Alberdania etxeak Almudena Ciden OLYMPIA saileko lehen bi liburuak euskaraz argitaratu ditu

0

Azaroaren 16an Barakaldoko BECen ospatuko den XIV. EuskalGym Gimnasia Gala Internazionalean aurkeztuko dituzte PUNTERA BELTZAK eta PAUSO BAT GEHIAGO liburuak

Alberdania etxeak Almudena Ciden Olympia saileko lehen bi liburuak euskaraz argitaratu ditu: Puntera beltzak (Punteras negras, Alfaguara, 2014) eta Pauso bat gehiago (Un paso más, Alfaguara, 2014). Liburuek Montse Martinen ilustrazioak dituzte eta Mitxel Muruak ekarri ditu euskarara. Cid lau final olinpiko jokatu dituen munduko gimnasta bakarra da, eta bere kirol ibilbidean ikusi, ikasi eta bizi izandakoak kontatu ditu liburuotan Olympia izeneko gimnasta gaztearen bizipenen bitartez.

Azaroaren 16an Barakaldoko BECen ospatuko den XIV. EuskalGym Gimnasia Gala Internazionalean aurkeztuko dituzte Puntera beltzak eta Pauso bat gehiago liburuak, Almudena Cid bera bertan dela.

Olympia saila
Olympia da sail honetako protagonista, eta etsi gabe borrokatuko da gimnasta olinpiko izateko. Batzuetan irudituko zaio hori lortzea ezinezkoa dela, eta beste batzuetan, berriz, esku-eskura daukala. Olympiak momentu magikoak biziko ditu bere taldekoekin, etxekoekin, adiskideekin eta… lagun berezi batekin: Ortzi da lagun horren izena, eta mutil berezi-berezia da benetan.
Horrez gain, Almudena Ciden trikimailu guztiak jasotzen dituzte sail honetako liburuek: aholkuak, orrazkerak, makillajea… Ametsak, maitasuna, adiskidetasuna eta abenturak jorratu ditu Cidek bere liburuetan.

Almudena Cid
Gasteiztarra, Arantzabela ikastolan hasi zen gimnasia erritmikoan, eta Olinpiar Jokoetan lau final jokatzera iritsi zen, 28 urterekin erretiratu arte. Jende askok txapelketa baten aurrean izaten diren nerbioez eta beldurrez galdetzen omen zion, edo nola egin behar den ikasketak eta entrenamenduak uztartzeko, edo zerk lagundu zion gehien Olinpiar Jokoetara iristen. “Horrela sortu zen Olympia: Almudenaren bizitza kontatzeko modu partikularra, bere garaipenak eta etsipenak, lagunak, maitasuna, bizi izan zituen abenturak eta beste gauza asko”, adierazi dute Alberdania argitaletxetik. “Gainera, liburu hauekin beste amets bat ere bete du Almudenak: txikitan euskaraz ikasten hasi zen ikastolan, eta orain izugarrizko poza ematen dio Olympia euskaraz irakurriko dela jakiteak”.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu