Neska bat leku inposiblean

2

Izenburua: Neska bat leku inposiblean
Idazlea: Xabier Amuriza
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2018

Xabier Amuriza idazle eta bertsolariak frankismo garaian Zamorako apaiz kartzelan emandako egunak fikzionatu ditu eleberri honetan.
“Murru osteko bonbillak argitasun doi-doi bat bidaltzen digu, iluntasun arindu bat esango nuke. Simut! –oihu dagit berehala–. Argia! Argia dakust!! Etzanda erori naiz Simut belaunikatuaren kontrara. Ez daiteke, baina bada. “Eta argia egin zen”.
Tentetu naiz pixka bat makur (1,50 m), eta Simut zulotxotik begira dago, geldi-geldi, estasian. Denbora batera, alanbretxoa bertan sartuta uzten du, eta besarkatzen nau, dardarka esanez: Nezu! Argia ekarri diguzu! Eta argiak apaiz bat besarkatzen harrapatu nau”.

Subscribe
Notify of
guest

2 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Alegia 41.1

Hasteko esan nahi dut, liburuaren izenburuak atentzioa eman zidalako aukeratu nuela, alegia, zein leku izan ote daitekeen inposiblea neska batentzat.
Gero, gaia nondik zihoan ikusi nuenean, irakurtzea erabaki nuen, Zamorako apaizen kontuak nerabezaro-gazte denboran entzunak nituelako eta gai horren inguruko abesti bat ere ezagutzen nuelako.
Irakurtzen hasitakoan, baflearen barruan zegoen neskaren istorioaren eta Donostiako Martutene kartzelan izandako gertakariaren artean parekotasunak antzeman ditut. Irakurtzen ari nintzen heinean, tunela egiteko ematen dituen azalpenetan zenbaitetan galduta ibili naiz, lanen nondiko norakoa ondo kontrolatzen ez nuelako, eta zenbait momentutan lan horien kontakizunean asko xamar luzatu dela iruditu zait. Bestalde jakinmina piztu zait, historioaren bukaera zein izango zen jakiteko.
Ustegabeko momentuak ere izan ditut,Nezu haurdun zegoela kontatzen duenean esate baterako. Bukaerak ere harritu nau.
Erabili duen idazkera estiloa gustatu zait eta sekula entzun gabeko hitzak ezagutzeko ere balio izan dit.
Bukatzeko esango dut, egia esate aldera, liburua beste bide batetik joango zela espero nuela.

Bilbo 54.3

Liburu luzea eta askotan astuna Xabier Amurizaren azkena. Frankismo garaian kartzelan egon ziren apaiz batzuen gorabeherak kontatzen dizkigu; batez ere, iheserako tunel bat egitean gertatutakoak. Une batean, neska bat sartu zen kartzelan bafle baten barruan haiek laguntzeko eta euren bizitzak aldatu egingo dira.
Askotan aspertu naiz liburuarekin, 300 orrialdeak gehiegizkoak direlako argumentu horretarako. Ondorioz, asko kostatu zait amaitzea, nagikeria izan dudalako sarritan liburua berriro hartzeko.
Bestalde, Amurizak erabili duen euskara ez zait batere gustatu. Pena da bertsolari izandako batek makina bat erderismo erabiltzea, titulutik hasita (“inposible” hori guztiz mingarria da), baina badirudi berarentzat “euskaren ajeak” konpontzeko horixe dela bidea. Hori eta aditz trinko asko asmatu eta erabiltzea.
Beraz, ez dut batere gozatu irakurketarekin eta ezin dut gomendatu.