Perlak, kolpeak, musuak, traizioak

5

Izenburua: Perlak, kolpeak, musuak, traizioak
Idazlea: Joxemari Iturralde
Argitaletxea: Pamiela
Urtea: 2015

Nobela honetan hogeita bost emakumeren bizitzen gorabeherak datoz, izandako amodioak, penak, traizioak, bozkario eta sufrimenduak azalduko zaizkigularik. Emakume sendoak, nortasun handikoak, asko bizi eta asko sufritu dutenak. Ia mende osoa hartzen duen historian emakume horiek hemen, edo Europa osoan eta baita Ameriketan ere, hainbeste pertsonaia famaturekin izango dituzte harremanak, horietatik batzuk erlazio estua izango baitute kirolari ospetsuekin, artista ezagunekin, eragin handiko politikari eta negozio gizon aberatsekin.

Horrela, liburu honetan Hollywoodeko zinema artista distiratsuak azaltzen dira, hala nola Lupe Vélez, Claire Bow, Gary Cooper, Dolores del Río; Paulino Uzkudun harroputza eta Isidoro Gaztañaga segaila, punta-puntako bi boxeolari euskaldunen adiskidetasun eta gorrotoz jositako harreman biziak kontatzen dira sakonean, ondo hasi eta oso gaizki amaitu zutenak, bi Euskal Herri betidanik kontrajarri eta arerio bortitz izandakoaren isla izaki; Ernest Hemingway idazle bikaina, Ladis Goiti doktore ahantzezina, Rosamunde Krügger emakume fatala, Strauss eta Perlo engainatzaile bitxiak… Glamour eta luxuzko bizimodu hori, modu zalapartatsuan aurrera zihoana, gerra zibilak apurtuko du, eta perlak, kolpeak, musuak, traizioak… zurrunbilo ero batean murgilduko dira.

Subscribe
Notify of
guest

5 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Andoain 25.4

Paulino Uzkudun eta Isidro Gaztañaga euskal aizkolari-boxeolarien eta haien inguruko bizitza ulertzen lagundu dit liburu honek. Famak eta diruak eraman ote zituen halako bizitza ero eta bizioz beterikora? Nolako grinak etaman zituen Europa eta Amerika behin eta berriz zeharkatzera, handik honera eta hemendik hara ibiltzera?
Haien bizitza eta garaia ezagutzeko egokia iruditu zait liburu hau. Kontatzeko modua, berriz, arrunta egin zait, xinplea, bide berririk probatu gabekoa…

Urnieta 49.2

Gustora irakurri dut Joxemari Iturralderen eleberri hau, baina bestetik gabe. Egia esan, banuen beste bide batzuetatik Paulino Uzkudunen berri, ez Gaztañagarenak ordea, eta guztiz berria izan da hori niretzat. Egia da gizarte giro eta jokabide batzuei buruzko irudia azaltzen duela -boxeo eta kirol lehiaren inguruko giroa…- , baina testuingururik gabea. Bada, baina, euskal nekazaritza herri giroak sortu duen gizaseme izate eta estilo jakin baten agerpide garbia, zoritxarrez gaur egun bere horretan dirauena, kirol munduan bereziki. Narzisismoa, berekoikeria husa, zitalkeria eta ergelkeria azaltzen duten gizasemeak, diruak guztiz hanpaturikoak, nobela horretakoak bezalaxe.
Besterik itxaroten nuen Iturralderengandik, Ilargi horiak dezentez gehiago asetu ninduen.

Bilbo 54.3

Liburu interesgarria Joxemari Iturralderen azkena. Paulino Uzkudun eta Isidoro Gaztañaga boxeolarien bizitzak kontatzen dizkugu liburu honetan, haiekin harremana izan zuten hainbat emakume erabiliz horretarako.
Uzkudun boxeolari faxistaren bizitza ezaguna da, nola edo hala, baina Gaztañaga guztiz ezezaguna da gure artean. Nik, behintzat, ez nuen ezer aditu horri buruz, liburu hau irakurri baino lehen.
Liburuaren irakurketa erraza eta arina izan da, nahiz eta, batzuetan, istorioa nahaspilatu eta pasadizo batzuk birritan kontatu.
Hizkuntzaren aldetik, iruditu zait Iturraldek ez duela ardura handia jarri euskara zaindua erabiltzeko. Boxeoari buruzko terminologia guztiz zabarra izan da: pugil, konbate, konbatitu, asalto, etab.
Beraz, oso liburu ona izan zitekeena, liburu ona da bakarrik.
Ondorioz, gomendagarria da eleberri hau gure historia txikia eta boxeoa gustuko dutenentzat, baina ez da Joxemari Iturralderen libururik onena.

Donostia 47.3

Uzkudun eta Gaztañaga boxeolariak lagun minak ziren, eta huskeria batekin hasi ziren etsaitzen. Gero gerra zibila heldu zen, eta bata nazionalen alde eta bestea errepublikaren alde. Etsaiak etsaiago. Eta hori bi pertsonen arteko zerbait bada, tira, baina arrazoi du Iturraldek esan izan duenean gaur egun oraindik badela gure artean bi bandoen arteko lubaki hori. Iturralde saiatu da neutraltasunari eusten nobelan; lortu du. Baina bi boxeolariak ezagutu zituen Goiti doktorearen hautua garbia da nobelan, Gaztañagaren aldekoa. Eta norbaitek galdetuko du “Nor da Gaztañaga?”
Egia da jende askok ez dituela ez bata ez bestea ezagutuko, ez Paulino Uzkudun, ez Isidro Gaztañaga, edo Isidoro. Baina egia da, baita ere, ezaguna izatekotan ezagunagoa izan dela Euskal Herrian Uzkudun boxeolaria eta militarra Gaztañaga baino, nahiz zenbaiten ustetan boxeolari kaskarragoa izan errezildarra. Zergatik ote? Gerra irabazten dutenek kontatzen dutelako Historia? Kontuan kontu, hori ere gertatzen da nobela honetan, ezezaguna zena plazaratzen dela, tentu handiz esan behar, zeren kontatzen dituen zenbait gertaera  zurrumurru mailan uzten ditu idazle tolosarrak, ez daudelako demostratuta.  Nobela bukatu eta Egia/Gezurra “jolasera”,  jolasa ote?, aritu nahi duenak badu nondik jo bukaeran datorren bibliografiatik tiraka, edo Iturralderi egindako liburuari buruzko elkarrizketak irakurriz.      

Gasteiz 9.5

Joxemari Iturralde ez da idazle berri bat, besteak beste, ipuinak,eleberriak eta gazte literatura idatzi baitu. Ezagun da idaztea duela ofizio, eta bere estiloa ere nabarmentzekoa da.

Haren azken lanaren aurkibidea begiratzean, atal guztiek emakume izenak zeuzkatela konturatu nintzen. Adibidez: Mireille, Simone, Rosarito, Zezilia… eta abar. Horregatik, uste nuen andereei buruzko kontakizunak zirela. Hala ere, okertu egin nintzen. Emakumezko horiek guztiek izan zuten nolabaiteko harremana Paulino Uzkudurekin.
Izan ere, eleberri hau bukatzean desengainu handia hartu dut, bakarrik boxeolariaren inguruko istorioa baita. Beraz, nahikoa aurreikusteko moduko istorioa. Gure pertsonaia lehiaketaz lehiaketa dabil eta hainbat emakumerekin ospatzen du bere arrakasta. Hori ia kapitulu guztietan gertatzen da.
Gertatzen den garai historikoari buruz, hain zuzen 1933.urtearen inguruan, ez du inolako kritika sozialik egiten. Apur bat etsigarria.

P.S. Ez dut ulertzen nola eduki duen Paulino Uzkudun boxeolariak hainbesteko eragina euskal idazleengan. Bernardo Atxagak berak ere idatzi zuen haren gainean bere eleberrietan: “Soinujolearen semea” eta “Nevadako egunak”, alegia.
Nire aburuz, badaude askoz interesgarriagoak eta konprometituagoak diren pertsonaiak: La Pasionaria, Ernerstina Charpoucin, Bizenta Mogel edo Isaac Puente, besteak beste.