Moio – Gordetzea ezinezkoa zen

1

Izenburua: Moio – Gordetzea ezinezkoa zen
Idazlea: Kattalin Miner
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2109

Zein da neurri ona gertakari batetik distantzia hartu ahal izateko, baina oraindik gertakariak fresko mantentzen direla ziurtatzeko? Noiz igarotzen da ‘gertatu berria den zerbait’, ‘gertatu zen hura’ izatera? Eta, beraz, noiz hitz egin ‘gertatu zen hartaz’?”. Halakoak galdetzen dizkio Kattalin Minerrek bere buruari liburuaren atarian, hamar urte lehenago hil zen Aimar Elosegi Ansa “Moio” bere lagun minaz oroitzean. Suizidioa eta transexualitatea, gure gizartea durduzatzen duten bi tabu elkartu ziren heriotza horretan. Bere garaian zirraraz eta hunkiduraz beteriko erantzuna izan zen Hernaniko herrian, lagunarenganako maitasunaz gainera transexualitatearekiko enpatia eta jarrera berri baten beharra aldarrikatu zituena. Urteak igaro ahala, ordea, zer geratu da? Ez ote da maila intimora igaro dimentsio publiko eta politikoa erdietsi zituen kasua? Hipotesi horretatik abiatuta, hainbat elkarrizketa egin ditu Minerrek: Moioren kuadrillako lagunekin, haren anaiarekin, Medeak taldeko feministekin, omenaldian bertso gogoagarriak kantatu zituen Maialen Lujanbiorekin, Moioren azken gutuna argitaratu zuen Iratxe Retolazarekin, Brayan Altimasbere hernaniar trans gaztearekin… Guztien artean Aimarren bizitza eta heriotzaren erretratu eta memoria osatzeaz gain, pertsona transexualek gainditu beharreko oztopo ikusgarri zein ikusezinak marrazten dira, gure gizartearen transfobia aitortu zein aitortu gabeak, azken batean. Erreportaje bizi, zintzo eta sakona eskaintzen zaigu, hortaz, guztioi zer pentsatua eman beharko ligukeena.

1
Iruzkina idatzi

avatar
1 Comment threads
0 Thread replies
0 Followers
 
Most reacted comment
Hottest comment thread
1 Comment authors
Gasteiz 9.5 Recent comment authors

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Berriena Zaharrena
Harpidetu
Gasteiz 9.5
Gasteiz 9.5

“Eta Maialen Lujanbioren bertsoak, a ze bertsoak!” idatzi du Minerrek 84.orrialdean. “Eta Kattalin Minerren liburua, a ze liburua!” esango nuke nik. Tamalez, transexualitatearen gaineko testuak eskasak dira euskaraz. Hori dela eta, idazlan hau behar-beharrezkoa da. Ez da eleberria, ezta saiakera ere, kronika bat baizik. Hamar urte igaro behar izan ziren, Moioren buru-hilketari buruz idazteko. Suizidio politikoa izan zela argi eta garbi dago. Baina Moioren heriotzari esker (gogorra da hau idaztea), bai Hernanin, bai Euskal Herrian transgeneroaren gainean hitz egiten hasi zen. Idazleak Hernaniko biztanle batzuekin, batez ere Aimar-Amaiaren senideekin, berba egin du eta haien hausnarketak islatu ditu. Horrek hiru helburu… Gehiago irakurri