Zer da, ba, maitasuna?

3

Izenburua: Zer da, ba, maitasuna?
Idazlea: Miren Agur Meabe
Ilustratzailea: Concetta Probanza
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2008

Liburu guztiz berezia idatzi du Miren Agur Meabek, Concetta Probanzaren marrazkiz horniturik agertzen den hau. Orain artean, poesian eta gazte literaturan eman ditu bere onenak Meabek, eta lan honetan, berriz, arlo biak uztartu ditu: nobela bat da berez Zer da, ba, maitasuna?, bere baitan poema-liburu bat txertaturik daukana.

Nobela bat esan dugu, baina bi direla ere esan liteke. Izan ere, bi pertsona eskatzen ditu maitasunak, bi sentimendu, bi ikuspegi, bat egin dezaketenak… edo ez. Berezi eta Mister X ditugu protagonistak; argazkilaritza eta poesia maite dituen neska da Berezi, sentikorra, amestia, kritikoa; Mister X, berriz, musika-talde batean dabilen mutila, bere zakartxoan bihozbera, umoretsua, solidarioa.

Bakoitzak bere istorioa kontatzen digu, eta irakurleak aukera egin dezake: edo neskaren kontakizuna eta gogoetak irakurri aurrena, edo mutilarenak, edo biak tartekatuz joan. Halakoxea da liburuaren itxura ere: bi azal ditu, eta bietako edozeinetatik has liteke irakurketa.

Barruan, berriz, amodiozko istorioetan ohi direnak, betikoak baina aldi berean beti berriak diren sentimenduak: desira, samurtasuna, beldurra, jelosia… Bai hitz lauz adierazita, kapituluz kapitulu, baita poemen bidez ere. Hala ere, ez da maitasuna gai bakarra: familiak, gizarteak, adiskidetasunak, naturak edo arteak ere badute beren tokia kontakizunean.

Liburu bereziari itxura berezia ematen asmatu du Concetta Probanzak, diseinu zaindu baten bitartez eta hainbat teknika lantzen dituzten marrazkien laguntzaz.

3
Iruzkina idatzi

avatar
3 Comment threads
0 Thread replies
0 Followers
 
Most reacted comment
Hottest comment thread
3 Comment authors
Lesaka 30.1Donostia 47.2Santurtzi 53.1 Recent comment authors

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Berriena Zaharrena
Harpidetu
Lesaka 30.1
Lesaka 30.1

Zer da, ba, maitasuna?. Galdera iheskorra, hitzetan eman ezin dena agian, poliedrikoa (barkatu hitz potoloa, baina horixe: poliedrikoa). ..Gauza da “tipula” honen azal eta axalki meheak zabaltzera saiatzen dela Miren Agur Meabe . Saiatu? Ausartu!! Ausardia behar da gero gai horri heltzeko, bertan itto gabe. Eta hara! Aski sano eta arin atera da. Liburu bizia, bizkorra, freskoa, xuabe-xuabe eta aldizka puntazoak sartuz, ustekabean, hatx! Neska batek, mutil batek, bakoitzak berean eta beretik kontatua, zer da maitasuna?: elkarmina? elkarmusuen bilduma? balde bete negar? edo barre eta gero negar? lurrean zerua?…Perkusio tematia garunean! Grabazio luzea bihotzean! Diseinua: gozo gozoa (Concetta Probanza). Hizkuntza:… Gehiago irakurri

Donostia 47.2
Donostia 47.2

Freskoa, orijinala, hala mamiari nola edizioari begiratuz gero. Liburuak ez du kontrazalik, bi aldeetatik irakurtzen da: alde batetik hasita, neska gazte baten ahotsa aurkituko du irakurleak eta bestetik mutil baten eguneroko gisakoa. Izenburuan bertan iragarri legez, maitasuna da ardatza. Maitemintzearen gazi-gozoak. Gaztetxoentzat liburu aproposa da. Baliteke noiz edo noiz sinesgarritasuna kolokan egotea, bi gaztetxoen idazteko era euren adinerako helduegia-edo iruditu zait zenbaitetan; baina gomendagarria da, hala ere. Gustura irakurtzeko modukoa.

Santurtzi 53.1
Santurtzi 53.1

Pozik bide dabil azkenaldi honetan Miren Agur Meabe: iazko Euskadi Saria, erdaraz argitaratu du eta, orain, euskaraz ere liburu berria, dena Gazte Literatura arloan, non ematen duen lurzoru emankorra aurkitu duela, eskerroneko eremua. Azken nobedade honetaz, Zer da, ba, maitasuna? izenekoaz, hitz batzuk esatera nentorkizuen. Liburu polita. Objektu gisa, ederra iruditu zait. Erakargarria lehenengoz begiztatzen duzunetik, lagaezina eskuetan hartzen duzunez gero. Concetta Probanzaren marrazkiek ondo baino hobeto laguntzen dute iritzi hori eratzen. Egitura bera, ez bada orijinala ere, ederto datorkio kontaketari, kapitulu laburrak eta poematxoak tartekatuz doan narrazioari: bi ikuspuntu desberdin baina osagarri erabili ditu egileak istorioa kontatzeko, neskarena eta… Gehiago irakurri