Karmele Jaio: “Euskal irakurleok eskura eduki beharko genuke atzerriko edozein idazleren obra euskaraz irakurtzeko aukera”

0

[2006ko ekainean Beterriko Liburua aldizkariaren 30. zenbakian argitaratutako elkarrizketa]

Gasteiztarra. Idazle eta kazetaria. Hainbat komunikabidetan eta Elkar Fundazioan lanean aritu eta gero, Emakundeko prentsa arduraduna da egun. Hamabost zauri ipuin liburuaren ondoren, lehen eleberriarekin dator orain: Amaren eskuak.

Kontaiguzu nolatan hasi zinen idazten, zein izan ziren zure lehen pausoakā€¦
Idazten nahiko berandu hasi nintzen, hogei urterekin-edo. Baina txikitatik eduki dut letretarako zaletasuna. Txiki-txikitan, amari ipuinak kontatzeko eskatzen nion. Irakurtzen ikasi nuenean, behin eta berriz irakurtzen nituen ipuinak; ozen askotan. Letrek umetatik erakarri izan naute. Idazten hasteko momentu klabea, mundu horretan ere, ikasteko zenbat zegoen konturatu nintzenean iritsi zitzaidan. Bai, idazteko ikasi egin behar daā€¦, ni horretan saiatu nintzen.

Kazetari eta idazle. Letren jira-biran?
Letrak dira bi langintzetako osagai nagusiak, baina nik, oso gauza ezberdin bezala hartzen ditut. Agian, egun osoan gauza bera egiten dudala ez pentsatzeagatik! Ez, ez; adreiluekin lan eginez gero ere, oso gauza ezberdinak egin daitezke.

Nola ikusten duzu euskal literaturaren oraina?
Sormen aldetik oso egoera onean ikusten dut. Idazle asko ari da sortzen eta hori oso ona da. Irakurzaletasuna beste kontu bat daā€¦, zenbat irakurtzen den? Hezkuntzatik bereziki, bultzada eman beharreko gaia da. Oso garrantzitsua da bide hori serio lantzea. Egungo idazleok, agian aurrekoek izan ez zuten zortea daukagu: komunikabideek kasu egiten digute, oihartzuna daukagu atzean. Aurretik, hainbat idazlek ez zuten merezitako atentziorik izan. Gu, haiek ere eraiki zuten uzta jasotzen ari garenez, eskerrak eman beharrean gaude.

Eta etorkizuna?
Ez dakit zer gertatuko den etorkizunean, baina bereizi egin beharko lirateke batetik literatura eta bestetik, hizkuntza gutxitu batean idatzitako literatura. Literatura beraren norabidea? Nik uste mundu mailan dauden joerek eragin handia izango dutela. Best seller-ak irakurtzeko joera uniformizatuak eragina izango du, zalantzarik gabe. Guk hizkuntza gutxitu batean idaztearen berezitasuna daukagu. Abantaila edo oztopoa izan daiteke horiā€¦ Oztopoak abantaila bihurtzen ahalegindu beharko genuke. Niri, etorkizunera begira, oso garrantzitsua iruditzen zait itzulpena bultzatzea. Klasikoak itzultzen dira eta oso garrantzitsua da hori baina, horrez gain, beste saiakera batzuk ere egin beharko lirateke: Esaterako, Alberdania argitaletxeak berriki itzuli duen Paul Austerren liburuaren bideari eustea. Euskal irakurleok eskura eduki beharko genuke atzerriko edozein idazleren obra euskaraz irakurtzeko aukera.

Azken boladan euskaraz gustura irakurri duzun libururik? Gomendatuko zenukeenik?
Azken aldian gustura irakurri dudan liburua, hain zuzen, itzulpena izan da. Literatura Unibertsala bilduman argitaratutako Dorothy Parker-en Hona hemen gu biok ipuin liburua aipatuko nuke. Orain gutxi atera da liburua. Asko gustatzen zait Dorothy Parker idazlea eta ez nuen orain artean euskaraz irakurtzeko aukerarik izan. Oso gustura irakurri dut.

Argitaratu zenuen lehen lana, ipuin liburua izan zen. Hamabost zauri zuen izenburua eta, gutxienez, zauri bat jasotzen zuen ipuin bakoitzak. Maitasunak edo beldurrek eragindakoak ziren gehienakā€¦
Hamabost ipuin ziren eta, nolabait, ipuin bakoitzean zauri bat zegoen. Pertsona bati egoeraren batek edo beste pertsonaren batek eragindako zauria. Gehienak komunikazio faltaren ondorioz sortutako zauriak ziren. Esan nahi dugun hainbat gauza pasatzen zaigu burutik, baina askotan, egoeragatik edo dena delakoagatik, esan gabe uzten ditugu. Barruan geratzen diren hitzek zauriak sortzen dituzte, horixe zen buruan nuen ideia nagusia. Tartean badaude, ordea, beste hainbat gai.

Tonu zorrotzeko ipuinak biltzen zituen liburu hark. Mezua zuzen azaltzea izan zen zure helburua, ezta?
Zuzena izateko joera hori dut. Ez dakit, agian kazetaritzak eragindako joera da. Ez naiz hitzekin malabarismoak egiten saiatzen. Nire helburua, buruan daukadan ideia irakurleari argi azaltzea da. Zentzu horretan, hitzak autoa martxan jartzeko tresna modura ulertzen ditut eta ez, apaingarri bezala. Hitzetan baino gehiago, liburuaren emaitzan ikusi nahi dut edertasuna. Ez dut hitza oztopo bihurtu nahi bidean. Oso bisuala izan nahi dut eta horretarako garbiketa lana egiten dut.

Ipuinetik nobelarako jauzia egitea erabaki zenuen geroā€¦Igartza bekan proiektua aurkezteak izan al zuen horretan zerikusirik?
Froga baino erronka bat izan zen niretzat. Ordura arte ipuinak idatzi nituen beti. Sekula nobela bat idatzi ez nuenez, `beka hau irabaztea lortzen badut, nobela bat idaztera behartuta egongo naizĀ“, pentsatu nuen. Nobela idazteko jakin-mina nuen. Baina, nire kabuz, etxean, idazten hasiz gero, agian ipuinetara joko nuen. Saiakera egitea erabaki eta beka irabaztea lortu nuen.

Nola garatu zenuen proiektua?
Lagin bat aurkeztu behar izaten da. Nik bost kapitulu aurkeztu nituen; liburuaren lehenengo bost kapituluak. Horrekin batera, azalpen bat; norantz nindoan, zer kontatu nahi nuenā€¦

Eta hurrengo pausoa, hasierako proiektu horri eleberri itxura ematea. Zer nolakoa izan zen prozesua?
Hori izan zen erronkarik handiena. Orduan sentitu nuen lepagainean pisurik astunena. Abiatzea eta zer kontatu nahi duzun azaltzea gauza bat da baina, oso bestelako gauza da hori guztia liburuan kontatzea. Behin saria jasotakoan, halako errespontsabilitatea ere sentitu nuen. Epe bat zegoenez, azkarrago idaztera bultzatu ninduen horrek; epea amaitu eta lana bukatu gabe izatearen beldur bainintzen. Esperientzia oso aberasgarria izan da, aurreko ipuinekin alderatuta, oso ezberdina izan delako. Lan egiteko modua asko aldatu dut. Konstantzia ikasgai bat izan da; gai berarekin denbora luzez aritu arren, asko bete nau. Entrenamendu bat izan da.

Eleberrira etorrita, Igartza saria bakarrik ez, Zilarrezko Euskadi saria ere jaso zenuen liburuarekin. Irakurleek harrera beroa egin diote oso kritika onak izan dituen liburuari. Gainera, aurrerantzean, zeresan handiko idazlea izango zarela ere entzun da. Lore askoā€¦ Nola jaso duzu hori guztia?
Pozik nago orain arte egindako bidearekin baina, egia esan, ez naiz horrez guztiaz hain kontziente. Kritika onak entzutean, apaltasun osoz jasotzen ditut nik. Oraindik ere, ikasteko asko daukadala pentsatzen jarraitzen dut. Gero eta liburu gehiago irakurri, gero eta gehiago jabetzen naiz zenbat daukadan ikasteko. Gainera, bai kritika onak zein txarrak, distantziarekin hartu behar direla uste dut. Kritikak oso onak direnean, ez da guzti-guztia sinistu behar. Txarrak direnean ere, hoztasunez ez baina, distantziaz hartu behar dira.

Eleberrian, bi belaunaldi ezberdinetako emakumeen beldurrak ekarri dituzu kontaketara. Garai ezberdinak izanagatik, sentitzeko modua hainbeste aldatzen ez dela agerian utzi duzuā€¦
Bai, horixe da kontakizunaren azpian dagoen lehenengo helburua; garaiak eta testuingurua oso desberdinak izanagatik, garai batean nahiz bestean, bizitza oso antzekoa dela azaldu nahi nuen. Badaudela guztiok kezkatzen gaituzten gai nagusiak. Ziur naiz nik izan ditzakedan kezkak eta nire amak edo amamak, nire adina zutenean izan zitzaketenak, oso antzekoak direla. Horregatik jarri nituen parean antzeko bi egoera. Batzuetan gure garaia aurrekoarekin oso ezberdina dela iruditzen zaigu, oso ezberdinak garela. Baina azken batean, gauza bera gara.

Sentitzeko modua agian ez baina, bizitza bera guztiz ezberdina da. Luisa lasaitasunaren irudia da; Nerea estresarena, iritsi ezinarenaā€¦Egungo bizimodu azkarrari kritika?
Egungo gaitzetako bat islatu nahi nuen. Korrika nola bizi garen; askotan, ez dakit bizi garen ereā€¦ Muinera sartu gabe bizi garela iruditzen zait, azalean. Hain azkar ibiltzeagatik, azalean geratzen gara; bai harremanetan eta baita bizitzako beste hainbat gaietan ere. Askotan, hain goaz azkar, ez ditugula alboan ditugun pertsonak ezagutu ere egiten. Liburuaren kasuan ere, protagonistak ama alboan eduki arren, ez du ondo ezagutuko behin gaixotu eta izeba laguntzera etortzen den arte. Nerea, denbora luzean ama ezagutu ez duela konturatuko da. Lehen esan dut gauza bera garela baina, testuinguruak nola markatzen gaituen ere erakutsi nahi izan dut. Horregatik aipatzen dut Alice-ren gaia. Bera ere, gu bezala, mundu ezezagun batera jauzi zela erakutsi nahi nuen eta halabeharrez moldatu behar izan zuela, gu ere ezinbestean moldatzen garen bezala.

Gai ezberdinak jorratzen dira atzean baina, maitasunak eta maiteminak dute agian pisurik nagusiena nobelanā€¦
Guztiok gai potolo berberak ditugu bizitzan zehar, nik hala ikusten dut behintzat. Horietako bat maitasuna da, garrantzia handia du gure bizitzan. Horregatik agertzen da maitasuna garai ezberdinetako bi pertsonaien bizitzetan. Bizitzako gertaerek, ordea, eragina dute gugan, eta nahi arren, harremana aurrera ateratzea ez da beti posible izaten. Karlosen kasuan egoera politikoak baldintzatuko du harremana.

Nerearen eta Karlosen arteko harremana itxi gabe geratzen da. `Jar diezaiola amaiera irakurleakĀ“, pentsatuta?
Batek edo bestek esan dit, `ez duzu Karlosekin zer gertatzen den argitzenĀ“. Nik azaldu nahi nuena azalduta utzi dut. Pertsonaia nagusi horretan gertatzen den aldaketa erakutsi nahi nuen. Nereak `bai, Karlos ikusi egin nahi dutĀ“, erabakitzen duenean eta gainera, `senarrari kontatuko diotĀ“, pentsatzen duenean, desagertu egiten da mamua. Hortik aurrera, niri berdin zait zer gertatzen den bien artean, eta horregatik, ez dut haien arteko harremana itxi beharrik sentitu. Bukaera irekiak atsegin ditut, horregatik gustatzen zaizkit seguruenik horrenbeste ipuinak. Gauza asko, itzalean eta bukatu gabe uzteko aukera ematen dutelako.

Garai ezberdinetako pertsonaiak oinarrian hartzeak, garai ezberdinetako egoerez hitz egiteko aukera ere eman dizu. Esaterako, egungo Euskal Herriko egoera politikoaren oihartzunak entzuten diraā€¦
Garai ezberdinak txertatzeak, garai ezberdinak ukitzeko aukera eman dit; ez sakonki, baina niretzat nahikoa izan da gai batzuetara gerturatzeko. Irakurleak, azpian dagoen mezua, emandako datu gutxi horiekin ulertuko duela badakit. Nahiago izan dut gai batzuk ez gehiegi garatzea; aipatuta utzi, besterik gabe. Berriz ere, ipuinetarako dudan joeraren eragina.

Gizonak ageri badira ere, emakumeei eman diezu tarte nagusia. Kontzienteki egin al duzu aukeraketa hori?
Nire partetik, nik sentitzen dudana azaltzeko, emakumeen bizitza gertukoagoa egiten zitzaidan. Batek baino gehiagok esan dit gizonak guztiz baztertuta ageri direla nobelan. Agian bai. Arlo pribatuko gaiak emakumeen eskuetan egon dira beti eta oraindik ere, neurri handi batean, gure gain daude; etxeko lanak, zainketakā€¦ Ez kontzienteki baina, agertu egin da gai hori ere. Nik ez nuen emakumeei buruzko nobela bat idatzi nahi. Horrela atera zait. Lana bukatutakoan `zergatik atera zait horrela?Ā“, galdera egin diot nire buruari.

`Amaren eskuakĀ“ liburuaren izenburua baino askoz ere gehiago da. Eskuak ahaleginaren, maitasunaren, beldurraren ispilu dira, ezta?
Asko esaten dute eskuek. Niretzat oso espresiboak dira. Gainera amaren eskuak bereziki dira garrantzitsuak. Ziur naiz edozein pertsonari `itxi begiak eta gogoratu une batez nolakoak diren zure amaren eskuakĀ“ esanda, guztiek edo gehienek gogoratuko lituzketela. Ni behintzat kapaz naiz hori egiteko, eta momentu batean, ikusi egiten ditut gainera. Haurren zainketan emakumeak egon direlako dira hain garrantzitsuak amaren eskuak. Umetan lurrera jauztean, hortxe zegoen amaren eskua edo bidea zeharkatzen hasitakoan, hortxe zegoen amaren eskua. Beti egon da ondoan. Zentzu horretan, garrantzia hori eman nahi nien eskuei. Orain gutxi, kontu bitxi bat gertatu zait eskuak direla eta. Irakurle batek, Mercedes Sosaren diska barruan zuen eskutitz bat bidali zidan. Bertan `las manos de mi madreĀ“ kantua biltzen da, oso kantu polita. Eskutitzean, `ez al dira, bada, amaren eskuak gauza bera mundu guztian?Ā“, zioen. Oso sinbolikoak dira amaren eskuak, indar handia dute eta horregatik erabili nituen.

Eskuen pare, objektu txikiei ere berebiziko garrantzia eman diezu liburuan: Antzinako argazkiak, Alice-ren ipuina, loreak, izebaren larruzko maleta zaharraā€¦
Testuari pisua ematen diotenez, objektuen presentziari garrantzia ematen diot idazketan. Lurra urratzen dute objektuek, errealitate ukitua ematen diote kontaketari. Bisualizaziorako ezinbestekoak dira. Kontaketa bisuala egin nahi bada, ezinbestekoa da gauza konkretuak sartzea. Abstrakzioa oztopoa da bisualizaziorako. Horrez gain, nik uste oso garrantzitsua dela objektuak kontakizunean zehar agertzen joatea. Jarraikortasuna ematen laguntzen duelako, hasieran aipatu dudan objektua geroago errepikatzea gustatzen zait. Jarraipenaz gain, lotura ematen ere laguntzen dute. Gainera, objektuek sinbologiarekin jokatzeko aukera eskaintzen dute, besteak beste.

Errepikapenen gaiarekin jarraituta, lekuen kasuan ere badago halakorik. Hondartzaren aipamenarekin hasten da eleberria eta itsasotik oso gertu bukatzen da. Ez da kasualitatea, ezta?
Ez da kasualitatea, ez. Oso kontzienteki erabili dut itsasoaren aipamena, era sinbolikoan. Itsasoa bizitzaren metafora bezala ekarri dut; txikitan, hondartzan, itsasoari aurrez aurre begiratzen zion Nereak, bere barkua defendatuz, ausardia osoz eta aurrera begira. Amaren gaixotasunaren kontura eta nobelako gainerako gertaeren kontura, galduta zeukan zerbait berreskuratu egiten du. Protagonistak, itsasoari begira bukatzen du berriz, txikitan egiten zuen bezala. Pertsonaiak nobelan zehar egiten duen eboluzioa ikus daiteke bertan. Ez da konturatzen ia-ia makurtuta, buruz behera zegoela bizitza honen aurrean eta amaren eskuei esker, berriz ere itsasoari begiratzea lortzen du.

Hotsekin jokatzen duzu liburuan. Aurreko liburuan bezala, oraingo honetan ere onomatopeiak erabili dituzu. Ordenagailuaren hotsa, plantxaren hotsaā€¦
Idaztean, irakurlearen zentzumen guztiak martxan jartzea lortu behar da edo hori da, behintzat, lortu nahi dudana. Objektuekin ideiak ikustea lortzen da, baina era berean, hotsak entzutea ere lortu nahi da. Onomatopeiek zentzumen hori pizten laguntzen dute.

Esaldi laburrak tartekatu dituzu askotan. Hitzen errepikapenak. Gaira jo duzu, luzamendutan ibili gabeā€¦
Lehen aipatu dudanez, argia izateko nahia dut. Azkena nahiko nukeena, norbaitek esaldiren batean galdu egin dela esatea litzateke. Hizkera soila da baina bilatutakoa. Ez da sinplea berez halakoa delako, hori bilatu dudalako baizik.

Irakurleak, guztiaren gainetik, sentsibilitate handiz idatzitako lana dela esan dezake, sentimenduz idatzitakoa. Zer dio idazleak?
Sentimendu askorekin idatzi dut, baina askotan esan dudanez, baita gehiegizko sentsibilitatean jauzteko beldurrez ere. Gaia erortzeko oso aproposa baita. Kontu handiarekin ibili naiz, beraz. Aurreko ipuinak zorrotzagoak baziren, hemen beste tonu bat erabili dut; apalagoa. Ez zait kontzienteki atera, gaiak hala eskatu dit. Agian amarekin hitz egiten dugunean, beste tonu goxoago bat erabiltzen dugulako. Horrek ere eragina izango zuen. Baina hori bai, sentimendu askorekin idatzi dut edo nik behintzat, hori sentitu dut nobela idazterakoan. Etxetik irten eta sarrerako atea zabalik utzi izanaren sentsazioa eduki dut.

Liburuaren azaleko pertsonaiek izena hartuko dute eleberriaren bukaerarako. Argazkiek pisu nabarmena dute liburuanā€¦
Garrantzia handia eman diet argazkiei, bai azalekoari bai kontaketan aipatzen ditudanei. Liburuan zehar badaude lehenaldira joaten diren flash motz-motzak. Formatu motz hori oso kontzienteki erabili dut; nire buruan, argazkiak baitira flash horiek. Argazkiek, orainaldian egonda, atzera joateko aukera eman didate. Zorte handia izan zen azaleko argazkia topatzea, nik bilatzen nuen irudiarekin bat egiten baitzuen. Gainera, familiakoak izandaā€¦, orduan eta hobeto!

Zer nolako lana izan da iragana eta orainaren arteko lotura hori sinesgarri egitea?
Hori izan da agian lanik zailenetakoa. Lehenengo eta behin, idazten hasi nintzenean, lehenaldia luzeago neukan planteatuta. Gerora, nobela orainaldikoa zela erabaki nuen eta iraganerako jauzi horiek, orainalditik egitea pentsatu nuen. Hori erabaki garrantzitsua izan zela uste dut, orainaldiaren haria galtzeko beldurra bainuen. Haria galtzearena nire obsesioa da, agian ez zen hala gertatuko bainaā€¦ Iraganaren eta orainaren arteko oreka bilatzeak lana ematen du; pasarteak tartekatzea, lotura mantentzeaā€¦

Kapitulu batzuk motzak, besteak luzeagoak. Elkarren artean lotura duten ipuinak direla esango al zenuke?
Ipuinetarako dudan berezko joeragatik idatzi dut liburua modu horretara. Burutik pasatzen zaizkidan pentsamenduak ipuinetan ikusten ditut.

Bukatze aldera, aurreratu nahi al diguzu aurrera begira duzun asmorik?
Nobelan murgilduta egoteak, ipuinak idazten jarraitzeko sekulako gogoa eragin dit. Hasita nago dagoeneko, baditut hainbat ipuin idatzita. Nobelatik irtenda, gustura hartu dut berriz ere ipuingintza.Gehiegi ez baino, gehiago menperatzen dudan arloa da. Ni berez, oso ipuinzalea naiz. Noski, nobela eder asko eta asko gustatzen zait, baina ipuinak, itzalean gordetzen denarekin lotura du eta asko gustatzen zait hori. Norbaitek esaten zuen, nobela emakume baten bular biluzia ikustea dela, dena erakusten duela nobelak. Ipuina, berriz, irekiera handiko emakumearen alkandora dela; noizbehinka bularra ikusten uzten duena eta noizbehinka ez. Ipuinak areagotu egiten du misterio hori, ezkutuan dagoen hori. Gainera, irakurlea ipuin bat irakurtzean aktiboagoa dela uste dut.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments