ZU BEZAIN AHUL (18 iritzi) Karmele Jaio

18

Izenburua: Zu bezain ahul
Idazlea: Karmele Jaio
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2007

Ipuingintzara itzuli da Karmele Jaio gasteiztarra, eleberrietan ere bere trebezia erakutsi ondoren. Hamabost ipuinetan barrena, kontakizun zuzen eta iradokorren bitartez, amodioaren
ahulguneak nabarmenduz; arlo horretan nor ez da ahula baina?

18
Iruzkina idatzi

avatar
18 Comment threads
0 Thread replies
0 Followers
 
Most reacted comment
Hottest comment thread
18 Comment authors
Azkoitia 76.1Bilbo 54.1Ordizia 72.1Astigarraga 65.1Galdakao 55.1 Recent comment authors

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Berriena Zaharrena
Harpidetu
Azkoitia 76.1
Azkoitia 76.1

Normalean nobela irakurtzen ohituta nagoenez, nahiago nuke liburu hau osatzen duten 15 ipuinetako batzuk luzeagoak izango balira. Ipuinekin laburmetraiekin antzekoa gertatzen zait, denbora gutxian gauza gehiegi kontzentratzen diren sentzazioa sortzen didate. Ipuin baten istorioak harrapatzen zaitu eta zapla!, hurrengo orrian amaitu zaizu. Ipuinak orokorrean ondo daude, bat goraipatzekotan aita-alaba nerabearen arteko ipuina aipatuko nuke. Oso ondo isladatzen du guraso/seme-alaben arteko tira-bira. Bestaldean lehen ipuina “Kilkerra” izenekoa. Ipuin gehienetan emakumea da protagonista, hemen ez bezala, eta nire ustez gizonaren sentimenduak ez dira errealak. Ipuin liburuak gustatzen zaizkienei gomendatuko nieke, nobelazaleei ez.

Bilbo 54.1
Bilbo 54.1

15 istorio eta beste hainbeste protagonista. Guztien arteko lotura argia: giza harremanak. Istorioak amaitu gabe daudela ematen du, hots, zer edo zer gehiago espero daitekeela. Irakurlea deseroso sentitzen da, gehiago jakin nahi izango balu bezala. Zergatik? Protagonistak bizi diren egoerekin identifikatuta sentitzen delako? Bere burua liburuan islatuta ikusten duelako? Eta hau horrela izanik, bere arazoak konpontzeko irtenbide baten bila dabil? Agian, bai. Gure pentsamenduak, sentimenduak, kezkak…. agertzen dira liburu honen ipuinetan. Izenburua oso adierazgarria da: Zu bezain ahul. Istorioek ahul sentiarazten gaituzte ala ahulak garela konturatzen gara irakurtzean? Baliteke. Karmele Jaiok 15 istorio honetan 15 egoera arrunt azaltzen ditu, edonori… Gehiago irakurri

Ordizia 72.1
Ordizia 72.1

Izugarri gustatu zait liburua. Orain gutxi irakurri nuen ‘Hamabost zauri’, eta hura ere gustatu zitzaidan. Liburu hartako istorioak zirraragarriagoak zirela esango nuke, baina oraingoan istorioek kutsu poetikoagoa dutela iruditzen zait. Narrazioa oso ondo lotua dago eta irakurleari jolasteko aukera ere ematen dio; izan ere, izenburua eta istorioa objektu, egoera edo pertsonaia bati oso lotuak daude kontakizunetan, eta irakurleoi zer gertatuko den asmatzeko gogoa pizten digu. Batzuetan asmatu egingo dugu, besteetan, berriz, ez. Liburuan agertutako egoera asko oso hurbilekoak egiten zaizkigu; besteak ez hainbeste “Jaun eta jabe” narraziokoa esaterako, baina, denetan jakin du Karmelek emozioei eusten eta pertsonaien barne sentimenduei bide… Gehiago irakurri

Astigarraga 65.1
Astigarraga 65.1

Narrazio laburrez osatua dago, horietako asko goi-mailakoak, eta bat edo beste antologikoa, noizean behin apailatzen dituzten “euskal narrazioen antologia” horietako batean ohorezko lekua izan zezakeena. Batetik, esaldiak laburrak dira, zorroztasunaren mesedetan, betegarri lanik ez dago, eta bigarren, idazleak oso maitea du errepikapenen baliabidea, onomatopeia gisa darabiltzanak, eta honenbestez mailu gisa, testuaren hasieran eta testua borobiltzeko bukaeran. Arrazoi hauengatik nabarmen gelditzen da Jaioren maisutasuna, literaturtasuna artifiziorik gabea, hain ondo girotutako testuetan irakurlea kateatuta gelditzen delako, hainbesteraino non bukatutakoan esango baitu “lastima hain laburra izatea”.

Galdakao 55.1
Galdakao 55.1

Denok gure lekua daukagu ipuin liburu honetan. Azken finean “Gu bezain ahul” baitira ipuineko protagonistak. Egoera normalak islatzen ditu Karmele Jaiok maisuki. Hurbil edo urrun. Denok ezagutzen dugu bizipen hauek edo antzekoak bizi dituen norbait. Hamabost ipuinak gure barrurantz doazen bidaiak dira. Hausnarketa egiteko egoerak. Gure ahuleziak erakusteko ipuinak. Nahiko erraz irakurtzen da. Hamabost aukera gozatzeko.

Hernani 48.1
Hernani 48.1

Istorio labur hauetako asko oso gertukoak egin zaizkit, bai hurbiletik bizi izan ditudalako edota eguneroko bizitzan ohiikoak direlako. Ez dakit zergatik izan daitekeen, baina oso gustura irakurri ditut eta gainera oso arin irakurtzen dira. Idazleak istorioak nola tajutzen dituen asko gustatzen zait, batez ere amaiera nola ematen dien. Beraz, une atsegin bat igarotzeko ezin hobea.

Donostia 47.2
Donostia 47.2

‘Amaren eskuak’ asko gustatu zitzaidan, eta liburu hau ere bai. Erraz irakurtzen da, baina istorioek ematen dute zer pentsatua. Gure gizartearen isla dira neurri handi batean, eta norberaren barrura begiratzeko gonbita dira. Aldez edo moldez bakarrik sentitzea izango litzateke denak lotzen dituen hari fina. Erabiltzen dituen konparaketak oso onak iruditu zaizkit; kilkerrarena, adibidez. Hamabost narrazioetatik gehienak izan ditut gustuko. Gomendatzeko modukoa.

Soraluze 46.1
Soraluze 46.1

Ipuin bilduma bat osatzen du Karmele Jaiok bere azken liburuan. Kontaketa hauetan eguneroko bizitzan aurki ditzakegun pertsonak protagonista dira. Izan negozio gizon, lan kontuetan oso ondo ari dena baina sentimentuetan sufritzen duena, ahula da. Edo izan etxekoandrea, bere senarrak mendean hartzen duena, hau ere ahula. Argi asko erakusten digu Karmelek denok ahulak garela kanpotik beste itxura bat izan arren. Laburbilduz, liburu interesgarria irakurterraza eta hala ere, ipuin bakoitzaren bukaeran pentsatu arazi egiten dizuna.

Anoeta 43.1
Anoeta 43.1

‘Zu bezain ahul’ lanean, hizkuntza argia erabiliz, eguneroko bizitzan gerta daitezkeen egoerak islatzen dizkigu idazleak. Irakurterreza da eta erabiltzen duen idazkeraren bidez, irakurlea kontatzen dizkigun istorio desberdinetako partaide sentitzea lortzen du. Istorio laburrak izan arren, hauek beti amaieran zer pentsatua ematen dute. Kontakizunen artean egiten duen lotura ere egokia da, gizakiaren ahultasuna gaitzat harturik guztiz muturrekoak diren egoeretan nolabaiteko lotura erakusten baitigu. Laburbilduz, liburu irakurterraza eta atsegina iruditu zait, irakurri ondoren gogoeta egiteko aukera ematen duena.

Alegia 41.4
Alegia 41.4

Era edo mota ezberdinetako harreman edo erlazioak agertzen diren ipuin multzoa da honako hau. Gaur egungo gizartearen isla diren zenbait egoera eta harreman ezberdin agertzen dira ipuin motz eta irakurterraz hauetan. Irakurtzea pena merezi duen liburua, erraz irakur daitekeena eta zer pentsatua ematen duena ere bai.

Larraul 39.1
Larraul 39.1

Oso ipuin politekin osatutako liburua da. Orokorrean maila haundiko ipuinak dira, hau da, norberaren baitan eragina dutenak, zirrara sortzen dutenak, nahiz eta bakar batzuk maila hori ez izan. Ipuinak oso era sinplean hasten ditu, bapatean barruraino sartzeko abileziarekin,eta bera garatzeko moduak eta jolasak oso erakargarriak ditu. Liburuaren bukaeran zirrara sortzeraino, gustagarria benetan eta irakurterreza. Izenburua ere benetan egokia.

Amasa-Villabona 1.2
Amasa-Villabona 1.2

Oso egokia iruditzen zait Karmele Jaiok aukeratu duen izenburua “Zu bezain ahul” zeren eta hori izan daiteke, ahulezia alegia, liburu honetako hamabost istorioak batzen dituena. Ipuin guztietan azaltzen da norbait ahula dena, zerbaiten edo norbaiten hutsunea nabaritzen duena, egoerari aurre eman ezin diona, ez dakiena nola jo aurrera… eta hori guztia ondo transmititu dio idazleak irakurleari. Niri bai behintzat. Horregatik gustatu zait liburua.

Alegia 41.1
Alegia 41.1

Orokorrean liburua gustatu zait, bizitza arruntean gertatzen diren gora-beherak aipatzen dituelako. Hala ere, iruditzen zait alde negatibo edo ezkorrak bakarrik nabarmendu dituela eta, pasarte atsegin edo alde positiboak aipatu gabe geratu direla. Osatuagoa irudituko zitzaidakeen beste aspektu horiek ere agertu izan balira. Dena den, idazle honen beste libururen bat berriro ere gustura irakurriko dut.

Erratzu 14.1
Erratzu 14.1

Gozada bat izan da errelato labur hauek leitzea. Giro eta anbientazio garaikideak ( ordua zen !! ); gai interesgarriak, unibertsalak,… eta gainera arront ongi kontatuta. Aspandi honetan ez nuen gisa honetako lan interesgarririk irakurri. Zorionak.

Asteasu 27.1
Asteasu 27.1

Amaren eskuak irakurri ondoren, zerbait falta zaionaren sentsazioarekin bukatu dut irakurketa. Nahi eta ezean ere konparaketara jotzen da eta eskasa iruditu zait. Ipuinak hala ere banan bana gustatu zaizkit.

Getxo 50.1
Getxo 50.1

Ipuin laburrak, toke melankoliko-negatiboarekin. Jaioren aurreko lanak gehiago gustatu zaizkit, askoz landuagoak ziren. Gizakion alde ilunak, malenkoniatsuak, eskasak, ilunak plazaratzen ditu. Askoz gehiago espero nuen.

Ibarra 44.1
Ibarra 44.1

Nire ustez, Zu bezain ahul liburuko ipuinek Hamabost zauri bildumako ipuinetako ildo bera jarraitzen dute. Idazleak, tonu tragikorik erabili gabe, pertsonen arteko inkomunikazioa, egonezina, bakardadea, tristura…. islatzen ditu hitz gutxirekin. Lehen momentutik harrapatzen zaitu. Ipuinetako protagonistak ahulak dira edo ahuleziak dituzte, guk denok bezalaxe; hortik izenburua. Asko gustatu zait.

Azpeitia 77.3
Azpeitia 77.3

Kontatzen dizkigun istorioak bizitza moderno honetan edonori tokatu izan zaizkion gertaerak dira. Hizkera erraza eta azkarra darabil; pentsamenduak, gertaerak, ekintzak azkar doaz bata bestearen atzetik, eta amaieran beti dago ezustea. Erraz eta azkar irakurri dut, beraz. Asko gustatu zait.