Xabier Olasok irabazi du haur literaturako Mikel Zarate saria

0

Erraldoiak ipuin saritua udazkenean kaleratuko du Elkar etxeak

Xabier Olasok irabazi du 2016ko Mikel Zarate haur literatura saria. Otxandioko idazlearen Erraldoiak kontakizuna saritu du Leire Bilbaok, Miren Agur Meabek eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak. Olasok 3.000 euroko saria jasoko du eta liburua udazkenean kaleratuko du Elkar argitaletxeak. 

Hamabi lan lehiatu dira guztira sariketaren aurtengo edizioan, eta horien artean Olasok idatzitako ipuina hautatu du epaimahaiak. Erraldoiak izeneko istorio honek erraldoi-familia baten gorabeherak kontatzen ditu: Erraldoi du izena aitak, Maritantai amak, eta Patxikankailu semeak. Haien eguneroko bizitza eta zenbait abentura agertzen ditu istorioak, baita erraldoien mundu berezia erakusten duten hainbat elementu ere (amaieran erantsita, erraldoien entziklopedia txiki bat balitz bezala). Testuaren umorea azpimarratu du epaimahaiak, hizkuntzaren erabilera jostaria (hitz joko eta onomatopeia ugari), eta poesiarako joera: hainbat poema eta herri-kanta moldatu sartuz, besteak beste.

Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzagile handi izandako Mikel Zarateren omenez sortu zuten sariketa hau Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak 2010ean. Honakoak izan dira orain arteko irabazleak.:

2010 Asier Mendoza Beste gu
2011 Julen Gabiria Nire aita ikusezina da
2012 Gaizka Arostegi Urrezko orrazia
2013 Irati Bediaga Beldarren hegaldia
2014 Patxi Zubizarreta Mundua baloi batean
2015 Arrate Egaña Patioan

Xabier Olaso Otxandion jaio zen 1964an eta Gasteizen bizi da aspaldian. Irakasle ikasketak egin zituen. Literaturan hainbat poema-liburu idatzi ditu, baina haur literaturan egindako lanengatik da batez ere ezaguna. Bi aldiz irabazi du arlo horretako Euskadi Saria: Pupuan trapua eta Tximeletrak liburuekin; horiez gain, Auskalo igarkizun liburua ere idatzi du, besteak beste.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments