Kristalezko begi bat

5

Izenburua: Kristalezko begi bat

Idazlea: Miren Agur Meabe

Argitaletxea: Susa

Urtea: 2013

111 Akademiaren Saria 2013

Pintoreak autoerretratua margotzen duen gisan idatzi du Miren Agur Meabek nobela hau, kristalezko ispilu berezi bati arretaz begira. Errealitatea eta fikzioa josiz eta urratuz sortutako kontakizuna da. Emakume baten mintzoa adituko duzu liburua zabaltzeaz batera: “Begi bat galdu nuen nerabezaroan; minbiziz hil zitzaidan ama; dibortziatua naiz eta seme bat daukat; enkarguzko lanak idaztetik ateratzen dut bizibidea; berriki utzi egin dut maite-laguna eta harrezkero gaixotuta nago…”.

5
Iruzkina idatzi

avatar
5 Comment threads
0 Thread replies
0 Followers
 
Most reacted comment
Hottest comment thread
5 Comment authors
Andoain 25.4Alegia 41.1Eibar 101.2Bilbo 54.3Gasteiz 9.5 Recent comment authors

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Berriena Zaharrena
Harpidetu
Andoain 25.4
Andoain 25.4

Galerek barruan sortu diotena erakusten digu idazleak liburu honetan, era gordinean erakutsi ere. Oso egiazko dirudien biluzte hori egin ondoren, bukaeran galdera ere luzatzen dio irakurleari: “Hitzez hitz sinetsiko al duzu kontatu dizudan guztia?”. Ba bai, oso sinesgarri eta hunkigarri egin zait bere kontakizuna. Hala ere, galdutako begiaren gaiari leku gehiegi eman diola iruditu zait. Gure barrukoaren islada ikusteko ispilua eskaintzen digu idazleak, idazteko abileziaz, hizkuntz maila aberatsez. Gomendagarria.

Alegia 41.1
Alegia 41.1

Oso gustura irakurri dut liburua. Norberaren bizipenak, bai onak bai txarrak, bakoitzak ditugun maniak, eguneroko bizitzan amorrarazten edo arrazoirik gabe haserrarazten gaituzten gaiak oso era naturalean eta itxurak gorde beharrik gabe azaltzen ditu. Zenbait unetan nahiko identifikatuta ere sentitu naiz. Bestalde, eta konturatu gabe, ezaugarri fisiko nabarmenen bat dutenei nola begiratzen zaien pentsarazteko eta jarrera aldatzeko ere baliagarria dela deritzot. Gurasoak makaltzen direnean sortzen diren gorabehera eta sentimenduak ere oso ondo islatzen ditu. Gainera, atal edo kapitulu motzak dituenez, irakurterraza egiten da eta haria galdu gabe irakur daiteke. Benetan interesgarria.

Eibar 101.2
Eibar 101.2

Pintoreak autorretratua margotzen duen gisan idatzi du Miren Agur Meabek nobela hau, kristalezko ispilu berezi bati arretaz begira. Errealitatea eta fikzioa josiz eta urratuz sortutako kontakizuna da, tarteka ironiazko zertzeladez gozatua. Gustatu zaizkit: – Sentimenduen sakonera eta sakontasun hori azaleratzeko bide egoki, garbi eta eraginkorra. – Estilo ariketa. Hizkera eta estilo berezi/landu/pertsonala sortzeko ahalegin ondo betea. – Ironia dosi egokiak. – Kapituluen luzera (edo laburrera), ipuin edo poema tankerakoak, asko. – Parrafo batzuen maisutasun sendoa. Borobilak. – Kapitulu jakin batzuk, adibidez: “Autoerretratua” deskripzio-ariketa bikaina; “Itzalak” poema narratibo metaforiko ederra; “Gaztatxo kaxaren teoria” iradokitzailea; “Orbainak eta beste” mingarria; “Hildakoen begiak” hunkigarria;… Gehiago irakurri

Bilbo 54.3
Bilbo 54.3

Liburu berezia da Miren Agur Meaberen hau. Bi zati ditu, nahiz eta nahastuta egon biak: kristalezko begiarena eta idazlearen bizitzarena. Azken honetan hainbat egoera sartzen dira: amodioak, desamodioak, familia, lagunak, etab. Egia esan, krsitalezko begien arloa asko interesatu zait, niretzat guztiz ezezaguna baitzen (ez nekien okularistarik zegoenik), baina bestearekin, garrantzitsuena denarekin, asko aspertu naiz. Eskerrak kapituluak laburrak izan diren. Ez dut ukatuko Meaberen idazkera txukuna eta jasoa dela, baina argumentuak ez nau batere harrapatu. Beraz, ezin esan gozatu dudala liburu honekin, gehienetan falta zitzaizkidan orriak zenbatzen pasatu dudalako denbora, irakurtzen ari nintzen bitartean. Laburbilduz, ezin gomendatu liburu hau.

Gasteiz 9.5
Gasteiz 9.5

Badira bi urte Miren Agur Meaberen olerkiaren gaineko liburua, “Azalaren kodea” izenekoa, irakurri nuela. Liluratuta geratu nintzen hurrengo hau irakurtzean: “Bestelako kodea aldarrikatu nahi dut hitzarena ez bezalako kodea, hizkera ez-hitzezkoa, oroimenean kondenatu ezineko lengoaia, zinak gezurta ditzakeen berbakera, erreklamazio-libururik eta tarifa-zerrendarik gabeko mintza mutua…” Hori dela eta irrikan nengoen bere liburu berria leitzeko: ”Kristalezko begi bat”. Aitortu behar dut testuaren hasieran galduegi nengoela. Izan ere, ez nekien nola definitu: ez zen eleberria ezta saiakera ere Montaignek asmatutako genero literarioa. Baina, amaitu bezain laster oso liburu borobila iruditu zait, kontakizun autobiografiko gisa definituko nuke.