Narrazio guztiak (1979-1990)

0

Izenburua: Narrazio guztiak (1979-1990)
Idazlea: Joseba Sarrionandia
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2011

Ipuingintza modernoaren sorrera markatu duen libururik baldin bada, euskaraz, hori Narrazioak izan da, Josebak Sarrionandiak 1983an kaleraturiko kontakizun-bilduma, sentsibilitate berri bat ekarri zuena erabilitako hizkuntzan, kontaeran nahiz gaietan. Hizkera berri bat landu zuen, dotore bezain adierazkorra, kolorez eta oihartzunez betea; teknikan, berriz, esperimentaziotik fantasiaraino egiten zuen, hango eta hemengo erreferentzia literarioz zipriztinduta; kokalekurako, azkenik, nonahi eta noiznahiko giroak azaltzen ziren, bidaia exotikoak zein haur-begiz oroituriko baserri-bazterrak.

80ko hamarkadan hiru ipuin-bilduma kaleratu zituen iurretarrak: aipaturiko Narrazioak, Atabala eta euria (1985) eta Ipar aldeko orduak (1990). Horiez gain, aurretik idatzitako hiru istorio, orain arte haren liburuetan inoiz sartu gabekoak. Leku desberdinetan sortuak, laurak ere: hasierakoak Euskal Herrian, atxilotua izan aurretik; Narrazioak Puerto de Santa María espetxean (Cadiz, Espainia), 1981 eta 1982an; Atabala eta euria Herrera de la Manchako presondegian 1983 eta 1984 artean; Ipar aldeko orduak ihesaz geroztik, erbestean eta ezkutuan.

Guztiak baturik, liburu batetik bestera doazen hariak ageriago ikus litezke: adibidez, ziklo arturiko moduko bat osatzen duten ipuinak (Ginebra erregina, Artur, Lanzelot, Merlin eta beste Bizkaian erbesteratuak imajinatuz, ordukoa edo gaurkoa izan litekeen garai zehaztugabe batean); baserri giroko haurtzaro imajinatu batean kokaturiko istorioak, begirada lauso baina antiidealizatu batez jantziak; militante baten bizkizun kamuflatuak izan litezkeen istorioak; sorkuntzari buruzko gogoetak dakartzatenak; ipuin kafkianoak, fantasia poetikoak…

Argitaletxearen helburua zen ipuin guztiak liburuki batean bildu eta egungo ortografiara moldatzea; langintza horretan aritu zen Juan Luis Zabala, lehen bertsio batean. Gero, aldiz, egileak berak berridatzi ditu guztiak, zuzenketa axalekotik harago, estiloa goitik behera aldatuz baina bere jatorrizko espirituari leial eutsiz. (Nolabait ere, orduko poetikaren eta bere gaurko idazkeraren uztartze bat eginez). Emaitza, klasikoa bezain gaurkoa, irakurle gazteak nahiz antzinakoak liluratzeko modukoa.

Azala egiteko, Zeruko argia aldizkariko kolaboratzaile izan zen garaian (1980 baino lehen) lankide izan zuen Vicente Ameztoyren koadro bat nahi izan du idazleak.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu