Eneko Barberenak AFRIKANERRAK aurkeztuko du urriaren 28an

0

Geroaren deskribaketa aseptikoaren itxurapean egungo gizarteari begirada zorrotza zuzendu dio arrasatearrak nobela honetan

Elkar argitaletxeak urriaren 28rako iragarri du Eneko Barberenaren Afrikanerrak liburuaren aurkezpena. Xabier Mendiguren editorea alboan duela aurkeztuko du arrasatearrak bere nobela berria goizeko 11:00etan Donostiako Elkar aretoan.

Afrikanerrak
Etorkizun hurbil batean, Europar Batasuneko tropek Afrikako iparraldea hartu dute, migrazio ilegala kontrolatzeko asmoz. Armadan izena emateko nahiko gazterik ez, eta zozketa bidez hornitu beharko dira Magreben gure zibilizazioaren balioak zainduko dituzten euskal konpainiak.
Handik aski urrun, lanaren eta ezkonbizitzaren errutinan katigaturik bizi dira Eider eta Aitor: herriko liburutegiko langilea da bata, Gasteizen eskola publiko bateko zuzendaria bestea, biak ere funtzionarioak eta seme txiki baten gurasoak.
Distopien tradizio luzea geure alearekin aberastuz, geroaren deskribaketa aseptikoaren itxurapean egungo gizarteari zuzentzen dio Barberenak begirada zorrotza, sarritan umoretsu eta beste askotan gupidagabea, prospektiba-ariketa burutsu bezain kitzikagarrian hainbat gai eta arlo maiseatuz: kultura, komunikabideak, industria, aisia, kontsumoa, eskola, politika, migrazioa, aberria, gerra…

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu