Katixa Agirre: “Askotan nire lagunek beldurra izaten dute, nire aurrean zer egin edo zer esan, gero hori agian liburu batera eramango dudalako”

0

[2007ko azaroan Beterriko Liburua aldizkariaren 36. zenbakian argitaratutako elkarrizketa]

Gasteizen jaio zen Katixa 1981 urtean. Bilbon bizi da egun. Ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatua da EHUn, eta esparru horretan ari da gaur egun tesia idazten. Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate saileko irakasle ordezkoa da. Gidoigintza ikasi zuen Madrilen, eta bertan gidoilari gisa aritu zen, umeentzako programak eta dokumentalak idazten. Hedabide desberdinekin kolaboratzen du. Sua Falta Zaigu da bere lehen narrazio liburua. 2007ko Igartza Beka irabazi du Etxetik irten gabe ipuin-bildumaren proiektuarekin.

Pil-pilean dagoen gai batekin sartuko gara elkarrizketan, AEBtako Wall Street Journal egunkariko Keith Johnson-en artikulu famatuarekin. Zure blog-ean irakur daiteke Johnson-i prestatu diozun gutuna. Bidali al diozu?
Bai, bai, bidali nion. Momentuko amorraldi bat izan zen hura. Egia esan, gero konturatu nintzen ez zuela ezertarako balioko. Nire gutuna nahiko pedagogikoa zen, hau da, ez dakien norbaiti zerbait azaltzeko balio zuen. Gero, gizon hau zer nolako morroskoa den ikertu nuen Interneten, zer nolako intentzioekin idatzi zuen artikulua, eta, beraz, nire argumentu arrazional horiek guztiek ez dute berarengan eragin handirik izango. Baina, ni behintzat, lasaiago gelditu nintzen.

Eta zer nolako morroskoa dugu ba Keith Johnson?
Madrileko berriemaile bat da, eta orain arte zenbait artikulu idatzi izan du, nolabait, Alderdi Popularraren tesia jarraituz, konspirazioaren teoria babestuz, Jose Luis Zapateroren aurka idatziz… Horregatik galdetu nion gero neure buruari zertarako nekatu ote nintzen berari gutuna idazten; ba badiotsut, lasaiago geratzeko, horretarako bakarrik.

Zer pasa zitzaizun burutik artikulua irakurritakoan?
Bertan esaten dena ez da kontu berria; berria dena da hori amerikar batek idaztea. Horregatik, burutik pasa zitzaidana izan zen iraina ere globalizatu dela, globalizazioak gauza horiek ere badakartzala. Ez zen ezer berria, falazia horiek bota izan dira gure inguruan ere. Orain berritasuna da kanpotik datozela.

Ez zizun erantzungo, noski.
Niri ez, baina beste batzuei bai. Mezu masibo bat bidali zuen esanez bere asmoa ez zela iraintzea, artikuluaren izenburua ere ez zela berea, erredakzioan erabaki zutela…, baina besterik ez.

Lehiaketa bateko erredaktore, bideo jokoetako gidoilari eta unibertsitateko irakasle izan zara, besteak beste. Egun doktoretza egiten ari zara EHUn, Lolita pertsonaiaren bilakaerari buruzko tesi batekin. Zergatik Lolita?
Gehiagotan ere egin izan didate galdera hori, susmagarria balitz bezala. Ez dakit, kasualitatez. Doktoregoko lan batean hasi nintzen, ikusi nuen interesgarria zela, oso pil-pileko gaia zela, eta mamia zeukala. Jarraitu egin nuen, eta jarraitu ahala ikusi nuen eman zezakeela.

Eta zer dio Lolitak oraingoz?
Lolitak ez dio ezer, besteek diote berari buruz. Nire helburua, eta baita beste ikerlari feminista batzuena ere, Lolitari ahotsa ematea da.

Idazleei egin beharreko galderetako bat: irakurle porrokatua al zara?
Bai. Txikitan gehiago, gero grina galduz doa, baina bai, nik uste dut ezin zarela idazle izan lehenik ez bazara irakurle. Gainera, idazteko zaletasuna beti dator irakurzaletasunetik.

Zoritxarrez ez dira asko zure gisakoak. Euskaraz irakurtzen dutenen kopurua oraindik okerragoa omen da. Horren aurrean zerbait egin daitekeela uste duzu?
Seguru asko, bai, egin daiteke. Euskaldunak ia milioi bat gara eta gero ikusten da liburu baten 1000 edo 2000 ale saltzen direla. Beraz, garbi dago zerbait gaizki egiten ari garela. Eta zerbait hobetu daitekeen? Ba seguru asko bai, baina nik ez daukat horretarako soluziorik. Ez dakit, agian gakoetako bat irakurlearenganako gertutasun gehiago agertzea izan daiteke, irakurleak senti dezala gure balio erantsia gertutasuna dela. Guk munduko edozein idazle irakur dezakegu, baina gertukoek abantaila hori dugu, bertakoak garela eta gertutasun handiagoz idatz dezakegula, gertukoagoa dugun hizkuntza batean. Baina ez dakit hori nola islatu daitekeen.

Erakundeetatik hainbat kanpaina jartzen dira martxan irakurzaletasuna bultzatu asmoz. Ba ote dute eraginkortasunik?
Ba ez dakit. Konparaketa bat egin beharko litzateke kanpainak egiten diren gizarte baten eta egiten ez diren beste baten artean, baina ez dakit. Uste dut kanpaina horiek jarraipena behar dutela, zerbait intentsiboagoa izan behar dutela, eta esparru guztietan ematen dena.

Egin beharreko beste galdera bat: idazten, noiztik?
Txikitatik. Irakurtzen ere oso goiz hasi nintzen. Txikia nintzelarik, eskolan nengoelarik ere idazten nuen, ipuintxoak, ez hankarik ez bururik ez zuten ipuinak, baina idazteko grina hori jada islatzen zen orduan. Koadernoetan ditut ipuinak, hortxe geratu dira gordeta. Baina uste dut goiz hastea ondo dagoela, nire ustez, praktikatu egin behar baita. Goiz hasten bazara, praktika gehiago izango duzu, eta hori, seguru asko, onerako izango da. Kirola bezala da, forma mantendu behar duzu, gihar hori indartsu mantendu behar duzu. Nik horretarako, adibidez, blog-a daukat, ez badut ipuin bat idatzi nahi, beti daukat blog-a beste zerbait idazteko. Gauza da egunero-egunero zerbait idaztea eta eskua bero izatea. Horrela, inspirazioa deitzen dugun hori etortzean denean, eskua bero izango duzu eta prest egongo zara erronka horri aurre egiteko.

Blog-a aipatu duzu. Ezagun egin da zure G&A (Gauez eta Azpikeriaz) blog-a.
Beno, Keith Johnsonen artikuluari idatzitako erantzuna dela eta, salbuespena izan da jasotako erantzun kopurua. Besteetan ez dira hainbeste izaten. Baina blog-arekin oso goiz hasi nintzenez, egia da berehala lortu zuela pixka bat zabaltzea. Orduan gutxi zirenez, erraza baitzen zertxobait nabarmentzea. Eta beno, orain mantendu egin da, baina gaur egun blog asko dago, eskaintza asko dibertsifikatu da.

Ipuinak aukeratu dituzu zure lehenengo liburua osatzeko. Arrazoi jakinen batengatik?
Arrazoi desberdinak daude. Arrazoi batzuk literarioak dira eta beste batzuk praktikoak. Literarioen artean leudeke ipuina gustatzen zaidala genero moduan, eta genero horren defendatzailea ere banaizela. Asko gustatzen zait ipuinen generoa, eta uste dut ez dagoela behar adina baloratuta. Badirudi nobela, ipuinen aldean, funts handiagoa duen zerbait dela. Ipuinak baditu abantaila argi batzuk, bere indar kontzentratua, bere iradokitzeko gaitasuna, metro bidai batean irakur dezakegula… Eta arrazoi praktikoen barruan, nobela bat idazteko kontzentrazio handiagoa behar dela denbora tarte luzeago batean uste dudala esango nuke. Nik ipuin bat buruan badaukat, idazten hasi eta bi edo hiru astetan buka dezaket, eta gero ahaztu eta obsesio horrekin bukatu. Baina nobela batekin obsesionatuta egon behar duzu idazten duzun denbora guztian, hau da, agian urtebetean.

Aspalditik al zenituen gordeta liburuan bildu dituzun ipuinak?
Ez, 2005ean idatzi nituen zaharrenak. Lehenagokoak ere baditut asko, baina ez dut uste argitaratzea merezi zutenik. Hauek landuagoak ziren, kontua serioago ere hartu bainuen. Liburua idazteko proposamena egin zidatenean editoreari bizpahiru ipuin pasatu nizkion, ez zegoen liburua osorik, eta berak esan zidanean baietz, orduan hasi nintzen idazten. Beraz, libururako idatzi nituen. Gero bi ipuin kendu genituen, beste giro batekoak zirelako, ez nituen liburuaren barnean ikusten.

Liburua irakurri duen batek baino gehiagok “ipuin potenteak” direla esan du.
Ba pozgarria da hori entzutea. Izan ere, egoerak ez dira oso bereziak, pertsonaiak ere nahiko gertukoak dira, eta hala ere hori entzutea oso pozgarria da. Eguneroko bizimoduko egoeretatik eta arruntasunetik zerbait sakonagora jauzi egitea zen nire nahia.

Erraz jasotzen al du idazleak irakurlearen erantzuna?
Blog-era ohituta bazaude badirudi ezetz, isiltasuna dagoela, baina gero egia da erantzun horiek jaso ditudala, batzuk blog-aren bidez, hain zuzen ere. Horrez gain, irakurleen tarteak ere hor daude, eta horien bidez ere jasotzen duzu publikoaren iritzia. Lehen aldiz irakurle tarte batera joan nintzenean harrituta geratu nintzen. Durangoko liburutegi batean izan zen, eta bertara sartu nintzenean hogei lagun inguru zeuden bertan, guztiak nire liburuarekin. Nahiko flash-a izan zen hura niretzat. Liburu bat idazten duzunean ez duzu pentsatzen benetan norbaitek hartu eta irakurriko duenik, oso ideia abstraktua da irakurlearena. Eta irakurle tarte horietan ikusten duzu jendeak irakurri egiten duela benetan, eta gauzak komentatu egiten dizkizula, horrek ere harritu egin nau. Esaten dizute, “hori idatzi duzu horregatik eta hargatik”. Eta pentsatzen duzu, “irakurri egin du benetan!”.

Eta zuk hasieran buruan zenuena bat etorri al da irakurleak ulertu duenarekin?
Beno, nik intentzio argirik ere ez nuen, askotan ez dakizu zergatik idazten duzun, besterik gabe idazten duzu. Hori bai, gero irakurle bakoitzak bere interpretazioa egingo du, eta hori da egokia eta polita, bakoitzak bere irakurketa egitea. Literatura, irakurlearekin talka egiten duenean bihurtzen da literatura. Baina egia da batzuetan harritu egiten zaituztela batek baino gehiagok egin ohi dituzten interpretazioek.

Lehen aipatu duzu zure ipuinetako pertsonaiak nahiko gertukoak direla. Errealitatean oinarritu zara pertsonaia horiek osatzerakoan?
Bai, noski. Errealitatea da lanerako nire lehengaia, ikusten dudana, sentitzen dudana… Askotan nire lagunek beldurra izaten dute, nire aurrean zer egin edo zer esan, gero hori agian liburu batera eramango dudalako… Baina pertsonaia horiek oso itxuraldatuta daude, ezin dira errekonozitu. Beraz, hemendik lagunei esan nahi diet beldurrik ez izateko. Baina bai, noski, errealitatean oinarritu naiz. Gainera, darabildan generoa errealismoa da, ez da, esaterako, zientzia fikzioa.

Beharbada, errealitatetik zertxobait urruntzen den ipuina Ness lakuan kokatzen dena izango da.
Bai, badu puntu esoteriko bat. Baina nik uste dut klabe errealista batean ere irakur daitekeela, hau da, hori guztia gezurra dela, edo emakume hori zoro bat dela. Baina beti uzten da hor zalantza, ezta? Dena den, errealitatean ere baditugu zalantzak, badaude azaldu ezin ditugun gauza arraroak. Beraz, hori ere errealista da.

Kuriositate bat. Azken ipuinean deskribatzen duzun neskak, liburuan agertzen den zure argazkian daramatzazun jantzi berdinak daramatza, gona gorria eta larruzko jaka beltza. Kasualitatea?
Ni ez nintzen horretaz konturatu, irakurle batek esan zidan. Kasualitatea da, nik uste, edo agian zerbait paranormala! Ez, kasualitatez, argazkiak egin zizkidaten egunean jantzi horiek aukeratu nituen, baina ipuina idatzi nuenean ez neukan arropa hori. Ipuina guztietan zaharrena da, duela bi urte eta erdi ingurukoa, eta orduan oraindik ez neuzkan jantzi horiek. Nire ustez kasualitatea izan da, beno, batzuetan inkontzienteak ere jokatzen ditu halakoak… Baina badiotsut, ipuina idatzi nuenean jantzi horiek ez nituen oraindik eskuartean, eta argazki sesiorako jantzi nintzenean ez neukan ipuina buruan.

Patricia eta MJren ipuinean, homosexualei ‘festa gonbidatuak’ deitzen diezu. Izen horixe jarri diozu ipuinari.
Bai, baina hori ez da nik asmatua. Patricia eta MJ pertsonaia errealak dira, Patricia Highsmith idazlea eta bere maitale bat. Nik maitalearen, hau da, MJ deitzen den emakume horren memoria liburu bat irakurri nuen, eta bertan Patricia Highsmith-ekin Pensilvania urrun horretan bizitako bi urteren inguruan hitz egiten zuen. 60ko hamarkadan AEBtako homosexualen bizimoduko gorabeherak aipatzen dira liburuan, eta kuriositateetako bat da nola beraien artean elkar ulertzeko hitz horiek erabiltzen zituzten: ‘festa gonbidatuak’. Ipuina hortik atera nuen, eta aipatzen diren beste xehetasun batzuk ere liburu horretakoak dira.

Sua falta omen zaigu. Guztioi?
Bai, nik uste dut baietz. Lehenengo ipuinak dauka izenburu hori, eta kasu horretan ez da metafora bat bakarrik, egia baita literalki protagonistei sua falta zaiela. Gero, ordea, izenburura pasatzerakoan bere balio literala galdu egiten du, metafora bihurtuz, eta uste dut guztiontzat balio duela metafora horrek. Baina hori gizakiaren ezaugarri bat da, inoiz ez gaude asebeteta eta horrekin bizi behar dugu. Horrelakoa da giza-natura: zerbait lortzen dugunean, jada hura lortu dugu eta beste zerbaiten atzetik hasi behar dugu.

Zein izan da buelta gehien emanarazi dizun ipuina?
Ba ez dakit, egia esan ez dut ipuinetan gehiegi pentsatzen behin bukatutakoan. Seguru asko, ipuinen batek besteek baino lan gehiago emango zidan, baina gauza txarrak ahaztu egiten dira eta…. Aldiz, gogoratzen dut batzuk erraz idatzi nituela. Adibidez, Arazo bat berez berez atera zitzaidan, Hirugarrenik Asier idazten ere asko disfrutatu nuen.

Eta ipuinik kuttunena?
Ba, seguru asko horixe bera, Hirugarrenik Asier. Gainera, ipuin horixe izan da kritika kontrajarri gehien jaso dituena. Jende askori ez zaio batere gustatu, eta beste askok, berriz, batez ere nire inguruko jendeak, gehien gustatu zaiena izan dela esan didate. Eta niretzat ere bai. Idatzi nuen azken ipuina izan zen, eta banekienez libururako ez nuela ipuin gehiago idatziko, askoz askeago aritu nintzen, “hemen dena botako dut, mugarik gabe”, esan nuen, eta agian horregatik da niretzat kuttunena.

Eta dena bota al zenuen?
Beno, dena ez da inoiz botatzen, baina lotsagabe jokatu nuen. Eta hori da jende askori gustatu ez zaiona, esaten dute ez dela sinesgarria, baina nik uste dut klabe ‘katxondo’ batean irakur daitekeela, nik horrela idatzi nuen, eta niretzat sinesgarria da. Ez da ikusi ez dudan ezer kontatzen.

Aurrera begira beste formaturen bat lantzeko asmorik?
Momentuz beste ipuin liburu batekin ari naiz. Igartza beka eman zidaten, eta aurkeztu nuen proiektua ipuin liburua zen, beraz, momentuz ipuinekin jarraitzen dut. Agian hurrengoan bai, baina oraindik hurrengoan pentsatzea asko pentsatzea da, eskuartean dudana hasiberria baitaukat. Irailean aurkeztu behar dut, oraindik denbora asko daukat aurretik.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu