Hilaren 11n aurkeztuko du INOREN MUNDUAN, “abenturaz eta fantasiaz, borrokaz eta errebeldiaz” beteriko nobela
Elkar etxeak azaroaren 11rako iragarri du Asel Luzarragaren liburu berriaren aurkezpena. Gazteei zuzenduta plazaratu du idazle bilbotarrak INOREN MUNDUAN eleberria, eta Xabier Mendiguren editorea lagun duela aurkeztuko du Donostiako Elkar aretoan 11:00etan
Inoren munduan
Baso eta ibai, mendi eta mortu, itsaso eta hiriz osaturiko lurralde ezezagun eta denbora zehaztugabe batera garamatza Asel Luzarragak abenturaz eta fantasiaz, borrokaz eta errebeldiaz beteriko nobela honetan. Aize eta Hodei, egoera zailean topo egingo duten bi emakume gazte dira; andre gerlarien leinutik erbesteratua bata, sorginen askazikoa izateagatik jazarria bestea, era guztietako etsai eta arerioei egin beharko diete aurre, bidean topatuko duten Leixuri adiskidearekin batera.