Azken afaria

2

Izenburua: Azken afaria
Idazlea: Xabier Montoia
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2013

Bilboko txoko batean bazkaltzeko bildu dira lau gizonezko, gaztetan elkarrekin zuzenbide ikasketak egiten ibili izandakoak. Ogibidez abokatuak dira bi, idazlea bat eta politikan dihardu laugarrenak. Atzera begiratu eta harritu egiten dira, gazte izandako haiek zer bihurtu diren ikusirik. Oraindik ez dakite, ordea, etortzeko dagoela aldaketa handiagoa. Gau batez ertzainak bortizki sartuko dira lagun horietako baten etxean eta atxilotuta eramango dute semea. Gertakizun horrek dena nahasiko du lau adiskideen artean; jarreraz eta are ideologiaz ere aldaraziko ditu, eta ordura arte pentsaezina egitera zena bultzatuko.

Subscribe
Notify of
guest

2 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Portugalete 62.1

Ni oso Montoiazalea… izan naiz, baina bere azken liburuek defraudatu egin naute.
Kasu honetan, interesgarriena nobelaren garapena eta erregistroen ezberdintasuna dira: lehenengo eta laugarren atala, ia bikiak giro eta estiloaren aldetik (txokoan, bazkari-afarian, elkarrizketa nagusi), eta erdian erregistro erabat ezberdineko bi atalak: batean narrazioa,; bestean, gogoeta, bakarrizketa.
Azken hau izan ezik, oso erraz irakurtzen da liburua; baina honek ez du esan nahi, nire gusturako, liburua ona denik. Errealitateari lotuegi egotea egozten diot, apenas sorkuntza literariorik gabe; bestetik, lerratuegi ikusten dut Montoia politikoki. Geratzen den atala, bakarrizketarena, benetan aspergarria iruditu zait, monotonoa, behin eta berriro ideia eta sentsazio berdinak errepikatuz. Tarteka, noizbehinka, gertatutakoa eta honen arrazoia argitzen diguten datuak eskaintzen dira.

Bilbo 54.3

Xabier Montoia itzuli da euskal literaturara, hiru urte pasa eta gero, eta liburu bikain bat ekarri digu. Lau lagunen bazkari batekin hasi eta horietako biren afari batekin amaitzen da liburua. Bi otorduen artean istorioak bi atal ditu: Felixen semeari gertaturikoa maisuki kontatzen zaiguna eta Felixen eta emaztearen bizitza eta harremana, semeari gertatu zaionaren ondoren.
Irakurketak guztiz harrapatzen zaitu eta ezinezkoa da liburua uztea, amaiera ezagutzeko irrikan.
Idazkera ere bikaina da, erabiltzen duen euskaragatik zein kontatzeko eragatik. Alde horretatik ere, gozamena da liburua. Beraz, oso gomendagarria da liburu hau, 2013. urteko liburu onenetariko bat dena, zalantzarik gabe.