Maite Mutuberria: “Askotan idazleak espero du zuk egin dezazun hark buruan zeukana, eta hori ezinezkoa da”

0

Ez dago garbi non eta noiz ezagutu genuen Maite Mutuberriaren obra. Askotan gertatzen da amarrazkilariekin: haren lanekin topo egiten duzu, dela disko baten azalean, edo ipuin album batean, edo auskalo, eta zeure begi ninietatik sartzen da haren mundua, baina ez zara ohartzen zein den marrazkiaren egilea. Irudiek inguratuta bizi gara, eta ez diegu berehala izenik ipintzen, espreski begiratzen ez badugu. Maite Mutuberriaren lanek, ordea, badute tankera bat, estilo bat. Askotan egiten du lan argazkiren bat oinarritzat hartuta; hura biziberritzen du bere margoekin, oinarrian dagoen argazkiari beste esanahi bat emanez. Bere irudi batean aurki dezakezu duela mende bateko eta gaur egungo irudien arteko dialektika bat, argazkia ordukoa delako, baina trazua gaurkoa. Eta emaitzak badu kutsu bat oso berezia, begietara berria ematen duena. 111 aldizkariak bere Iruñeko estudioa bisitatu du, duela hilabete batzuek Iñigo Astizekin batera lortutako Rikardo Arregi kazetaritza sariaren aitzakian.

Rikardo Arregi saria irabazi duzu Iñigo Astizekin batera Kixotenean (Elkar, 2016) lanari esker; nola sortu zen elkarlana?
Iñigok eta biok elkarrekin ikasi genuen, gela berean, txikitako lagunak gara, baina gero bide ezberdinak segitu genituen. Urteak eman ditugu elkar asko ikusi gabe, eta hark deitu zidan elkarrekin lan egiteko. Saria irabaztea poz handia izan zen, batez ere berarekin batera lortu nuelako. Gero badu bere alde barregarria, nik ikus-entzunezko komunikazioa ikasi nuelako, eta hau kazetaritza sari bat delako. Bueltan etorri zait nik utzitako bidea, nolabait.

Publizitatea

Marrazki gutxi ditu liburuak, baina ongi laburbiltzen dute atal bakoitzean kontatzen dena…
Beno, egia esan Iñigoren testuak jaso orduko berehala etortzen zitzaidan irudia, oso erraz. Asko gozatzen nuen testuak irakurrita, eta collage-ak ere oso baliagarriak izan zitzaizkidan errealitatearen eta fikzioaren arteko joko hori kontatzeko.

Iñigo eragozpenik jarri zizun inoiz?
Ez, ez, inoiz ez [barreak].

Nolakoak zineten zu eta Iñigo txikitan?
Iñigok esan zuen, saria jaso genuenean, berezitxoak ginela biak. Guk irabazitakoa, kazetaritza sari berezia zen, eta berak esan zuen kuriosoa zela biak gelako “berezitxoak” izanda sari berezia irabazi izana [barreak]. Antzerkiak egiten genituen eta gelaren aurrean antzezten genituen, pila marrazten genuen (hark ere bai)… esan daiteke berezitxoak ginela, bai.

Sari dezente irabazitako marrazkilaria zara; zure izena geroz eta gehiago horri esker ari al gara entzuten?
Beno, argitaratzen hasteko sariak oso garrantzitsuak dira, ikusgarritasuna ematen dizutelako, eta izen bat, eta horrek asko laguntzen du. Baina uste dut nirekin lan egitea erraza dela, eta horrek ere asko laguntzen duela.

Erraza zer dela eta?
Beno, publizitate agentzia batean ibili nintzen Madrilen urteetan lanean, eta hor ikasten duzu prozesuak ulertzen, jakiten zer nahi duen bezeroak, eta horren arabera moldatzen. Ez da gauza bera album bat ilustratzea edota hezkuntza liburu bat. Batean edo bestean egin behar dena oso diferentea da, eta horretara makurtzea garrantzitsua da, eta bezeroak eskertzen du, nik uste. Eta gero betikoa, epeak betetzea eta halako gauzak [barreak], hori ere garrantzitsua da, eta uste dut nik betetzen dudala hori.

Zure marrazkiek badute zerbait azkar identifikarazten dituena, ados al zaude?
Ez dakit, harrigarria egiten zait hori entzutea, ia beti egiten dudalako eskari baten arabera lan, eta zaila egiten zait nahi dudana egitea, baina agian ari naiz geroz eta gehiago hori lortzen. Adibidez, Berria-rentzako elastikoetan [Trixertak kolekziokoak], haiek ideia ematen zidaten, baina nik gero pixka bat nahi nuena egiten nuen, eta haiek pozik geratu ziren.

Collage-aren teknika asko erabiltzen duzu…
Lan bakoitzarentzat zein teknika erabiliko dudan erabakitzea oso zaila egiten zait, baina behin erabakia hartzen dudanean nahiko erraz egiten dut. Eta collage-a bai, asko erabiltzen dut. Baina kontraesanak ere eragiten dizkit, argazkiak ez direlako nireak, eta nolabait lapurtzen ari naizela sentiarazten didalako.

Baina liburuak bien arteko lanak diren neurrian, alegia, idazlearenak eta zeureak, lan partekatu horri beste norbaiten begirada eranstea gauza ederra da, ezta?
Horrela esanda polita da, bai. Egia esan, argazkiekin lan oso erraz egiten dut. Argazkia ikusi orduko sentitzen dut hortik istorio bat atera daitekeela, eta bitxia da nola aldatzen diren, haien gainean edozer eginda. Hala ere azkenaldian nire marrazkiekin lan egiteko gogoa sartu zait, eta hala egingo dut hurrengo lana.

Zein lan da?
Nobela grafiko moduko bat izango da, beka bat jaso dut eta horri esker egin ahal izango dut. Marrazki soilak izango dira, oso pertsonalak, oso barrukoak, kasik autobiografikoak, eta eskuz egingo ditut.

Eskuz edo ordenagailuz egitea oso ezberdina al da?
Bai, bai. Ordenagailuz lan asko egin dut, oso azkar egiten dudalako, baina emaitza pixka bat perfektuegia egiten zait, eta gogoa daukat beste trazu batekin lan egiteko, bat-batekoagoa, intuitiboagoa. Eskuz askotan espero ez ditudan gauzak ateratzen dira, sentimenduak adibidez, eta ordenagailuz lan eginda hori zailagoa da.

Sortzailearentzat beti da zaila eskarien kudeaketa orekaz egitea, baietz edo ezetz zeri esan erabakitzea, nola bizi duzu hori?
Zaila da. Ni saiatzen naiz gustura lan egiten, ondo ordaindutako lanak edo gustuko ditudanak bakarrik onartuz. Madrilen bizi nintzenean enkargu asko egin nituen gogoz kontra, batik bat publizitatean, eta hura izan zen hona itzultzeko arrazoietako bat. Bajoia izan nuen horrekin. Halako batean bizitza aldatu nahi nuen, landareak zaindu, sukaldean lan egin.. gauza horiek. Orain gehiagotan esaten diet ezetz hainbat lanei, batzuk oso estresagarriak direlako, eta geroz eta gehiago ari naiz nahi ditudan lanak onartzen. Gainera, orain aipatu dizudan beka jaso dut, eta beno, alde batetik urduri nago, oso gauza pertsonala delako, baina bestetik oso gustura.

Eta idazleekin elkarlana, nolakoa da? Zeren eta elkarlana den neurrian, idazleak izango du ideia bat, baina akaso zuk beste bat; enpatia bat beharko duzu, ezta?
Beno, askotan idazleak espero du zuk egin dezazun hark buruan zeukana, eta hori ezinezkoa da. Baina izan behar duzu kontuan zer nahi duen kontatu, edo sentiarazi, eta hori ahalik eta zehatzen plasmatzen saiatu behar duzu. Askotan zuk egiten duzuna ez da idazleak espero zuena, baina hala ere lortu duzu hark kontatu nahi zuena kontatzea; ez, ordea, hark aurreikusten zuen bezala. Dudak izaten ditut, batik bat liburu batetik bestera estiloa aldatzea gustatzen zaidalako, “ai, ama, ez dakit hau gustatuko zaion!”.

Marrazkilaria pixka bat menpekoa da, beraz, idazleak ez baitu inoiz pentsatzen “ai ama, marrazkilariari ez zaio hau gustatuko”, baina marrazkilariak bai… nahiz eta bien arteko lana den.
Bai, egia da. Marrazkia bidaltzen duzu eta pixka bat irrikatan zaude haren erantzunaren zain, “gustatuko ote zaio?” [barreak].

Nolakoa da zure errutina? Nor bere buruaren nagusi eta morroi izatea zaila da, ezta?
Beno, lehen estuagoa nintzen. Orain esnatu eta irakurri egiten dut. Ideia berriak ateratzen ditut handik, estimulatu egiten naute liburuek. Gero gauzak apuntatzen ditut, edo ez, plazer hutsagatik ere irakurtzen dut. Gero, honek lotsa pixka bat ematen dit… meditatu egiten dut. Eta gero lanean jartzen naiz.

Etxean lan egiteak ere baditu bere arriskuak, lanetik inoiz ez ateratzearena, kasurako.
Bai, bai, arrisku handiak ditu, baina nik ondo eramaten dut. Madrilen izan nuen bolada bat goizeko ordu biak arte lanean egotekoa. Gehiegi zen, eta gero erabaki nuen nire burua gehiago zaintzea, landareak zainduz, yoga edo igeriketa eginez edo bizikletan ibiliz. Hala ere, niretzat hau ez da lan-lana, eta ez daukat arazorik larunbatean egin behar badut egiteko.

Musika jartzen duzu lanerako?
Bai, irratia jartzen dut maiz, podcast-ak eta halakoak, edota musika. Azkenaldia Silvia Perez Cruz asko entzuten ari naiz.

BIBLIOGRAFIA
Gerrak ez du izenik (Pamiela, 2013)
El país donde habitan las cigüeñas (2014)
Cuento de Babia y Luna (Fundación Patrimonio Natural de Castilla y León, 2014)
Zerua berun (Ibaizabal, 2014)
Kantuz (Elkar, 2015)
Apaiz gerrillariaren ezkutalekua (Elkar, 2015)
Kixotenean (Elkar, 2016)
Xomorroak eta Piztipoemak (Pamiela, 2016)
Pikondoaren balada (Elkar, 2017)

Iruzkina idatzi

Izan zaitez lehena iruzkina uzten!

Harpidetu
avatar
wpDiscuz