Miren Agur Meabe: “Garbi neukan nire literatur proposamenaren muina zintzotasuna eta errealismoa zirela”

0

Lekeition jaio zen 1962an, eta Bilbo eta Lekeitio artean bizi da egun. Besteak beste, bi aldiz irabazi du Espainiako Kritika Saria (Azalaren kodea, 2001; Bitsa eskuetan, 2011) eta beste bitan Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria (Itsaslabarreko etxea, 2002; Errepidea, 2011). Aurten irakurleek saritu dute Kristalezko begi bat lanagatik.

“Hitzez hitz sinetsiko al duzu kontatu dizudan guztia?”, galdetzen diozu irakurleari liburuaren azkenetan. Bada, akademiakide batek erantzun dizu: “Ba bai. Oso sinesgarri eta hunkigarri egin zait bere kontakizuna”. Besteren bat akaso, zer sinetsi behar duen eta zer ez pentsatuz geratuko zen…

Testua amaitzear nengoela sentitu nuen irakurleari abisua eman beharra, kontatutakoa ez zela ehuneko ehunean kontatu bezala. Adibidez, hausnarketa batzuk kontestualizatzeko, eszenatokiak ipini nituen, eta ondorioz, errealitatearekiko fideltasuna ez da erabatekoa. Hala ere, horrek ez du deusezten esandakoaren zintzotasuna. Beste alde batetik, galdera hori taktika bat ere bazen, irakurlearen zalantza piztean neure burua babesteko. Liburuaren sarreran bada Coeetzeren esaldi bat: “Eta denok bagara fikzioen sortzaileak? Eta denok asmatzen badugu gure bizitzaren historia?”. Ideia hori da funtsa: edozein pasadizoren konstrukzio literarioa egitea posible da, eta horrenbestez, zilegi da bertsio libreak egitea ere. Zer den egia eta zer ez, eta zein neurritan, horrek ez du axola, sinesgarritasunak baizik.

“Zenbait unetan nahiko identifikatuta ere sentitu naiz”, dio beste akademiakide batek. Irakurleari eginiko keinuak etengabeak dira liburuan, baita luzatzen dizkiozun galderak ere. Erantzun moduan har al zenezake, beraz, esaldi hori?

Bai. Hasieratik bilatu nuen irakurlearen konplizitatea, eta horregatik agertzen da alegiazko “zu” bat orrialdearen bestaldean lehen orrialdetatik bertatik. “Zu” bati zuzentzeak, apelazio hurbilak, lagundu egiten zidan adierazteko askatasuna berresten, eta intimitatea partekatzeko tonua ematen zidan. Itun horrek justifikatzen ditu oin-ohar guztiak, esaterako, horien bidez irakurleari ematen baitzaio erantzuteko txanda, bere esperientziaren eta iritzien bitartez testua osa dezan. Dena den, irakurle hori anitza da: batzuetan irakurle anonimoa, besteetan lagun bat, idazle gazte bat, kritikari zorrotz bat, edo M. bera.

“Galdutako begiari leku gehiegi eman diola iruditu zait”, beste batek. Zer erantzungo zenioke?

Azken atalean aitortzen dut garrantzia eman diodala begiari, berez duena baino handiagoa, interes literarioak eraginda. Nire ustez, bizpahiru ataletatik behin begiari buruzko jakingarriak tartekatzeak —kirurgikoak, terapeutikoak, psikologikoak, estetikoak edo sinbolikoak— ematen dio erritmoa kontakizunari. Leitmotiv teknikoa izatea nahi nuen, argumentuaren intimismoari kontrapisua egingo ziona. Kontuan izan behar da kristalezko begiak hiru balio dituela narrazioan: batetik, balio erreal bat, nire identitate-marka bat delako; beste alde batetik, balio metaforikoa du, bizitzan izandako galeren edo erauzketen sinbolo modura erabiltzen dudalako; eta azkenik, balio literarioa, literaturaren historian antzinatik eta sarritan agertzen den topiko bat delako, izan testu errealistetan, umorezkoetan nahiz lirikoetan. Horrenbestez, begia nire dibagazioen irradiazio-puntua da, kontakizuna harilkatzen duen elementu errepikakorra: bertara jotzen dute edo handik abiatzen dira atal gehienak, lotura esplizitu edo inplizituagoen bidez. Kasurako, Enukleazioaren teknika atala, ondoren etorriko den disekzio psikologikoaren sarrera da; Kristalezko begiak patologia kongenitoen kasuan atala amaren irudiaz mintzatzeko aitzakia da; Begia galtzeko arrazoiak atalak protagonistak perspektiba galtzeko duen arriskua iradokitzen digu; Monofltalmia eta eguneroko bizimodua atalak badu zerikusirik jarraian azalduko den emakume lanpetuaren egunerokotasunaz, eta abar. Agian lotura horiek ez dira beti gertatu behar bezain gardenak edo sendoak.

“Biluztu behar horrek, batzuetan deseroso sentiarazi nau. Hondartzatik kanpo norbait larrutsik ikusten duzunean bezala; are gehiago adin batetik gorakoa bada (barkatuko dit ia adinkide dudan Meibik). Ziurrenik, norbere orbanak ispiluan ikusteak ez digulako askotan graziarik egiten”. Seguru asko, esperoko zenuen irakurle batzuengan sentipen hori sortzea…

Bai, pasarte batzuek eragin dezakete ezerosotasuna, edo zirrara, lotsa, morboa, jakin-mina, baita errukia ere, edo hoztasuna, besterik gabe… irakurlearen arabera. Sentipen naturalak iruditzen zaizkit. Izan nituen kezkak biluztearen arriskuaz, baina zalantzak zalantza, garbi neukan nire literatur proposamenaren muina zintzotasuna eta errealismoa zirela. Alabaina, hori ez da kontu berria nire testuetan, ezen orain arteko poesia-liburuetan ere bat etorri izan dira “ni” poetikoa eta “ni” biografiakoa.

Iruzkinak iruzkin, garbi dagoena da liburua lehen momentutik erraztasun handiz iritsi dela irakurleengana. Argitaratu zenetik zenbat irakurle-taldetan aztertu den ikusi besterik ez dago. Espero al zenuen halako harrerarik?

Espero nuen nire ohiko irakurle poesiazaleen arreta edo jakin-mina, baina ez nuen uste liburua hainbeste zabalduko zenik. Ahotik ahorako iritzia izan da gomendio-gutuna, eta zer hobe hori baino? Anekdota politak gertatu zaizkit. Adibidez, analisiak egitera joan, eta emakume bat liburua leitzen egotea ospitaleko itxarongelan, edo taberna batean zerbait hartzera sartu, eta norbait hurbiltzea testuari buruz hitz egitera.

Ispilua atalean, mihisean bere erretratua pintatzen diharduen errenazimenduko dama bat deskribatzen duzu: ezker eskuan ispilu bat dauka eta aurpegia islatzen zaio bertan; eskuin eskuarekin pintzel bati eusten dio. Zuk liburuan egin duzuna egiteko beste modu bat izan liteke, aldeak alde, noski…

Horixe da gakoa. Ispiluaren atal horretan adierazten da obraren kontzeptua. Artistaren begirada aztertzailea da, eta halaxe betetzen du bere eginkizuna: izatea arakatzea eta oroimenean murgiltzea, berreskuratzeko. Beste hitz batzuetan esanda, autobehaketa aldi berean izan liteke sorkuntzaren abiapuntua eta helmuga. Norberaren buruaren ezagutzaren ariketa horretan kokatu behar dira autoerretratu psikologiko nahiz fisikoa, baita deskripzio emozionalak ere.

Liburua irakurri ostean, Hasier Etxeberriak zioen sekula ez dela halakorik ikusi gurean. Zeuk diozu behin editoreak bota zizun amu batetik datorrela guztia. Kontaiguzu amua irentsi eta lanean hasi zinenekoa. Izan al duzu zerbait berria egiten ari zinenaren sentipenik, Hasierrek zioen bezala?

Aspaldi zirikatu ninduen Gorka Arresek, Susako editoreak, ea mamirik ezin niezaiokeen atera kristalezko begiduna izateari. Momentu hartan ez nion zentzurik topatu proposamenari; gerora, bizitzako gorabeherek lagundu didate esanahia ematen. Hasierren inpresioari dagokionez, bataio ona gertatu zen liburuarentzat. Liburua idatzen ari nintzela ez nekien zerbait berria egiten ari nintzen, baina pasarte batzuk indartsuak begitantzen zitzaizkidan, eta sentsazio horrek berorrek tenk egiten zidaten aurrera jarraitzeko.

Desamodioari buruz diharduzu liburuan, eta desamodioak sortzen dituen minak deskribatzen dituzu Minaren aldakiak atalean: min solidoa, min zorrotza, ukabilkada dirudien mina, atzaparraren mina… Mikel Peruarenak zioen dena ondo atzeratzen zaien pertsonaiekin istorioak egitea konplikatua iruditzen zaiola. Pertsonen minak idazteko askorako ematen duela esan liteke…

Zerbait galtzen dugunean, hutsune hori bete, ordezkatu, gainditu edo ahaztu beharra etortzen da. Denborak bere lana egiten duen bitartean, galera horiei buruz idazteak haiek eramaten laguntzen digu. Kasu honetan, haustura sentimental bat izan zen bulkada, oso mingarria, eta horrexegatik, hain zuzen ere, “kantatu” behar nion.

Azpimarratzeko moduko esaldi bat baino gehiago aurki liteke maitasunari buruz, horien artean, honakoa: “Duintasuna galtzeko merituak egitea. Arrisku hori hartzen du maitemintzen denak”. Maitasunak zeharo tenteltzen du pertsona, antza…

Tenteldu baino, esango nuke txotxongilo bilakarazten gaituela batzuetan. Eta asaldatu ere egiten gaituela, duda barik. Hori dela eta, azpimarratu nahi nuke Meibi, liburuko protagonista, sufritzen ari dela baina ez dabilela nora ezean: maitasuna nahi eta behar duen arren, burujabetza du begi-bistan uneoro, ez ditu bere bizitzaren uhalak erriatu. Eta zerk lagunduko dio sosegua hartzen, hain justu? Idazteak. Maitasunarekiko distantzia hartzeko, bere burua aztertuko du, iraganaz hausnartuko du, maite duen gizon horren aberastasunean murgilduko da, galdu-irabazien kalkulua egingo du, idazkuntza-prozesuan sortzen zaizkion zalantzak luzatuko dizkio irakurleari, eta abar. Niretzat, idaztea beti izan da neure bizitza bideratzeko modu bat. Hori dela eta, baratzeari buruz hitz egitean, esaten dut prest egon beharra dagoela idaztitakoaren barruan erne eta garatzen den patua onartzeko.

“Aitita-amumen gaixotasun kroniko astunak jagoteko esfortzuan galdu zuen amak osasuna, sakrifizioaren xederan”, dio pasarte batek. Liburuko protagonistari ere egokitu zaio “bere zaharrak” zaintzea. Makina bat irakurlerengana iritsiko zinen gurasoen zaintzari buruzko lerro horiekin…

Emakumeengana batez ere, ohituraz emakumeen ardura delako etxearekin batera, etxeko zaharrak zaintzea. “Etxeko aingeruaren” ereduak kalte izugarria egin digu: emakume jasekoak ona, eskuzabala, errukiorra eta eroapentsua izan behar du, zamak zama, irribarrea eta adorea galtzen ez dituena, erresignazioaren paradigma. Amorrua debekatu egiten zitzaien. Heziketa-molde horri gure aurrekoek benetako zentzua ikusten zioten, sakrifizioa beren buruak hobe bihurtzeko entrenamendutzat hartzen zutelako. “Egin, eta isilik egin” zen haien lema. Liburuan, aitarekin izandako ika-mikak kontatzen ditut. Zertarako? Amorratzea, kexatzea eta matxinatzea erreakzio arruntak direla adierazteko, ez dugula errudun sentitu behar abnegazioan sublimazio-biderik topatzen ez badugu.

“Ez nuen jakin langa jartzen egitea komeni zenaren eta egin beharrekoen artean”. Gizarte honen gaitzetako bat? Hori egiten asmatuko bagenu, ez ote ginateke hobeto biziko?

Miquel Marti i Pol poeta katalanaren esanetan, bizitzaren artea zera da, bizitza arte bihurtzea. Eta arte horrek behar du egunero egiten dugunari begirakune bat botatzeko patxada, baina ez dugu horretarako betarik hartzen. Lanaren gurpil zoroan sartuta gaudenean, aldrebestu egiten zaigu lehentasunen ordena. Ez da norberaren kontua bakarrik, izaten dira kanpo-presioak. Azken batean, eguneko hogeita lau orduak eskas geratzen zaizkigu alor guztietara heltzeko. Dena den, liburuan esaten dudan bezala, badira beren “gaztatxo-kaxari tapa kendu nahi ez diotenak ere”; alegia, beren bizitzaren kalitateaz arduratzea nahiago ez dutenak, badaezpada.

Liburua gaztelaniara itzuli omen duzu. Zer moduzko lanketa izan da?

Itzulpena Pamielaren etxearen eskutik kaleratuko da ekainean. Ariketa neketsu bezain aberasgarria izan da. Gaztelaniazko bertsioan euskarazkoaren tonu berberak —ironiarena, lirikotasunarena, azalpen teknikoena…— lortzea izan da zailena, jatorrizkoaren morrontzan erori gabe testuari doinu naturala ematea.

Berriz Landetara itzultzeko asmorik?

Egokiera topatu bezain laster. Irrikaz nago “nire” bazterretako baretasunaz blaitzeko eta muskuiluak landatar erara jateko.

 

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments