Martutene

8

Izenburua: Martutene
Idazlea: Ramon Saizarbitoria
Argitaletxea: Erein
Urtea: 2012

111 Akademiaren Saria 2012

Martutene. Dadoa zenbait aldiz jaurti ondoren, bosta atera da: Julia, Martin, Pilar eta Abaitua dira lau kantoietako puntuak; erdikoa, Lynn.
Julia itzultzailea da, Martin, idazlea; Pilar eta Abaitua medikuak. Berriro osatzeko (edo desegiteko) prozesuan dauden bi bikote. Horretan, neska amerikar bat agertzen da haien bizitzan; soziologoa da, Marx Frischen eleberri bateko protagonistaren izena du. Lynnek ez du nahi, baina aspalditik lokartuak zeuden harreman haien zimenduak astinduko dituzten erreakzioak abiaraziko ditu haiengan: alaitasuna, desira eta bizi berri bati ekiteko poza eta ilusioa.
Lynnen presentziak ematen dio Juliari falta zitzaion ausardia; idazleari, azken maite-jolasekin amets egiteko aukera; Abaituari kulpa astun batetik askatzeko modua, eta askapen zoriontsu horri esker zentzu duinagoa eta beteagoa emango dio bizitzari. Pilarri, bere aurkariari, bere zoria erabakitzeko eginkizuna utziko dio.
Lynnen “Fly away” (zoaz hegan) melodiko eta askatzaileak, beste hainbat doinu gozo, zakar, triste edota mingarrirekin batera (abertzaleen istorioak, gerrakoak, indarkeria eta heriotza-kontuak) eleberri guztia igarotzen du, hasieratik “coda”raino. Amaieraren aurretik, ordea, geralditxo bat egiten da, azkeneko aldiz, guduaren osteko paisaia aztertzeko. Protagonista batzuk hegan abiatuko dira, beste batzuk lurrean geratuko dira, erremediorik gabe. Lynn, noizbait aingeru askatzaile, gaur heroi lurreratu, oroimenaren aingeruaren besoetan datza orain, eleberri bikain, zuhur eta zirarragarri honetako protagonista (eta irakurle) ororen gainean hegaldatuz.
Ramon Saizarbitoriak bere eleberri onena idatzi du (intimoena?), eta ez da kasualitatea izan, erreferentzia gisa, Frischen eleberri bat hartu izana, izenburuan leku-izen bat daramana hura ere, Montauk, non, asteburu bat eta azken maitasun-istorio bat kontatzeko aitzakiarekin, bere bizitzaren errepasoa egiten baitu egileak. Saizarbitoriak ere atzera begiratzen du, bere paisaiak dakartza gogora, dagoeneko existitzen ez den Donostia, aro baten amaiera, zorionekoa, indarkeriaren azkenarekin batera etorri delako, baina gauza gehiegi utzi dituena atzean…

8
Iruzkina idatzi

avatar
8 Comment threads
0 Thread replies
0 Followers
 
Most reacted comment
Hottest comment thread
7 Comment authors
JonEibar 101.1Andoain 25.4Arrigorriaga 51.1Larraul 39.1 Recent comment authors

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Berriena Zaharrena
Harpidetu
Jon
Jon

Liburuaren irakurketa oraindik amaitu ez dudalarik (bukaera ez dut ezagutzen, beraz), oso gustokoa dudala esan beharrean nago. Egia da liburu mardula dela; ez horrelako lehena ostera (Lur bat haratago, Irigoienen Orbetarren trilogia, etab). Harreman pertsonalen ezagutza sakona eta haien izaera gizatiarra, bikain tratatua dagoela uste dut.

Eibar 101.1
Eibar 101.1

Ezin dut irakurri Sentitzen dut baina ez noa Martutene liburua irakurtzera. Prejuizioz beteta nago: badakit astuna, irakurzaila eta deskriptiboagoa egingo zaidala. Bere garaian ezin izan nuen Hamaika pauso bukatu, zuen estiloarengatik ezin bainuen haria jarraitu. Halere, urteko sari guztiak bereganatu zituen. Martutenek ere Beterriko saria irabaziko du, eta agian idazlearen ahaleginak mereziko du, baina ez dakit ez den euskal literaturaren minoritarismorako kalterako izango. Bitxia da: Euskal Herrian etxean idazle konsagratuek idatzitako urteko liburu zailenak saritzen ditugu, eta aldiz, Espainian Sari Nazionalaren bidez liburu errezak saritzen dizkigute. Eta beharbada azken honek behar du euskal literaturak irakurleak izateko eta superbizitzeko bidea.

Andoain 25.4
Andoain 25.4

Landutako maisulana. Eskarmentua erakusten du idazleak liburu honetan. Eskarmentua idazle moduan eta areago pertsona moduan (zenbat hausnarketa bizitzaren atal askori dagokionean, baiTa gure euskaldun izateari buruz ere…). Literatura unibertsaleko liburu konsagratu baten barruan murgilduta ari nintzela iruditu zait hau irakurtzean. Ramoni entzun diot bere liburu honi buruz hitz egitean emakumeak ondo ezagutzeak ahalbidetu diola hau idaztea. Baina niri Abaitua doktorea izan da liluratu nauen pertsonaia, jantzia, xamurra, bere kontraesanekin, baina koherente izateko nahia ageri utziaz… Dena den, gehiegizkotasuna du sobera liburuak. Eta horrek-lastima!- atzerapausua ematera bultza dezake irakurlea: “Montauk” liburuaren pasarteak behin eta berriz, behin eta berriz aipatzea; “metaliteratura” asko;… Gehiago irakurri

Arrigorriaga 51.1
Arrigorriaga 51.1

Azkenean amaitu dut Martutene irakurtzen! Kostatu egin zait, Saizarbitoriak duen estilo berezi hori dela eta, baina merezi izan du, zalantzarik gabe. Maite-gorroto dut autorearen estiloa, ez dakit nola azaldu. Pertsonaiak berba eta berba dabiltza eten gabe nobela osoan, baina dialogo guztiak ez-zuzenak dira. Horrek xarma berezia ematen dio testuari, baina niri kostatu egin zait askotan haria jarraitzea. Dena dela, istorioa zoragarria da, eta pertsonai guztiekin maitemindu naiz. Eleberri hunkigarria. Zenbat sari irabaziko ditu? Bat baino gehiago, seguru.

Larraul 39.1
Larraul 39.1

Oso liburu mardula, potoloegia aukeran, nire gusturako. Askotan damutu egin naiz hasi izanaz, nirea ez baita horrelako liburu gizenetan murgiltzea. Hala ere, nobela erakargarria egin zait. Hasiera hasieratik harrapatzen duen horietako eta berehala nahasten eta korapilatzen doana. Bai baitaude nobela bat baino gehiago liburu bakar honetan. Bukaera ere, xelebrea, espero gabea, beltz xamarra. Gai asko ukitzen ditu, hala nola, literatura, erlijioa eta bere transmisioa, medikuntza (lankideen arteko giroa eta harremanak, pazienteekiko tratua, neglijentziak, farmakoen interesak,…) eta horren barruan ginekologia saila, erditze mota ezberdinak (horien artean etxean modu naturalean erditze), sexualitatea, zahartzaroa eta bere zaintza, bikoteen arteko harremanak, euskara, AHT, patua,…… Gehiago irakurri

Bilbo 54.3
Bilbo 54.3

Oso liburu luzea Saizabitoriak ekarri berri diguna. Ia hilabete t’erdi eman dut irakurtzen. Zazpiehun baino gehiago orrialdeko eleberria da eta uste dut laurden bat soberan dago. Orrialde horiei, gainera, gehitu behar zaie ingeles eta frantsesezko esaldien euskarazko hiztegia, liburuaren amaieran agertzen dena. Izan ere, euskaraz gain, gaztelania, frantsesa eta ingelesa ere agertzen dira liburuan, baina hiztegian ez dira agertzen gaztelaniazko esaldiak, Saizarbitoriak, agian, egiaztatu duelako Iparraldean inork ez dituela bere liburuak irakurtzen. Bestalde, oso eleberri luzea izateaz gain, bere esaldiak, askotan, oso luzeak eta katramilatsuak dira. Horrek nekagarria eta astuna bihurtzen du irakurketa momentu batzuetan. Eleberriaren argumentua, ordea, gozatzeko modukoa… Gehiago irakurri

Bilbo 54.3
Bilbo 54.3

Oso liburu luzea Saizabitoriak ekarri berri diguna. Ia hilabete t’erdi eman dut irakurtzen. Zazpiehun baino gehiago orrialdeko eleberria da eta uste dut laurden bat soberan dago. Orrialde horiei, gainera, gehitu behar zaie ingeles eta frantsesezko esaldien euskarazko hiztegia, liburuaren amaieran agertzen dena. Izan ere, euskaraz gain, gaztelania, frantsesa eta ingelesa ere agertzen dira liburuan, baina hiztegian ez dira agertzen gaztelaniazko esaldiak, Saizarbitoriak, agian, egiaztatu duelako Iparraldean inork ez dituela bere liburuak irakurtzen. Bestalde, oso eleberri luzea izateaz gain, bere esaldiak, askotan, oso luzeak eta katramilatsuak dira. Horrek nekagarria eta astuna bihurtzen du irakurketa momentu batzuetan. Eleberriaren argumentua, ordea, gozatzeko modukoa… Gehiago irakurri

Donostia 47.17
Donostia 47.17

Noiz argitaratuko du Aingeru Epaltzak trilogia honen hirugarren liburua? Desiatzen nago. Benetan gozatu dut hau irakurtzen. Berak eraman nau lehenengora, hau da, Mailuaren odolera, eta hura ere irrikaz irakurri dut. Pertsonaia oso interesgarria asmatu du, eta gainera Euskal Herriaren historia ezagutzeko modua. Ez da lan makala, uste dut errekonozimendu haundiagoa behar lukeela.