‘Bobby Sands: martxa baten lehen notak’ aurkeztuko du Txalapartak hilaren 11n

0

Gosari-aurkezpena antolatu dute goizeko 11:00etan Donostiako Belfast tabernan

Denis O’Hearnek idatzi eta Aitzol Iriondok eta Jurgi Garitagoitiak euskarara ekarri duten Bobby Sands: martxa baten lehen notak lana aurkeztuko du Txalaparta etxeak maiatzaren 11n, astelehenarekin. Gosari-aurkezpena antolatu dute horretarako Donostiako Juan De Bilbao kalean dagoen Belfast tabernan. Bertan izango dira Iriondo eta Garitagoitia euskal presoen senideak, Mitxel Sarasketa, Bobby Sandsen Egun bat nire bizitzan liburuaren itzultzailea, eta Eoin O’Broin, Sinn Feineko Dublingo zinegotzia. 

1981eko maiatzaren 5ean, 66 eguneko gose-grebaren ostean, Long Kesh kartzelako ospitalean hil zen Bobby Sands. Ipar Irlandako langile-klaseko familia batean hazitako gaztea. IRAko boluntarioa. Britainiar parlamentaria. Poeta. Mugimendu errepublikanoko liderra. Bera eta beste bederatzi burkide heriotzeraino eraman zuen borrokak mundu mailako ikono bihurtu zuen. Hala ere, Denis OHearnek biografia hau idatzi zuen arte ezer gutxi genekien haren bizitzaz. Orriotan, gazte engaiatu baten bizitza kausitzen dugu, West Belfasteko kaleetatik mugimendu errepublikanoko zuzendaritzara eraman zuen ibilbide koherente eta eskuzabala. Bobby Sands eredu izan da mundu osoko borrokalarientzat; hona hemen iraultzaile handi baten bizitza- eta duintasun-testigantza.

 

Iruzkina idatzi

avatar

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

  Subscribe  
Harpidetu