Ramon Saizarbitoriak gazteei zuzendutako eleberria kaleratu du

0

Euskaraz eta gaztelaniaz eman du argitara, eta azaroaren 21ean aurkeztuko du batxilergoko ikasleak lagun dituela

Erein argitaletxeak azaroaren 21erako iragarri du Ramon Saizarbitoriaren nobela berriaren aurkezpena. Gazteei zuzendutako lana da Miren eta erromantizismoa eta, hain zuzen ere, batxilergoko ikasleak lagun dituela aurkeztuko du Donostiako Usandizaga institutuan eguerdiko 12:00etan.

Sinopsia
Ikasgelara mutil marokoar bat iritsi da. Said mutil azkarra eta atsegina da, eta gainera guapoa. Bigarren batxilergoko neska guztien begiak harentzako dira. Klarak bereganatu du mutila. Maitemintzea (eta maitatzea) sakrifizio eta sufrimenduarekin batzen dituen estereotipo patetikoenean elikatzen da Klara. Maitasun erromantikoa, zenbat frustrazioren iturri!
Mirenek ez du gustuko guapoa delako, edo ez horregatik bakarrik. Said pertsona inteligentea eta adeitsua da, eta gainera atsegin zaio. Pertsona sentibera iruditzen zaio Mireni, eta hori bai estimatzen duela berak, Klararen konbentzionalismo klasista eta arrazistatik urrun. Mirenen hiztegian, ordea, zintzotasuna, laguntasuna, tolerantzia eta askatasuna esangura handiko balioak dira, eta bere egiten du Literaturako irakasleak iradokitakoa, alegia, batzuetan ez dagoela beste erremediorik, baina ez garela jaio sufritzeko. Bere alde du Erromantizismoaren alderik onuragarri eta ederrena. Daukaguntxoa (eta garena) hobetzeko errebeldia eta aspirazioa. Maitasunaz eta bizitzaz ari zaigu nobela; eta bide horretan sentsibilitatearen heziketak (eta arteak) eskain dezakeenaz.
Ramon Saizarbitoriak, behin berriz, maisutasun narratibo eta humanoaren erakusgarri bikaina eskaintzen dio irakurle gazte eta helduari.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments