Joseba Lozano: “Idazlea behin eta berriz orri bakoitzean bere zigilua uzten saiatzen baldin bada, irakurlea distraitu egin dezake”

0

[2012ko martxoan Beterriko Liburua aldizkariaren 53. zenbakian argitaratutako elkarrizketa]

Gasteizko ‘Zapa’ kalean jaio zen 1962an. Euskal Filologian eta Filologia Hispanikoan lizentziatua, Eusko Jaurlaritzan aritu da lanean azken 20 urteetan. 2005ean akzesit bat eman zioten Gabriel Aresti ipuin-lehiaketan, eta 2007an Donostia Hiria Kutxa Literatur saria irabazi zuen Hasperenka ipuinarekin. 2011n bere lehen eleberria plazaratu du Alberdania argitaletxearekin: Argiaren erreinua.

Euskal Herritik kanpo girotutako nobela beltza aurkeztu diozu irakurleari, euskal literaturan oso sarri ikusten ez den generoa. Zergatik ez ote da, zure ustez, gehiago lantzen?
Ez daukat erantzunik. Dakidan gauza bakarra da generoak falta zaizkigula gure literaturan. Genero handi bat dago, zein genero den oso ondo ez dakidan arren, baina autopista handi bat bezalakoa dena, akaso garai bateko bidegileek egindakoa, orain 20-30 urte. Eta esango nuke ondoren etorri diren idazle askok autopista hori jarraituz egin dutela aurrera, beharbada kontuan hartu gabe alboetan ere badirela beste bide batzuk, ezezagunak. Alegia, badira euskal literaturan gutxi landu diren genero batzuk, thriller-ak, nobela arrosa, historikoa, umorezkoa edota eleberri fantastikoa, esaterako, eta egoera horrek, nire ustez, arazo bat sortu dio euskal irakurleari: genero horiek irakurri ahal izateko beste hizkuntza batzuetara jo behar du. Beste era batera esateko: euskaraz gauza batzuk irakur ditzakegu, baina beste batzuetarako beste literatura batzuetara jo beharra daukagu. Beraz, eta apaltasun guztiarekin diot hau, Argiaren erreinua liburuarekin neurri batean hutsune horietako bat estaltzeko saiakera egin nahi izan dut. Istorio bat idaztea izan da nire asmoa, misterioz eta abenturaz beteta, gure ohiko bizimodutik haratago doana, tarte baterako besterik ez bada ere, irakurlea ametsetan jartzeko modukoa. Ez dut pertsonaien azterketa psikologiko sakonik egin nahi izan, ezta salaketa sozialik, ariketa estilistikorik edota euskal politikari buruzko hausnarketarik ere. Oraindik bada literatura disfrutatzeko dela pentsatzen duen jendea, eta horixe egin nahi izan dut. Eta horretarako, lehen aipaturiko autopista handi horretatik atera egin naiz, besterik gabe.

Hizkuntzaren harira, zeuk aipatua da honako ideia, alegia, irakurlea irakurtzen ari den bitartean ez dadila kontziente izan euskaraz irakurtzen ari denik, hau da, ez diezaiola hizkuntzari errepara…
Bai. Nire ustez, liburu batek bi baldintza bete behar ditu arrakastatsua izateko: lehenengo eta behin, istorio on bat behar duzu, eta gero, istorio hori modu erakargarrian kontatu behar duzu. Nire ikuspegitik lege bakarra dago: irakurleak lehenengo irakurraldian ulertu behar ditu esaldiak; ezin du segundo bat ere galdu halako esaldiak edo halako hitzak zer esan nahi duen asmatzen, hori gertatzen bada, kontakizunaren haria gal dezakeelako eta nik irakurle bat galduko nuke. Irakurlea abenturan murgildu nahi dut, eta hori lortzeko hizkuntzak ez du inola ere distraitu behar; are gehiago, ona litzateke irakurleak ez jakitea euskaraz edo erdaraz irakurtzen ari ote den; ona litzateke hizkuntzaren kontzientzia hori galtzea, garrantzitsuena kontatzen den istorioa baita. Nik uste dut idazle batek zera bilatu beharko lukeela: une batez irakurleak ahantz dezala irakurtzen ari dela. Hori oso zaila da, idazlea behin eta berriz eta orri bakoitzean bere zigilua uzten saiatzen baldin bada. Hasiera-hasieratik oso garbi izan dut: jendeak liburua irakurtzerakoan ez bada nire presentziaz ohartzen, ez badu nire izena gogoratzen, seinale ona izango da hori.

Best-seller-en ikerketan aritu omen zara azkenaldian. Ondorioren bat atera al duzu?
Beti galdetu izan diot neure buruari ea zer ote daukaten zenbait liburuk magia berezi hori lortzeko, alegia, irakurlea liburuaren orrialdetara itsasteko. Azken bizpahiru urteetan, best-seller batzuk berriro irakurtzen aritu naiz, ea trikimailuren bat ote duten. Ez dago halakorik, noski. Nik esango nuke jende gehienari misterioa gustatzen zaiola, enigmak, gauza berriak ikastea; sexu pixka bat baldin badago, hobe, momentu batean beldurra pasatzen baldin badu edo maitemindu egiten bada are hobeto… Elementu horiek guztiak behar bezala nahasten baldin badituzu, pertsonaia erakargarriak sortzen badituzu eta kontatzeko moduarekin eta hizkuntzarekin asmatzen baduzu, magia hori lortzera hel zintezke.

Zergatik kokatu duzu istorioa Txekian?
Hasieran ez neukan istorioarentzat kokaleku zehatzik, baina Pragara joan nintzen aurreneko aldian argi ikusi nuen hantxe kokatu behar nuela. Praga oso hiri misteriotsua dela iruditzen zait, ederra, iluna udazkenean, oso hiri gotikoa; gero, alkimiaren hiria ere bada, Golem-aren hiria,… Oso egokia zen nobelaren eszenatoki bezala. Bestetik, liburuaren bigarren zatian agertzen den mundu esoteriko hori urrutiko parajeren batean kokatzea lagungarria suertatuko zitzaidalakoan nengoen, hemen kokatzea baino sinesgarriago izan zitekeen.

Hasieratik buruan al zenuen istorioaren amaiera?
Bai, eskema batetik abiatzen naiz beti, oso urduri jartzen bainau nora noan jakin gabe idazteak. Beste kontu bat da nola ezkutatu irakurleari amaiera hori, intrigari uneoro eusteko. Horixe da liburuak proposatzen zidan erronketako bat. Baina banekien nola amaituko zen, noski.

Eta asko kosta al zaizu irakurleari amaiera ezkutatzea?
Bixente Serrano Izkok liburuari egindako kritika batean dio tranpak egin ditudala aspektu horretan, baina ez nago ados. Nire ustez horrelako nobeletan tranpak beste era batera egiten dira. Funtsezko datuak hasiera-hasieratik ezkutatzen badituzu, esate baterako, ez dakit nor ez dakit noren anaia dela, eta amaieran ematen badituzu datu horiek, orduan, bai, tranpak egiten ari zara, ikerketarako funtsezkoa den informazioa gorde duzulako. Baina, kasu honetan, nik irakurlearekin batera egiten dut aurrera ikerketan. Normala denez, jakin, banekien nola amaituko zen, banekien pertsonaia bakoitzaren istorioa zein zen, eta hori guztia apurka-apurka kontatu behar nuen, elementu bakoitza bere garaian azaldu, tentsioa mantentzeko. Nobelako kapitulu bakoitza ipuin txiki baten antzekoa da, bere amaierarekin; batzuentzat amaiera hori trikimailu zikin bat izango da, baina, niretzat, beste baliabide bat baino ez da: amaiera horietako bakoitzak aurrera jarraitzeko gogoz utzi behar zaitu.

Liburuko lehen zatiko protagonistak, Jan Vogel detektibeak, nobela beltzetan aurkituko ohi ditugun protagonistak ekar ditzake irakurlearen gogora…
Posible da, bai. Nobelan hiru pertsonaia daude, eta hirurek elementu batzuk konpartitzen dituzte. Horietako lehena bakardadea da; oso bakarrik daude hirurak.. Bestetik, pertsonaietako bik behintzat, motxila astunak daramatzate bizkarrera, traumaz gainezka. Egia esan, eleberri poliziakoetan horrelako pertsonaiei buruz hitz egin behar duzunean, prototipoak tipifikatuta daude: polizia zatarra baina oso azkarra, elbarritua, alkoholikoa, bortizkeriari emana, umoretsua… Gehiena asmatuta dago, eta beraz, oso erraza da irakurleak liburu honetako pertsonaiak aurretik irakurri duen beste libururen edo filmaren bateko pertsonaiekin identifikatzea. Nolanahi ere, esango nuke poliziena lanbide zaila dela; beren lana dela-eta, aukera gehiago dituzte bikotea, senideak edota lagunak momentu oro galtzeko, eta alde horretatik, Jan Vogel polizia sinesgarria dela iruditzen zait. Neskaren trauma ere hor dago: bere portaera arraroa da hasieratik, gizonezkoekin harremanetan jartzerakoan arazoak baititu, baina ez dakigu oso ondo zergatik gertatzen zaion hori. Beharbada hirugarren pertsonaia da ezberdinena, bakardadea berak egindako hautua baita.

Serieko hiltzaileen inguruko xehetasun asko aurkituko du irakurleak liburuan. Dokumentazio lanean ibili al zara horretarako? Akaso, horren beharrik gabe, nobela beltzaren zale izateak emango zizun abantailarik xehetasun horiei buruz hitz egiterakoan…
Aurretik baneukan informazio hori, era horretako liburu dezente irakurri baitut. Horrez gain, serieko hiltzaileei buruzko informazio asko dago -FBIren txostenak, besteak beste-; gezurra badirudi ere, psikopata hauek oso famatuak dira sarean, jarraitzaile asko dituzte, neskek askotan maitasun gutunak idazten dizkiete… Bortizkeriak erakarri egiten du. Serieko hiltzaileen sailkapen asko aurki ditzakegu, baina nagusia liburuan aipatzen dudan hori da: serieko hiltzaile ehiztaria -gaztelaniaz organizado bezala ezagutzen dena- eta serieko hiltzaile txoroa -gaztelaniaz, desorganizado-. Gaur egun filmetan eta telesailetan askotan ikusten ditugu polizien artean perfiladores direlakoak: hiltzailearen jokaerak zeintzuk diren identifikatzen dituzte, zein arma erabili duen, eszenatokia nola utzi duen, eta horren arabera, multzo batean edo bestean sailkatzen dituzte. Serieko hiltzaile ehiztariak askoz ere arriskutsuagoak izaten dira, normalean dena ondo prestatzen baitute: zein biktima aukeratu, zein arma erabili, non ezkutatu gorpua… Burutik eginda egon arren, jende azkarra izaten da. Serieko hiltzaile txoroak, ordea, bestelakoak dira; esate baterako, edozein gertaera (uholde bat, eskuak garbitzeko xaboia bigunegi egotea…) Jainkoa haserre dagoelako seinale gisa har dezakete, eta egoera konpontzeko, sakrifizio bat egiteko agindua jasotzen duten nonbaitetik, norbait “garbitzeko” agindua, alegia. Orduan, kalera ateratzen dira, eta harrapatzen duten aurrenekoa hiltzen dute, baina modua batere zaindu gabe, proba asko utziz; hori dela-eta, normalean denborarekin errazagoa izaten da horiek harrapatzea.

Bi zati nabarmen ditu eleberriak: lehenengoan orain arte aipatu dugun ikerketa poliziala da nagusi; bigarrena, esoterismoaren mundura gerturatzen da. Bigarren zati horrek eskatuko zizun beharbada, lehenengoak ez bezala, dokumentazio lanik…
Bai, bigarren horrek ahalegin berezia eskatu dit. Batez ere, gnostizismoaren inguruko informazio bilketa egin dut. Izan ere, eskola bakarra dagoela dirudien arren, eskola gnostiko asko daude, eta bakoitzak bere gauzak proposatzen ditu, noski. Gauzak horrela, konplikatuena material horietatik guztietatik aukeraketa egitea izan zen, nahiko sinesgaitza gerta zitekeen istorio bat sinesgarri bihurtzea. Gnostizismoak arrakasta handia izan zuen Kristo ondorengo lehen hiru mendeetan; gaur egun, ostera, aztarna batzuk baino ez dira geratzen, eta esango nuke horiek gehiago direla new age-aren edo mistizismoaren inguruko mugimenduak benetan gnostikoak baino. Dena den, gnostizismoak urteetan zehar iraun du, eta gaur egun oraindik ere badago. Eta lehen esan bezala, kontu honetan guztian konplikatuena izan da sinesgaitza dirudien zerbait lehenengo sinesgarri, eta gero ulergarri egitea.

Argiaren erreinua gazteleraz argitaratu berri du Alberdania etxeak, Las siete esferas izenburupean. Zuk zeuk egin duzu itzulpena. Zer moduzko lana izan da?
Itzulpena baino, egokitzapena izan da, eta gustatu zait lan hau egitea. Garai batean itzultzaile izan nintzen Eusko Jaurlaritzako Itzultzaileen Zerbitzu Ofizialean, gero itzultzaileen zuzentzaile ere bai, baina ordutik itzulpenik egin gabe nengoen. Argiaren erreinuak gaztelaniaz funtziona zezakeela aipatu zidatenean baiezkoa eman nuen, noski, eta argitaletxeak neuk itzul nezala eskatu zidan. Hasi nintzen, bada, itzultzen, besterik gabe, eta berehala konturatu nintzen itzulpenak bere horretan ez zuela funtzionatzen, estilo oso ezberdinak baitira euskararena eta gaztelaniarena. Beraz, egokitzapenari ekin nion, eta uste dut, azkenean, gaztelaniazko testua ondo geratu dela. Hori bai, lizentzia batzuk hartu ditut, normalean itzultzaile batek ezin har ditzakeenak. Esaterako, metafora bat erabil dezaket euskarazkoan, eta guztiz ezberdina den beste bat, gaztelaniazkoan. Edo azalpen bat eman dut euskarazkoan, beharrezkoa dela iruditu zaidalako, baina gaztelaniazkoan kendu egin dut, ez baitut haren beharrik ikusi. Euskaldun berria naiz, erdaldun zaharra, gaztelaniarako belarri ona daukat, eta itzultzen hastean ohartzen nintzen erdarazko testua moldatu behar nuela, nahi nuen moduan funtziona zezan. Bestetik, lan hau egitea irakasbide ederra izan da niretzat, orain artekoak itzulpen administratiboak eta juridikoak izan baitira, askoz ere estandarragoak eta astunagoak. Itzulpen literarioaren munduan ez neukan inolako esperientziarik, eta oso aberasgarria izan da niretzat, batez ere hizkuntza batetik bestera pasatzerakoan zein arazo sortzen diren ikusteko: erregistroari dagozkionak, joskeraren ingurukoak, hiztegia… Asko ikasi dut, asko balio izan dit.

Zer ari zara irakurtzen oraintxe bertan?
Momentu honetan Ignacio del Valleren El tiempo de los emperadores extraños irakurtzen ari naiz. Oso ondo idatzita dagoela uste dut, hizkuntza aldetik asko gustatu zait, oso zinematografikoa da, gainera; hain zuzen ere, eleberrian oinarrituta Silencio en la nieve izeneko filma egin berri du Gerardo Herrerok. Bestetik, orain gutxi Carlos Ruiz Zafonen Marina irakurri dut. Gazteentzako nobela gotikoa da, guztiz gomendagarria, hain famatu egin zuen trilogia haren aurretik idatzia, Bartzelonan kokatua hau ere. Idazteko era barroko hori asko gustatzen zait. Euskaraz bestelako gauzak irakurtzen ditut; azkenetarikoak Txomin Agirreren Garoa eta Kresala izan dira. Bere garaian fakultatean irakurri nituen halabeharrez, baina orain euskara ikasteko irakurri ditut berriz. Alde batera utzita zertaz idazten duen eta bere ideologia, idazteko moduari erreparatzen diot nik: gauzak euskara jatorrean nola esaten dituen interesatzen zait niri. Euskara aldetik, beraz, oso testu aberatsak direla uste dut, ederrak, eta niretzat, behintzat, euskaraz idazteko garaian, oso lagungarriak.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments