Juan Kruz Igerabide: “Bortxakerian oinarritutako irakaskuntza kritikatzen dut. Gure belaunaldiak eta aurrekoek jasan dugu tortura hori”

0

[2006ko ekainean Beterriko Liburua aldizkariaren 56. zenbakian argitaratutako elkarrizketa]

Adunarra jaiotzaz, Adunan bizi da egun ere. Adunan jaso du berriki Beterriko Liburua 2005 izendapena. Irakurleek Hauts bihurtu zineten eleberria aukeratu dute 2005 urteko liburuen artean gogokoena. Luze eta zabal azaldu ditu idazleak eleberriaren nondik norakoak.

Beterriko Liburua 2005 aipamena jaso berri duzu. Gustura?
Oso pozgarria izan da saria jasotzea. Konnotazio askotxo ditu niretzat. Beterri izena bera… Nik ikasi dudan euskarak hemengo doinua du, eta horrek gertutasun berezia ematen dio sariari, halako balio sentimental bat.

Kritikak 2005eko libururik onenen artean jarri zuen zure azken lana. Irakurleek ere halaxe azaldu dute…
Argitaratu diren kritikak onak izan dira, oro har. Liburu honen kasuan, irakurlearen iritziak balio berezia du niretzat, barruan dagoen gaiarengatik. Kritikoen onespena lortzea garrantzitsua izaten da idazlearentzat, nolabait obraren kalitatearen bermea delako, teorian behintzat. Baina zailena irakurlearengana iristea da. Bi alde horiek uztartzea, berriz, zorte handia da.

Saria jasotzerakoan, hitzaldi benetan hunkigarria eskaini zenuen. Gurasoei eskaini zenien saria…
Alde batetik lekuak eragin berezia zuen nigan; bestetik, nobelan garbi antzematen da pasarte asko daudela bizi izandakoak, eta tartean gurasoen itzala ere nabari da. Agian nobelan ez dute lehen planorik hartzen, baina, hondoan, itzal gisa, garrantzi handia dute.

Liburu zerrenda luzea eman duzu argitara. Orain artean, haur eta gazte literatura, poesia, itzulpena eta aforismoak landu dituzu batik bat. Nola etorri da helduentzako lehen eleberria idazteko jauzia?
Azken lan hau aurreko liburuen bide berean dagoela iruditzen zait. Forma aldatu da. Kasu honetan, bizitako esperientzietan oinarritutako fikzioa egiteko, nobela iruditu zitzaidan generorik egokiena. Liburuak idazten hasi nintzenetik, neure buruari eta inguruari bizitzaren zentzuaz galdezka ari naiz. Poesiaren bidez, aforismoen bidez (eta haur literaturan ere bai, beste modu batera), bizitzaren esperientzia hori neure buruari argitzen saiatzen naiz: Zer pasatzen ari zait? Zer pasatzen ari zaie ingurukoei? Nola uler dezaket hau edo hura?… Alde batetik, bizipenen historiaren ikuspegi bat lantzen dut; eta, bestetik, barruko psikologiaren ikuspegia. Hasieratik egin dut hori poesian, baita aforismoetan ere. Oraingo hau beste pauso bat izan da bide berean. Nobelaren fikzioa aukeratu dut oraingoan bizipen horiek kontatzeko.

Zer nolakoa izan da eleberria idazteko esperientzia?
Niretzat generorik zailena poesia da. Eta nekagarriena, nobela. Azken batean, tonu bat hartu, horri eutsi, gai bat biribildu, eta etengabe indartu behar duzun unibertso bat sortzea ez da erraza. Poesia zatika idazten da; une intentsoak dira, baina laburrak. Nobela denbora luzean idazten da, eta, beraz, nekagarriagoa da. Poesia kolpean jasotzen duzun karga handia da; nobela, berriz, bizkarrean denbora luzean eraman behar duzuna.

Batzuek, idazle bat aintzat hartzeko, gutxienez eleberri bat idatzi behar duela diote. Zer diozu zuk?
Literaturari egin dakiokeen harrikadarik ankerrenetakoa da hori. Dena den, errealitatean hala gertatzen da. Eta ez hori bakarrik: idazle batek, gizarteak kontuan har dezan, ez bakarrik nobela idatzi behar du; batez ere, asko saldu eta hotsa atera behar du. Ondorioz, bidean oso idazle interesgarriak galtzen ditugu. Idazle arrakastatsuak bitan bana ditzakegu: onak izanik suertez edo artez arrakasta lortu dutenak, eta zaborrarekin trapitxeoan aberastu diren idazle txarrak. Tartean, lehen esan dudan moduan, idazle on asko galtzen ditugu; horiek gustu handiz irakurtzen ditut, eta arrakastatsuek baino gehiago erakusten didate askotan. Gaur egun, ikusirik zer literatura dagoen modan, zer saltzen den asko, zerk duen oihartzuna…, gizarte honen martxa erakusten dit horrek, beste alor askotan bezala. Agian beti izan da horrela, arrakastaren kontua kalitatearekin uztartzea oso gutxitan gertatzen da. Niri dagokidanez, ez dut arrakastatsu sentitzeko motiborik, nahiz eta lan honen oihartzunarekin oso pozik nagoen. Nahiago nuke oihartzun hori kalitatearen seinale balitz. Denborak esango du hori. Idazlearen prozesua nahiko luzea da, eta obraren balioa idazlea hil eta gero ikusten da gehienetan, merezimenduak aitortzeko, edo ukatzeko.

Askotan gertatzen da hori…
Txarrerako edo onerako; zu ez zaudenean, denborak egiten du bidea. Eta, gehienetan, zurekin batera desagertzen dira zure lanak. Merezi duten lanak aurrera ateratzen dira maiz, baina ez beti. Naturan ere antzeko zerbait gertatzen da, eta ez da kexuka hasteko kontua, baina kontuan eduki beharko genuke gure balio-eskalak antolatzerakoan. Literatura bat eraikitzerakoan, txikienak ere bere maila jartzen du, eta oinarri horren gainean egiten dute beste batzuek lan indartsuagoa; lan txikirik gabe ez da lan handirik ateratzen. Euskaraz gehiegi argitaratzen dela diote. Baliteke. Baina kontua besterik da: argitatatzen diren horien artean ba al da merezi duen lanik?

Frankismo garaian eta ondorengo urteetan kokatu duzu eleberria. Urte gogorrak, zalantzarik gabe…
Urte gogorrak izan ziren. Alde batetik, oso momentu gutxitan izaten du gizarte batek halako esperantza. Gaztediaren zati handi batek zerbait aldatzeko aukera ikusten zuen, eta dena eman zuen. Hori gutxitan gertatzen da. Bi indar agertzen dira halakoetan: batetik, ideiak berriztatu eta pertsonen barruak eta buruak astintzen dituen indar espiritual edo garbitzaile bat; eta, bestetik, eta aldi berean, degenerazioa hasten da. Gizartean zerbait berritzen denean, ustelkeria aldi berean hasten da, norberaren barruan. Beraz, hasieratik beretik ikuspegi kritikoa abiatu beharra dago.

Garai hartako borroka ideologikoaren oihartzunak ozenak dira. Tartean, hilketak, torturak, bahiketak… Egoera hura islatzean, gertaera haiek barru-barrutik bizitakoaren luma ageri da.
Geroztik ere izan dira antzekoak, baina garai hartan biderkatu egin zen dena. Gerra ondoren izandako gatazka unerik handiena izan zen. Jakina, halako egoeratan, boterean dagoenaren erreakzioa bortitza izaten da. Eta, noski, boterearen kontra doazenen artean ere sortzen da bortizkeria. Dena den, nobela honetan ez da azterketa historiko zehatz bat eskaintzen, nahiz eta oinarrian halako gogoetak sumatu. Norberak ondorioak ateratzeko hari batzuk josten dira. Baina, batez ere, bizipen pertsonalak eskaintzen dira nobelan. Nola bizitzen dituzte hainbat pertsonak egoera horiek? Hori da liburuan kontatzen dena..

Bestearen bizia errespetatzearen aldeko aldarria mezu garbia ageri da eleberrian zehar.
Hori nobelan hasieratik dagoen kinka bat da. Heriotza presente dago hasieratik eta baita gogorkeria ere. Horren aurrean, Adela pertsonaia nagusiaren jarrera oso tinkoa da. Apaizarena edo Joxe Marirena ere bide beretsutik doaz, agian Joxe Marirena kontraesankorragoa da baina. Adelaren jarrera, berriz, oso koherentea eta duina da hasieratik. Berak ematen dizkio Juantxo kontalariari bortxakeria ororen kontrako mezuak. Baina Juantxok ez dauka hain argi. Zalantza egingo du hainbat egoeratan. Eta egoera horiek, kinka horiek eragiteko dago Marro pertsonaia. Agian nobelako irakaspenik handiena Marrok eman edo probokatuko dio protagonista gazteari. Gainera, bortxakeriari dagokionez, oso orri gutxitan kontatuta badago ere, aitaren historia ere hor dago; bortxakeriaren aurrean bizi izandako beste esperientzia bat kontatzen da, gerra garaikoa. Zer gertatzen da muturreko egoera batean? Pertsonaia horiek ahalik eta zintzoen jokatzen ari dira, baina begira zer egiten duten… Bai, kinka hori dago liburuan zehar. Oro har, hiru jokabide erakusten dira liburuan: batetik, zerri jokatzen duenarena; bestetik, jarrera zintzoa izan arren, egoera batzuen aurrean gaindituta kontrola galtzen duenarena edo gorrotoa gailentzen zaionarena; eta, azkenik, Adelaren jarrera, denetan koherenteena, egoera guztietan duintasuna mantentzen duena. Baina, azken batean, Adelaren jarrera ere hain tinkoa ote?

Pertsonaien perfilak eta haien arteko harremanak sakonean landu dituzula nabari da liburuan.
Pertsonaiekin apustu arriskutsua egin dut. Istorio hau kontatzeko behar nuelako, gaur egun ohikoa ez den tratamendua eman diet pertsonaiei. Arketipoetatik oso gertu daude. Izan daitezke Shakespeareren pertsonaia batzuk. Narratzaileak Enrike IV.arekin antza handia du, Marrok Falstaf-ekin, eta Adelak norekin ote? Horrek arrisku bat du; pertsonaia horiek ez errealak gertatzea. Horien benetakotasuna edo sinesgarritasuna beramatzeko, barren-barreneko zauriak agertu ditut. Alegia, nik oso-oso gertutik bizitako esperientziak pertsonaiengan ipintzen saiatu naiz. Horrekin irakurleak sentitzen baldin badu pertsonaia horiek sinesgarriak eta gertukoak egiten zaizkiola, nire asmoa lortu dut. Bestela, ez dut lortu.

Liburu bat idazterakoan, pertsonaiak, hezur-haragizko pertsonetan oinarrituta osatzen direla esan ohi da. Hala al da kasu honetan ere?
Bai, aipaturiko arketipo horiez gain, batez ere pertsona jakin batzuk daude oinarrian, eta batez ere nire bizipenak. Adela nire nortasunaren alde bat da, eta, alde hori osatzeko, pertsona askoren eragina izan dut. Nire nortasunaren beste aldean, Marro ere hor dago. Bai, hori ere ni naiz, eta jarrera hori erakutsi didatenak ere ez dira bat eta bi. Kontalariari dagokionez, Juantxo, nire kontzientziaren ispilu izan daiteke, hori ere pertsona askoren eraginez osatua. Indar nagusi horiek daude batez ere, nirekin zerikusi zuzena dutenak: Adela, Marro, eta bien artean argitu nahian dabilen kontalaria.

Zer du Juantxo narratzaileak Juan Kruzen gaztarotik?
Pertsonaiari propio jarri diot izen hori. Baina izenaren erdia bakarrik jarri diot. Berak bere autonomia du nobelan. Juantxok baditu nik bizi izandako gauzak, nire lagunek bizi izandakoak, eta nik ezagutu ez nituen aukera batzuk ere eman dizkiot; dena den, lehen pertsonan bizi izandako oinarrizko esperientzia asko du bere gain: Oria ibaian ito ziren arraunlarien kasua txikitan ezagutu nuen nik. Gogoan dut nola ekarri zituzten hiru arraunlariak; bat umea zen. Inpresio bortitza egin zidan kontu hark. Geroztik ez da batelik ibili hor, oraintsu arte. Oria ibaia hasieratik amaiera arte dago; ibai serioa da, txorakeriarik gabekoa. Hau ez dut kontatzen liburuan, baina ETAren lehen notizia Oria ibaiarekin loturik jaso nuen haurtzaroan: ETAren lehen hilketa izan zela uste dut, Adunatik gertu, Oria ibaiaren ondoan. Gure aita kamioiarekin zetorren handik gutxira, eta bertan tokatu zen. Haren ahotik jaso nuen berria. Geroxeago, Bentaundin, Oria ertzean berriz ere, Etxebarrieta hil zuten. Eta nobelan oihartzuna duen kantari batek egin zuen haren ohorezko kantua, Imanolek: Lehengo batean, / kalearen erdian, / Benta-Handi erdian, / Xabier anaia, hil zuten.

Adela da liburuko beste protagonista nagusia. Maistra aurrerakoia, liburuari ukitu goxoa erantsiko diona…
Adelak asko du amatasunetik. Amodioaren alde amakoia erakusten du. Bizitzak esperientziekin hezi egiten gaitu, eta, batzuetan, gogorra izaten da heziketa hori. Baina badago esku bat hori eztitzen duena; Adela da horren sinbolo. Amatasunaren papera betetzen du, indar arketipiko gisa. Ama Birjinarekin zerikusi pixka bat badu, nahiz eta bera komunista izan. Bidea erakusteko eta babesteko indar femeninoa da. Emakumearen intuizioa erakusten du. Bizitzan jokatzeko oso beharrezkoa den intuizio hori; amak, maistrak, arreba helduago batek edo lagun batek eskaintzen duena. Nire osaba batek zioen emakume zentzudunak gauzak gertatu baino lehen urrutitik ikusten dituela. Hori da Adela. Nora doan ez dakien mutiko horri eskutik heldu eta ibiltzen erakusten diona. Lehen, Ama Birjinaren bidez ezartzen zuen elizak sentimendu zintzoak barruan sartzeko indar hori. Gaur egun, gizarte laiko honek heziketaren bidez eragin nahi izaten du indar hori. Nahiz gizonezkoak edo emakumezkoak egin lan hori, intuizio mota femeninoa da. Nobelan beste neska batzuek ere badute indar hori, baina bereziki Adelak.

Adela etorri aurretik, ordea, bestelakoa zen ikastetxeko egoera. Garai hartako hezkuntza sistemaren kritika egiten duzu, zorrotz.
Bortxakerian oinarritutako irakaskuntza kritikatzen dut. Gure belaunaldiak eta aurrekoek jasan dugu tortura hori. Tortura izan da. Ni, zenbait egoeratan, torturatua sentitu nintzen umetan, eta zauri hori ez zait oraindik itxi. Nik bezala, askok dute garai hark eragindako hainbat konplexu. Handik edo hemendik sendatu egiten dira, baina era berean, barruan geratzen dira orbainak. Bestalde, nobelan salatzen da fisikoa ez den mina ere: min psikologikoa.

Urte haietan oraindik elizak zuen indarra agerian uzten duzu.
Amaren inguruan ikusten da gai hori batez ere. Hala ere, itzaltzen ari den zerbait da. Badago, Idoiaren bidez, erlijioa bizitzeko beste modu bat. askoz unibertsalagoa, ez hain eliza jakin bati lotua. Idoia oso librea da, eta hartzen dituen erabakiak ez ditu fede jakin batengatik hartzen. Adelarengan ere garbi ikusten da jarrera hori, baina Adelarengan arrazionalista den bezala, Idoiarengan askoz ere inpultsiboagoa da. Gizartea bakarrik ez, erlijioa ere trantsizio garai batean dago liburuan. Erlijio tradizionalaz gain, modu berriagoak ere aurkezten dituzte bai Adelak eta bai Idoiak. Alberto apaiz berriak ere, beste modu batera hitz egiten du.

Tartean badira ezinikusiak, noski; Marro, Julio, torturatzaileak…, baina, pertsonaien arteko harreman estuak goxoki landu dituzu; gurasoekikoa, lehen maitasun harremanak, Adelarekikoa, auzokideekikoa…
Egoera zailetan sortzen den adiskidetasun solidarioa ageri da hein handi batean. Nik uste, nobelan zehar indar hori ikusten dela. Ez dut eskolako lagunekiko adiskidetasunik garatu, amaigabea izango baitzen bestela nobela. Baina, Joxe Marirekin, Albertorekin, Adelarekin sortzen den adiskidetasunak indar espiritual berezia du. Egoera edo bizitza berri bat sortzeko ilusioa dute, eta, ondorioz, harremana berezia da. Gaizki konpontze eta jeloskortasunak ere badaude, jakina, baina indar solidario hori nagusitzen da. Muturreko egoera historiko horietan orokortu ohi diren diren bizipenak dira.

Beterri-Aiztondoko irakurleok bereziki Adunan eta inguruan kokatuko dugu eleberria. Baina hori ez da egia osoa, ezta? Nola egituratu duzu kokalekua eleberria idazterakoan?
Liburuari buruz bilbotarrekin hitz egin dudanean, berehala kokatzen zuten liburua Bilbo inguruko hainbat auzotan. Jakina, guk, Beterrikook, segituan ezagutzen dugu hainbat txoko, detaile geografiko asko ematen delako: ibaia, aldapa… Beste detaile batzuk, ordea, nobelarako bilduak dira. Geografia hori, azken batean, bizipenen geografia da, baina errealitatetik oso-oso gertu dagoena. Hala ere, ezin dugu esan kokalekua Aduna denik. Esaterako, garai hartan Adunan ez zen frontoi estalirik. Asanbladak Villabonako Berdura Plazan egiten ziren, edo Tolosan.

Liburuak oso tonu lasaigarria duela esan daiteke: yogari, janariari, hotsei…, tarte berezia eskaini diezu…
Alde batetik, Adelak duen janariarekiko ikuspegia ageri da azaletik, gehiegi garatu gabe. Adela budista baldin bada, pentsa dezakegu animaliak eta bizitza errespetatzeko ez duela haragirik jaten. Adela oso koherentea da, baita janariarekin ere. Soinuek eta hotsek, bestalde, nobela guztian betekizun handia dute; eta begiradek ere bai. Gogoetak eta begiradak. Kontakizuneko egoera dramatikoenetan ere, begiraden bidez halako jarrera meditatibo bat hartzen du kontalariak. Narratzailearen begiratzeko moduan badago meditazio jarrera bat. Liburua irakurtzean irakurle batzuek sentitu duten goxotasun hori jarrera meditatibo horretatik datorrela iruditzen zait.

Liburuaren amaieran drogak azalduko dira. Ilusioa galdu zuen belaunaldi nekatu baten ispilu moduan?
Ilusioa galdutako belaunaldia eta Europari ateak zabaltzean sartu zen zaborra elkartu dira. Adela Kataluniakoa da eta hango giroa ezagutu zuen. Garai hartan, diktaduran, Espainian zegoen hiririk irekiena zen Bartzelona. Drogen kontu horiek goiztiarragoak izan ziren han. Liburuan, kontu horri dagokionez, alde batetik defentsarik gabe geratu den belaunaldi baten porrota ageri da; beste batetik, mendebaldearen dekadentziaren zantzuak.

Kapitulu askori pentsalarien aipuekin eman diozu hasiera. Aipu horiek landu dituzu gero pertsonaien azalean…
Lehen esan dudan bezala, idazten hasi nintzenetik, bizitzako esperientziez gogoeta egitea izan da nire helburuetako bat. Eta, ondorioz, lan horren jarraipena da hau ere. Bestetik, pedagogia egin nahi izan dut; Adelaren paperean jarri eta gogoeta bultzatu. Hori ikuspegi ideologiko batetik egin nezakeen, baina jokabide hori ez dator bat nire oraingo pentsamoldearekin; aitzitik, gogoeta unibertsalen haria ekarri nahi izan dut. Literatura unibertsaleko idazle batzuen aipuetan ainguratu naiz. Gogoeta etiko, unibertsal horiek zabalik utzi ditut, irakurleak jarraipena eman diezaien. Nik tonua eman diot; `orain, egizu zeuk musika´.

Hizkuntza irakurterraza baina zaindua erabili duzu. Hitz bakoitza bere lekuan dagoela dirudi… Ahalegin berezia egin al duzu edo bere horretan sortu da idazkera?
Ahalegin berezia egin dut, zalantzarik gabe. Orain arte egin ditudan nobelak gazteentzat izan direnez, nolabaiteko kontrol inkontziente bat izan dut haietan, irakurlea kontuan hartuta. Kasu honetan, oso modu zabalean hartu dut irakurlea, eta, beraz, kendu egin dut kontrol hura. Irakurterraztasun hori aurretik egindako lanaren ondorioa izango da. Haurrentzat eta gazteentzat asko idazteak izango zuen eragin hori, ziur asko. Xumetasun landua egiten saiatu naiz.

Izenburuak ere badu bere historia, ezta?
Liburuaren hasieran, `Zuek, hil zineten, atomo huts, hauts bihurtu zineten…´, Mikel Arregik idatzi eta Imanolek abesten zuen poema zatia aipatzen da. Oso esanguratsua izan zen garai batean kanta hura. Niretzat, Imanolen ibilbidean muga bat markatzen du; protesta edo kanta politikoak egitetik, kanta lirikoak egitera pasatu zenekoa. Indar iraultzaile hura hauts bihurtuta ere, beren burua deuseztatzera edo desagertzera egin ez zuten asko eta asko lirikan babestu ziren/ginen.

Liburua labur-labur definitu beharko bazenu?
Bizitzaren aurreko nire lekukotza ahalik eta zintzoena.

Liburua idazterakoan izan al duzu zailtasunen bat? Eta zerk sentiarazi zaitu gustura?
Niretzat tonuari eustea izan da lanik zailena. Tartean gauza asko dago; pertsonaien sinesgarritasuna oso garrantzitsua da, kontakizuna hondatu gabe gogoeta egitea… Alderantziz, pasarte poetikoek sentiarazi naute goxoen edo lasaien. Arlo horretan erraz mugitzen naizenez, gozatuz aritu naiz.

Zer moduz literatur txokoetan? Zein harrera erakutsi dute irakurleek?
Orain artean ez nintzen halakoetan ibili, eta, egia esan, esperientzia polita izan da. Irakurle saiatuak izaten dira eta interesa erakusten dute liburuaren aurrean. Liburua aztertzeko modu bat da hori; ez da iristen kritiko batek egiten duen irakurketa landuraino, baina aski sakontzen da, eta idazlearentzat ere ezustekoak diren aldeak topatzen zaizkio liburuari..

Aurrera begira, zer?
Haurrentzat ari naiz idazten orain. Batez ere itzultzen. Beste apustu gogorren bat…, aurrerago beharbada!

Aurreikusten al duzu nobela honen gaztelaniazko bertsiorik?
Ari naiz lantzen, baina zaila dago argitaratzen. Saiatu, saiatuko naiz. Gaztelaniaz, haur literaturan egin dut bide bat, baina horrek ez du batere eraginik helduentzat argitaratzeko. Ikusiko dugu.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu