Juanjo Olasagarrek irabazi du Joseba Jaka beka

0

URTEBETEKO EPEA IZANGO DU ORAIN ‘MAMU IZATEKO MODUAK’ IZENAREKIN AURKEZTUTAKO PROIEKTUA GARATU ETA NOBELA IDAZTEKO

Bi urtetik behin Elkar Fundazioak ematen duen sormenerako Joseba Jaka beka Juanjo Olasagarrek jasoko du aurten. Mamu izateko moduak proiektua aurkeztu zuen arbizuarrak eta Maialen Berasategik, Iratxe Retolazak eta Iban Zaldauak osatutako epaimahaiak erabaki du aurkeztu diren 21 lanen artean Olasagarrerenak jasoko duela 10.000 euroko beka, urtebetean nobela idatz dezan.

Epaimahaiak honela arrazoitu du bere erabakia: “Proiektuaren anbizioa eta hartutako arriskua azpimarratu eta goratu dira bereziki epaia erabakitzerakoan. Anbizioa, aurkeztutako lanak istorioan zehar euskal gizarteko askotariko elementuak bilbatzeko asmoa, eta hainbat geruzatako arkitektura narratiboa eraikitzeko asmoa erakusten duelako. Eta hartutako arriskua, ekarpen desberdin bat egin nahian, proiektuak euskal nobelagintzan horren ohikoa ez den konbinazio bat proposatzen duelako: genero fantastikotik euskal gatazkaren arrakala zenbait zeharkatuko dituen begirada. Euskal gizarte eztabaidan pil-pilean dagoen gai bat aukeratuz gainera, gure iragan hurbilaren inguruko ‘errelatoarena’ hain zuzen, proiektuari interes gehitu bat eransten diona”.

Idazleak era honetara aurkeztu zuen bere proiektua: “Nik uste dut, guri, herritar moduan, gertatu zaigun gauza handi bat izan dela euskal gatazka; hainbeste non Jokin Muñozek uste zuen gure kanpora ateratzeko berezitasuna izan behar zuela. Eta nik, berriz ere, euskal gatazkari heldu diot, baina beste ikuspegi batetik. Nobela honetan, idazle bat dago, idazle andre bat, eta idazle andre hori mamuen edo fantasmen nobela bat idazten ari da, euskal gatazkaren inguruan. Bi hari horiek lotuz nobela hau idazten saiatuko naiz.”

Sariaren berri izatean Olasagarrek aipatu zuen proiektua joan den abenduan entregatu zuela, oraindik pandemiarik ez zegoen garaian, eta orain ez dakiela horrek eraginik izango ote duen bere lanean. “Garai arraroak dira hauek eta proiektua abenduan entregatu genuen, alegia pandemiaren aurretik, eta, aurreko batean, irakurri nion nobela erdibidean duen nobelista bati, arraroa egiten zaiola, bizitzen ari garenarekin, zaila egiten zaiola bere pertsonaiek hemendik aurrera zer pentsatuko duten erabakitzea. Ataka honetatik ez dakigu nola aterako garen, nola aterako den mundua, eta nobelista horrek ere ez daki nola aterako diren bere pertsonaiak. Hau jende askori gertatzen ari zaio eta niri ere bai. Ez dakit eragingo dion nobelari, proiektuan behintzat ez zegoen”.

Aurten ez da beka emateko zuzeneko ekitaldirik izango, bizi dugun pandemiaren eraginez.

Iruzkina idatzi

avatar

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

  Subscribe  
Harpidetu