Gorde nazazu lurpean

3

Izenburua: Gorde nazazu lurpean

Idazlea: Ramon Saizarbitoria

Argitaletxea: Erein

Urtea: 2000

Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aipamena 2000

Intxortako lubakietan girotutako Gudari zaharraren gerra galduak zabaltzen du liburua, eta Intxortako lerroen apurtzearekin gertatu zen nazionalen aurrerabidearen ondorioetako bat kontatzen zaigu Asaba zaharren baratzan. Liburua ixten duen azken narrazio honek Sabino Aranaren hilobi aldaketak kontatzen ditu. Tartean gelditzen da 36ko gerraren oihartzun atergabea den Bi bihotz, hilobi bat (Artaxonatik Artaxonara). Rossetti-ren obsesioak, berriz, Madrildik Londresera daramatza euskaldunoi buruzko galdera eta diagnostiko zuzen-zuzenak: ¿Qué os pasa a los vascos? eta Sois unos melancólicos. Galderaren eta baieztapenaren atzean bi emakume, Victoria eta Eugenia, guztiz desberdinak eta aldi berean antzekoak oso. Eta gizon bat, eta bi harremanen kasuan -arrakasta labur txinpartatsuren bat gorabehera-, bi maitasun ezinezko. Azken finean, ze zaila egiten zaion gizonezkoari gauzarik xumeena ere naturaltasunez aitortzea! Batarekin ausartegi, bestearekin koldarregi, modu paregabean azaleratzen du nobelak gizonezkoon alde mixerable eta komikoena. Komikotasunean badu, egia esan, norekin neurtu liburu honetan; izan ere, larru berekoak baitira azken pertsonaia hori eta Bi bihotz, hilobi batekoa. Marcel Martinek, berriz, bikote harremanak absurduraino nola gaizto daitezkeen erakusten digu. Gutxien espero denean, eta komentario ezdeusenaren kausaz, leize sakon eta gaindiezina zabal daiteke gure bizitzetan, ustez bat ere arrazoirik gabe, eta erabat oharkabean gainera. Izan ere, xelebrea baita -edota negargarria- gauzarik xumeena ulertzeko gizonak askotan duen ezintasuna. Bat-batean, bikotea osatzen zutenak, elkarrenganako bi ezezagun bihurtuko dira. Esan beharrik ere ez dago liburu arrunt bat baino gehiago dela eskuetan duzun hau: euskal irakurleen ahotan luzaroan egongo den liburua.

Subscribe
Notify of
guest

3 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Urnieta 49.2

Bikaina benetan Saizarbitoriaren lan hau, epaimahakideok egiten dugun lana gogoangarri bihurtzen duena. Gizakion gogo-tolesdura asko eta asko azaltzen dituzte munduaren ikuspegi oso ezberdina duten pertsonaiek, narrazio sentibera, ironiko eta fin bezain ondu batean, guztiek sarri hain eskatologikoa gertatu zaigun gaiai ardatz dutelarik: gorpuak edo gorpuzkinak hilobiratu edo lurperatu izana. Euskal sen eta nortasunaren kronika, gizon-emakumeen arteko harremanen txirrika, nahiaren eta ahalmenen gatazka, hamaika argi eta itzal maisu baten lumak paperean zoragarri josita.

Donostia

Zalantzarik gabe, idazteko estilo oso berezi baten jabe eginda dela erakutsi du Saizarbitoriak. Gure ustean, euskal letretan beste inork ez bezala lortu du berak giza arimaren barrunbeak argitu eta paperera isurtzen. Norbanakoaren baitan gertatzen diren norgehiagokak, alegia. Bere azken urteotako lanetan -eta azken honetan, batez ere- frantziar zinegintzako hainbat lan ebokatu ditugu Ramonenak irakurtzean eta -bereziki- Claude Soutet-enak dakarzkigu gogora (“Bihotz bat neguan”, “Nelly eta Arnaud jauna”…) Erritmo geldoan, errepikapen ugari eginez (baina sekula nekagarri izan gabe) eta umore zorrotz arrafindua erabiliz kontakizun ederrak eskaini dizkigu. Chapeau!

Andoain 25.5

Oso liburu ederra. Bost narrazio ezberdin, baina zein baino zein hobeak direnak. Bostak, gizakion eta batez ere ‘gizonen’ beldur, nahi, zalantza eta sentipenez ari dira. Eta hori, oso ongi dago.