan eromenaren kontzeptua ez da esistitu ere egiten. Beraz, hain subjektiboa izanda, non jarri muga hori? Beharbada, eromenaz hitz egin beharrean egokiagoa litzateke emozioak aipatzea; nik, behintzat, gustukoagoa dut.

Zuretzat oso gertukoa den kasu bat omen dago istorio honen atzean…
Vera pertsonaia nire birramona da. Psikiatrikora bisitak egin izan nizkion, beraz, ezagutzen nuen kasua; baina xehetasun handiegirik gabe. Adinean aurrera egin ahala eta bizitzan hainbat esperientzia bizitu ondoren, haren berri jakin nahi nuela erabaki nuen. Ikerketa bat egiten hasi nintzen, nobela idazteko edota orain eskuartean dudan tesiari ekiteko inolako intentziorik gabe. Psikiatrikoan bertan izan nintzen, eta hainbat liburu ere irakurri nuen. Egia esan, hemen ez da emakumea eta psikiatriari edo eromenari buruz gehiegi ikertu; uste dut psikiatria oraindik oso gauza iluna bezala ikusten dela eta oso gutxi sartzen dela hor eskua, beldurragatik akaso… Hemendik kanpoko idazleek idatzitako zenbait liburu eskuratu nituen beraz, emakumearen eta psikiatriaren arteko lotura hori egiten zutenak, eta, esan bezala, horrekin batera psikiatrikora joan eta nire birramonari buruzko txostenak irakurri nituen. Horixe izan zen abiapuntua. Beharrezkoa nuen ikerketa egitea, irudimenean neukanak beldurra ematen baitzidan eta horregatik ahalik eta gehien gerturatu nahi bainuen errealitatera.

Hain zuzen ere, zuk zeuk esana da zerbaiten bila gabiltzanean askotan iruditzen zaigula zerbait aurkitu dugula soilik aurretik geneukan ideiara iristen bagara; beste zerbait aurkitzen badugu “oraindik ez dut aurkitu” esaten dugu
Hori ere gertatu zitzaidan. Hasiera batean ideia bat nuen buruan, eta ez nik bakarrik, baita nire ingurukoek ere. Nire birramona psikiatrikoan lur jota egon zela aurkituko nuela pentsatu nuen hasieran, eta lehenengo urteak halaxe pasa zituen; baina gerora irakurri nituen eta kontatu zizkidaten gauzen arabera, emakumeak psikiatrikoan jarraitu nahi zuen, ez zuen handik atera nahi, zoriontsua zen bertan. Nik ezin nuen hori ulertu eta beste zerbait egongo zela, hura ez zela benetakoa pentsatzen nuen. Alegia, ikerketaren amaieran aurkituko nuenari buruzko aurreiritzi batekin ekin nion lanari, eta aurkitu nuen buruan nuenaren kontrakoa zenez, iruditzen zitzaidan ez nuela ezer aurkituko, beste nonbait bila jarraitu behar nuela. Alde horretatik lan handia egin behar izan dut.

Atera nahi ez izate hori kartzelako presoei ere gertatzen omen zaie kasu batzuetan…
Bai. Psikiatra askorekin izan ditut elkarrizketak, eta behin baino gehiagotan aipatzen zidaten kasu askotan gaixoak beraiek zirela handik ez ateratzeko eskatzen zutenak, mesedez, ez zitzatela handik atera. Diozun bezala, presoekin ere gertatzen da; kartzelatik atera eta beste delitu bat egiten dute berriz kartzelara eraman ditzaten. Hainbeste urte toki berean pasatu ondoren, handik kanpo bizitzeko gai ez direla sinestera iristen da bat baino gehiago, eta hantxe birsortzen duten euren bizitza. Noski, horretarako mila arrazoi egon daitezke, ezin da modu orokorrean azaldu zer gertatzen den jarrera hori azaltzen duten presoen edo gaixoengan, bakoitzaren kasua ezberdina izango baita. Esango nuke nire birramonaren kasuan nahiko argi zegoela kanpoan zeukan bizitzak ez zuela zoriontsu egiten eta psikiatrikoan aurkitu zuela bere lekua, azken urteetan batez ere, nahiz eta hango bizimodua oso gogorra izan. Azkenean, bere espazioa eman zioten han, eta hantxe ikusten zuen bere mundua.

Une batean psikiatrikotik ateratzeko moduan dagoela esaten diote Verari, eta bere bila etorriko dela senitartekoren bat. Horren aurrean, psikiatrikoan sartu zuten garaiko egoerara bueltatzen ahalegintzen da, baita horretarako lehen urteetan jasotzen zituen tratamendu latzak jaso behar baditu ere….
Hainbeste sufritu zuen, eta hainbeste kezka zuen buruan… Nik uste han barruan babestua sentitzen zela eta, lehen esan bezala, bazuela bere tokitxoa. Nik ezagutu nuenerako zaharra zen, eta hango nagusia bezala aurkezten zuen bere burua. Azken urteak medikaziorik gabe pasa zituen, baina ez zuen handik irten nahi. Eta berea ez da kasu bakarra, halako gehiago daude. Are gehiago, kontatu zidatenaren arabera, gerra garaian hainbat psikiatriko itxi egin behar izan zituzten eta gaixoak beste psikiatriko batzuetara eraman; bada, batetik bestera mugitu zituzten gaixo horietako asko euren tokia aurkitu ezinik ibiltzen ziren, bere buruaz beste egiteraino. Beraz, ez zen kalera ateratzea bakarrik, psikiatriko batetik bestera mugitzeak ere sekulako eragina zuen eurengan.

Lurdes Imazek honakoa zioen Aizu! aldizkarian: “Irakurtzeko atsegina da, erraza delako ederki deskribatzen duen barneko egonezin horrekin identifikatzea”. Denei ez zitzaien akaso hori hain atsegina suertatuko…
Ezetz esango nuke. Martinaren parte handi bat nirea da, eta nik bizitu izan nuen garai baten isla. Eta ez zen atsegina izan. Baina horrelako emozioak bizi nituen garai hartan benetan nola sentitzen nintzen ahalik eta hobekien islatzen ahalegindu nintzen. Hainbat irakurle taldetan batek baino gehiagok esan dit lehenengo zatia gogorra egin zaiola irakurtzen ari zenarekin identifikatuta sentitu delako, euren bizitzako momenturen batean hori bizitu izan dutelako, eta zoragarria iruditu zait hori. Nire ingurukoei ere gogorra egin zaie, momentu askotan ni ikusten baininduten irakurtzen ari ziren horretan; anaiak berak aipatzen zidan hogei orri irakurri eta utzi egin behar izaten zuela. Azken batean, lehenengo aldiz kontatu ditut emozio gogor horiek. Beraz, atsegina? Ez dakit. Esango nuke benetan hortik pasatu denak badakiela ez dela atsegina, baina uste dut lagundu ere egin dezakeela, horrelako sentsazioak edukitzeari beldurra galtzeko balio baitezake beharbada, eta etengabe daukagun diagnostikatzeko joera horri ihes egiteko.

Martina etxeko sofan eserita dago, eta Peru, mutil-laguna, ate-joka ari da, mesedez irekitzeko eskatuz; Martinak, ordea, sofatik ezin duela mugitu dio. Seguru asko hori bizitu ez duenari kosta egingo zaio ulertzea nola den posible mutila etxera sartzeko ate-joka ari den bitartean, bestea sofatik mugitu ere ez egitea…
Bai, dudarik gabe, baina momentu horietan, benetan, ezin duzu mugitu. Jendeak galdetzen dit benetan iritsi ote zaitezkeen paralizatzeraino, eta hala bada, hori jada ez ote den gaixotasun bat. Nik ez dakit gaixotasun bat den edo ez, ez naiz horretan sartuko; zalantzan jartzen dut gainera zer den gaixotasun bat eta zer ez. Baina hori gerta daitekeela, bai, eta horrek ez duela esan nahi eroa zaudenik ere, bai. Kasu askotan gertatzen den zerbait da gainera, uste duguna baino ohikoagoa; gertatzen dena da hori jasaten duenak ez isilean gordetzen duela askotan.

Gaixotasuna zer den eta zer ez den aipatu duzularik, Argia aldizkarian egin zizuten elkarrizketaren ostean, halaxe zioen irakurle batek: “Buruko gaixotasunak horixe dira: gaixotasunak. Beraz, diagnostikatu daitezke eta diagnostikatzen dira. Gaixoarentzat -depresio larri baten sintomak dituenarentzat, adibidez- eta, batez ere ingurukoentzat, ezinbestekoa da gertatzen zaion horrek izen bat (“etiketa” bat) duela jakitea, nonbaitetik abia daitezen (seguru asko gaixoa bera gai izango ez denez, ingurukoak). Triste denok egon gaitezke, bolada txar bat denok pasa dezakegu, baina pertsona batek eguneroko bizitzako ia ezer egin ezin duenean gaixo dago”.
Gure gizartean gauzak etiketatzeko beharra daukagula uste dut, etiketatzen ez ditugun bitartean ez garela lasai gelditzen. “Hau sentitzen dut, beraz, hau izango da”. Eta beti zergati bila. Hortik ihes egin nahi izan dut, oraindik ere ez dakidalako niri zergatik gertatu zitzaidan gertatu zitzaidana. Gainera, zergati bila ari garenean askotan atzera begirakoa egiten dugu, baina gure iragana orainetik interpretatzen dugu, eta une horretan ez gaude gaizki sentitzen ginenean geunden puntu berean. Eta nik ez dakit horrek inora bat ote garamatzan, ez ote gaituen are gehiago nahasten, gure burua lasaitzen dugulakoan. Zera esaten badigute, “begira, zuk daukazuna hau da, ez da sendatzen, kroniko bihurtuko da, eta bizi zaren artean pilula hauek hartu beharko dituzu”. Hori esaten digutenean ere lasaitu egiten gara, guretzat kaltegarria izan arren, esan arren kronikoa dela eta ez garela sendatuko. Erantzun bat eman digute eta lasaitu egin gara. Beharrezkoa dugu etiketatzea. Gaizki nengoenean ingurukoek zer gertatzen zitzaidan galdetzen zidaten, baina nik ez nekien azaltzen. Gainera, nobela idazterakoan konturatu naiz zein hiztegi murritza daukagun emozioak islatzeko, eta hori gogorra egin zait. ‘Amorrua’ badaukagu, ‘tristezia’ badaukagu, baina tartean badaude beste hainbat emozio, eta horientzat ez daukagu hitzik.

Eromena eromenetik kontatu nahi izan duzu eta eleberriko bigarren zatian Veraren ahotsetik hitz egin duzu, zure birramonaren paperean sartuz eta hark jasan eta sentitu zituenak lehenengo pertsonan kontatuz. Ez zen lan samurra izango…
Ez, oso zaila izan zen. Lehenengo zatia, Martinarena, bigarren pertsonan kontatua da, Vera ari zaio Martinari hizketan: ustezko eromena pasatu duen pertsona batek eromen prozesu bat bizi duela uste duen beste bati hitz egiten dio. Gero, bigarren zatian, lehenengo pertsonara pasatzen da eta bere istorioa kontatzen du, Martinak Verak bezala amaituko duela uste baitu. Ez zitzaidan batere erraza egin Veraren istorioa lehenengo pertsonan kontatzea; hasieran, gainera, ez nuen hala egin nahi, beldur handia ematen zidan benetan esistitu zen pertsona baten paperean sartzeak. Asko kostatu zitzaidan erabakia hartzea, azkenean ingurukoek animatuta erabaki nuen lehenengo pertsonan kontatzea.

Goizaldek Landabasok zioen bere iritziz eleberria indartsuagoa zatekeela Veraren istorioa gailendu izan balitz…
Agian bai, ez dakit… Oreka bat mantendu nahi nuen. Ulertzen dut kanpotik Veraren historia oso interesgarria iruditzea, lehen aipatu bezala, ez baita gehiegi ezagutzen dugun gai bat: emakumeak nola tratatuak izan diren psikiatrikoetan, zer nolako gauzak egin izan diren bertan… Badirudi mundu horrek asko erakartzen duela jendea. Eta egia da, oso interesgarria da. Baina kasu honetan nik bizitu nuen egoerak eraman ninduen Verarengana eta, beraz, hor oreka bat bilatu behar nuela iruditzen zitzaidan, gure iraganak eta tabuek generazio generazio izan duten eragina islatu nahi bainuen. Nire ustez lehenengo zatian ere Vera oso presente dago, bera baita Martinari hitz egiten diona.

Bai, baina beharbada posible da irakurlea zati hori irakurtzen ari zen bitartean horretaz jabetu ez izana…
Hori da. Horretaz ere ohartu naiz; batzuk konturatu dira Vera zela Martinari hizketan ari zitzaiona, baina beste asko, ez. Orain berriro idatziko banu beharbada beste modu batera egingo nuke. Baina bai, ulertzen dut jendeari bigarren zatia gehiago interesatu izana, lehenengoa atseginago izan duela esan didanik ere baden arren. Gustu kontua da, azkenean. Nik oreka aurkitu nahi nuen eta horretan saiatu naiz. Orain tesian emango diot espazio gehiago bigarren zatian agertzen den gai horri.

Barrena hainbeste hustuta, beldurrik eman al dizu hori guztia plazara ateratzeak?
Bai. Tira, egia esan, hasieran, ez. Beti idatzi izan dut asko, beharra izan dudalako, horrela husten baitut barrena, baina kasu horietan badakizu idazten ari zaren hori ez doala inora, erre dezakezula edo nahi duzuna. Beraz, nik banituen hainbat gauza idatzita, baina inolaz ere ez horrelako zerbait egiteko asmoz. Hasieran zera pentsatu nuen, “aukera polita da kaleratzeko, beste norbaiti ere horrelako zerbait gertatu bazaio edo horrelako zerbait bizitzen ari bada, ikus dezala ez dela bera bakarrik…”. Beraz, hasieran oso pozik egin nuen, eta argitaratzeko pausoa eskaini zidatenean eta baiezkoa esan nuenean, orduantxe sartu zitzaidan bertigo pixka bat. Baina tira, azkenean etengabe defendatzen ari banaiz emozioak ez direla etiketatu behar, ez direla gorde behar eta gainerako guztia, bada, nik ere horixe egin beharko nuke.

Martinak traba mordoa aurkituko du Vera ikertzen hasitakoan. Zeuri ere halaxe gertatu al zitzaizun?
Bai. Lehen esaten nuen bezala, psikiatria mundu ilun eta beldurgarri bat bezala ikusten dugu. Jende asko harritu da gai hau lantzera nindoala jakindakoan. Gizartean erotzat hartzen ditugun haiek gugandik aldendu egiten ditugu, toki jakin batzuetara eramaten dira, askotan harresiz inguratuta ere bai, eta haiek esistituko ez balira bezala jarraitzen dugu gure bizimoduarekin. Beraz, psikiatriaren munduan sartzeko ahaleginetan hasterakoan, berehala egiten da topo lehenengo trabekin. Nire ustez, psikiatriaren munduan oraindik asko pisatzen du iraganak, aldaketa asko jasan baditu ere, iraganean psikiatrikoetan zer egiten zen kontatzen hasiko bagina, gure begietatik ikusita izugarria irudituko litzaiguke. Beraz, badago halako mesfidantza bat, baita euren aldetik ere. Kasu batzuetan lasai hitz egin ahal izan dut, baina beste batzuetan badago “ez zaitez gehiegi sartu” bezalako jarrera bat. Bestetik, familiako kideren bat psikiatrikoan badago edo inoiz egon bada, nire kasuan bezala, askotan ez da gai horri buruz hitz egiten, baztertuta mantentzen da. Beraz, zaila da iristea, bai.

Zer esan zizuten familian zure asmoen berri izan zutenean?
Nik uste haientzat ere gogorra izan dela. Nik galdetu eta erantzuten zidatenean ez zekitela birramona zergatik zegoen psikiatrikoan, benetan ari ziren, ez zekiten. Eta beraz, orain hainbat gauza deskubritzea gogorra egin zaiela uste dut. Bakoitzak gure familiaren argazki bat egiten dugu: aitona hemen kokatzen dugu, amona han, eta elkarren artean dituzten harremanak irudikatzen ditugu. Nik uste gure familian ere bazegoela halako irudi bat edo susmo bat, eta bat-batean, dena apurtu zen. Gogorra izan zen, baina eurek ere eskertu dutela uste dut, birramonari bere lekua emateko saiakera hori, batez ere.

Peruk da Martinaren alboan dagoen pertsonaia, bere mutil-laguna. Hark jasaten ditu Martinaren gorabehera guztiak…
Asko eskertzen dizut galdera hau egin izana, niretzat Peru oso pertsonaia garrantzitsua baita liburuan, eta gutxitan galdetu didate hari buruz. Martinak bere burua ulertzen ez badu, nola ulertuko du ondokoak? Etengabe saiatzen da horretan, Martinaren ondoan egoten, baina oso zaila suertatzen zaio, eta ulergarria da erabat. Niretzat Peruk pisu handia du eleberrian, hor islatzen baita halako egoera bat bizitzen ari den pertsonak ez duela berak bakarrik jasaten hori, baizik eta ingurukoek ere berarekin batera pasatzen dutela dena.

Esan bezala, emakumea eta psikiatriaren inguruko tesian murgilduta zabiltza une honetan. Bidearen amaieran aurkituko duzunaren susmorik ba al duzu?
Isiltasunetik landu nahi dugu gaia. Planteatzen dudana da isiltasuna askotan guk uste duguna baino beteago dagoela, ez dagoela hutsik, alegia. Emakume hauek isilarazi egin zituzten; pentsa, eroak eta gainera emakumeak, horixe zen gehien ezkutatu behar zena. Eta isiltasunak nola baldintzatzen duen gure bizitza. Nire kasuan, gure etxean tabu handi bat eduki dugu, ez da horri buruz hitz egin, inork ez zuen ezer galdetzen, baina presente egon da beti. Aurreko batean psikologo baten aipatzen zidan sumendi batek eztanda egiterik nahi ez dugunean tapa batekin estali behar dugula eta taparen gainean geu eseri. Baina noski, tapa mugi ez dadin eta sumendiak eztanda egin ez dezan zeu ere ezin zara gainetik mugitu, eta horrek zure bizitza baldintzatzen du, erabat. Ez zaigu ahal iruditzen, tapatuta mantentzen dugun bitartean sumendia ez baita lehertuko eta hori gertatzen ez den bitartean ez baitago inolako arazorik. Baina ez gara ohartzen hori horrela mantentzeak zein neurritaraino baldintzatzen duen gure bizitza. Beraz, isiltasunak zenbaterainoko eragina duen erakustea da nire asmoa. Orain, aurkakoa ez aurkitzea espero dut, bestela, kar, kar….

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu