Mikel Garmendia: “Ez dut uste asmatuko nukeenik liburuak duen doinura hobeto hurbiltzen”

0

1996. urtean argitaratu zen euskaraz Marguerite Durasen Maitalea (Ibaizabal) lehenengo aldiz. Mikel Garmendiak egin zuen itzulpena eta aurten Elkar argitaletxeak berrargitaratu du Urrezko Biblioteka bildumaren barruan. Ekimen hau 2010. urtean jarri zuen martxan
EIZIEk Literatura Unibertsala bildumako liburuak berrargitaratzeko asmoarekin. Oraingoan Xabier Mendigurenek eta Garmendiak berak egin dituzte zuzenketak.

Marguerite Durasen ibilbidean aldaketa bat suposatu zuen Maitaleak.
Bai. Dena den, bere obran adituek esaten dute ez dela bere libururik onena, baina 1984. urtean Goncourt saria irabazi eta fama hartu zuen. Gainera irakurketa maila asko dituen liburua da. Hiruzpalau aldiz irakurri dut, orain berrargitalpen hau egiteko beste behin, eta beti irakurketa ezberdina izan da. Obra bera da, baina irakurtzen duzun bakoitzean uzten dizun zaporea aldatu egiten da. Zer pentsatua ematen du maila desberdinetan.

Zein da liburuko mezurik garrantzitsuena?
Niretzat emakume bezala, emakume eta pobre, bizitzari aurre egiteak zer suposatzen duen. Zein gogorra den eta nola egin zion berak aurre eta nola egin diezaiokeen edozein emakumek aurre horrelako egoera bati. Nire ustez hori dago mezu guztien azpian. Oso liburu feminista da.

Mina du sorburu?
Bai, la doleur. Durasek badu beste eleberri bat ere izenburu horrekin eta horri buruzko filma ere orain dela gutxi eman dute zinemetan, Marguerite Duras izenekoa. Bere senarra kontzentrazio-eremu batera eraman zutenekoa kontatzen du liburu horrek, pasarte zehatz hori eta Duras erresistentzian aritu zenekoa.

Durasek min asko izan zituen?
Bai eta nik itzulitako liburuan bere-berea dena azaltzen da: bizitzak desorekatutako ama, anai zaharra, gaiztoa eta krudela eta aldi berean amarekin maitemindua, Marguerite bera jotzen zuena gainera, eta gero anaia txikia, asko maite zuena. Oso giro pobrea eta gogorra zen, eta horrekin guztiarekin nahastuta, amodio harreman bat kontatzen digu, merkatari txinatar aberats batekin. Hori guztia modu zinematografikoan deskribatzen du.

Horregatik esaten zuen Durasek: “18 urterekin zahartu nintzen”?
Bai, Duras adin horretan pobrezian murgilduta bizi zen, familia giro horretan eta bere burua behartuta ikusi zuen harreman sexual baina ordaindu bat edukitzera. Hain gazterik egoera horretan aurkitzean, eta aldi berean esatean “nire baitan desioa ere badago”, nik uste horregatik esaten zuela hori. Heldutasun maila horrek oso gazte harrapatu zuen.

Baina mina beste ikuspuntu batetik aurkezten digu Durasek.
Beste trataera bat ematen dio liburu honetan. Indar bat dago, zeren bera bada biktima, baina ez da soilik sufritzen duen biktima. Txinatarraren gainetik eta guzti jartzen da, indartsuago ageriz. Ahul, paradoxikoki, bestea gelditzen da, txinatarra.

Liburu hau oso irakurria izan da. Zein izan daiteke zergatia?
Ez dakit oso ondo, baina famarena nik uste filmari ere pixka bat zor zaiola. Pelikulan harreman horretan asko zentratzen da eta erotismoan. Niri, dena den, liburuaren aldean ez zitzaidan gehiegi gustatu, eta ez naiz bakarra. Goncourt saria irabazi izanak ere eragina izango zuen.

Itzultzea asko kostatu zitzaizun?
Bai, inoiz ez zarelako seguru gelditzen. Esango nuke Marguerite punteria berezia daukan emakumea dela, bai hitzak, bai isiltasunak aukeratzeko orduan. Artista hutsa da egoerak iradokitzen. Eta horrexegatik beti gelditzen zara zalantzarekin: harrapatu dut nik doinu, egoera, emozio…hori? Nik uste neurri batean baietz, baina hori lortzea oso zaila da. Honetaz gain, beharbada aditzaren aspektua izan zen zailenetariko bat, eta estilo zinematografiko hori nola helarazi, hau da, aditz bukatua edo ez bukatua erabili: sartzen edo sartu. Txisteak kontatzeko orduan, adibidez, badirudi bi tradizio daudela. Liburu honetarako ez bukatua aukeratu nuen, baina ez konbentzimendu osoz.

Estiloari dagokionez, nola deskribatuko zenuke?
Berea idazkera etena dela diote, isiluneek garrantzi handia dutela. Isilune horretara eraman eta oihartzun horrekin uzten zaitu. Horretan maistra da. Honetaz gain oso urria da, baina indartsua.

Zenbaitek Noveau Roman-en kokatzen dute.
Bai, baina hitzaurrean argi esaten du Rosa de Diegok bera hortik kanpo gelditzen dela, talde horretako kideek betetzen zituzten ezaugarri guztiak lerroz lerro ez zituelako betetzen. Hauek oso apurtzaileak izan ziren eta beraien liburuetan ez zegoen argumenturik. Margueritek, aldiz, hari bat mantentzen du, estilo propio batekin. Marguerite oso Marguerite da. Berak ere aurreko molde tradizionalarekin puskatzen du, baina badirudi ez dela oso egokia etiketa horren barruan sartzea.

Krisi batetik sortzen dira bere liburuak eta ez dute amaiera itxi bat.
Amaiera beti da ozeanoa. Berarengan pentsatzean buruan daukadan irudia hori da: eta azkenean, ozeanoa… Handitasun horretan eta sentsazio horrekin uzten zaitu.

Alkoholaren eragina ere nabarmena izan zen bai bere bizitzan, bai bere obran.
Badauka eleberri bat, Moderato cantabile, eta bertan oso ondo esplikatzen du alkoholaren mundu hori. Ez bakarrik mozkortzea zer den, baizik eta alkoholak sortzen duen pentsatzeko modua, sentitzekoa… horretaz idatzi egiten du eta ez soilik modu esplizitu batean. Asko hurbiltzen zaitu alkoholismoa bizi duen pertsona batengana.

Urrezko Biblioteka bildumaren barruan berrargitaratu da Maitalea eta bilduma honen baitan liburu asko berrargitaratzen ari dira.
Hori oso polita eta interesgarria da. Gainera euskararen kasuan, arauak aldatu egiten zaizkigu, eta aldaketa horiek egokitu egin behar dira. Kasu honetan, aldaketa horietaz aparte ez dut gehiegi ukitu. Xabier Mendiguren eta bion artean begiratu dugu. Dena den ez dut uste asmatuko nukeenik liburuak duen doinua hobeto hurbiltzen. Egongo dira moduak, baina niri esperientzia hura horrela atera zitzaidan. Eta gero horrek pentsarazten dizu: “itzulpen honek, eta gainontzekoek, hemendik ehun urtetara nolakoa izan beharko lukete?” Zer pentsatu handia ematen du berritzulpenak: ehun urtetan gizartearen baloreak aldatzen dira eta berdin itzuli behar da? Galdera garrantzitsua da.

Kanonaren barruan beste hizkuntzetan garrantzitsuak izan diren liburuek euskaraz egon behar dute?
Esaten dute prestigiozko hizkuntza batek behar duela ondarea eduki bere hizkuntzan. Alemanek itzultzen dute dena berera, esaterako, baita herrialde indartsuek ere. Ondare hori haien hizkuntzan jartzen dute. Nik erabat garbi ez daukat. Nire ustez erabaki behar da zer itzuli eta zer ez. Arrakastatsua izan delako eleberri bat itzultzea ez dut argi ikusten. Agian beste irizpide batzuk jarri beharko lirateke. Esate baterako, emakumeen presentzia. Hori, adibidez, kontutan hartu beharrekoa da, oso baztertuta egon direlako. Herri bezala interesa dakizkigukeen gauzak eta ez erabaki behar ditugu. Korana, adibidez, eduki beharko genuke eta eduki beharko genuke gainera mimatuta, edizio on batekin.

Nahitaez euskarara itzulita eduki beharko genukeen beste libururik?
El capital, adibidez. Itzulpen politika bat egin behar da nire ustez eta inoiz ez da izango neutroa, baina horretarako gaude. Herri bezala zer nahi dugu? Nondik jo nahi dugu? Frantsesetik itzuli, bai, baina igual badaude oso gauza interesgarriak Quebecen eta ez zaizkigu iristen, edo kolonia frantsesetan… Inportantea litzateke kultura aginteek gai hori mahai gainean jartzea eta garrantzia ematea: zer itzuli, zergatik… hori guztia fundamentuz aztertzea.

Zuk itzulitako liburuetatik zein izan dira garrantzitsuenak?
Tunelarekin oso esperientzia polita izan nuen. Gustura gelditu nintzen itzulpenarekin, baita Margueriterekin ere; bere idazteko moduak liluratu ninduen. Zaila egiten zait deskribatzea emakume horrek zergatik idazten zuen horrela. Eta gero haur literatura ere itzuli dut, Manolito, esaterako.

Ogibidez itzultzailea zara eta liburu hauek zure denbora librean itzuli dituzu.
Bai. Halere gaur egun ez naiz duela zenbait urte bezainbeste itzultzen ari. Irakurtzen orain oso ongi pasatzen dut eta itzultzeko behar hori ez dut sentitzen, ez behintzat edozein gauza eta edozein modutan itzultzekoa. Itzulpen hauek, ordea, ordu txikitan atera dira aurrera, iratzargailua 5:00etan jarriz eta lanera joan baino lehen ordu pare bat itzuliz. Baina gustura egindako lana da.

Zer itzultzea gustatuko litzaizuke?
Nire bikotea ere itzultzailea da eta askotan egon gara tentatuta Simone de Beauvoirren Le deuxième sexe liburuarekin. Honek euskaraz egon behar du, baina ez soilik afizio literarioarengatik, baizik eta beharrezkoa delako euskaraz izatea. Luze xamarra da eta horrek eskatuko luke bi urte horretara jartzea. Animatuz gero erronka polita litzateke.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments