Ni ez naiz hemengoa

1

Izenburua: Ni ez naiz hemengoa
Idazlea: Joseba Sarrionandia
Argitaletxea: Pamiela
Urtea: 2006

Villa Devoto presondegian, apirilean izkiriatua, (Crisis, 2. 1973) Amodio hitzarmenetan aldarrikatzen denez, ezkontide bakoitzak bere burua ukatu behar luke espos-bizimoduaren fagoretan. Desmemoriaren erresuman faxistek beren iragana ahantzi nahi ukan zuten eta –trukean– kargudun berriek beren burua ukatzean geroa saldu zuten; beren asmoetarik ihesi «zanpaketa euskarri»aren eredua gotortu zuten.

Frankismoaren bestondoan erabakigabeko nahikari frango nahastekatzen ziren. Ez da harritzeko, bada, gurean, porrotaren sentikera zabaldu izana eta, hari iharduki nahiz, politikabide suerte guztiak, herritar armatuen ekintzak tartean. Duela mende laurden batto halako laupabost erakunde ari ziren Euskalherri beregain baten aldeko gatazkan. Taldekideen asmotan Sozialismo hitza ere aipatzen zen.

Gauzak horrela ez da espantuzko, egoera sotilagoa ga-ratzearekin batera, Diktadurapeko langile polizero eta zaindari berberek beren gobernamolde berriaren defentsan azpiratzea areagotu izana, ezta egin sarraskiak (Jurramendi, Gasteiz), bahiturak (Pertur eta Naparra, kasurako), torturak –kontagaitz– eta era guzietako zafraldiak.

Halako sarekada batean,1980ko akabailan, beste lagunekin batera –horien artean Jose Mari Sagardui Moja, oraindik preso–, Sarri atxilotu zuten.

Lehen urte latz haietan, Puerto de Santa Marian, lehenik, Herrera de la Mancha presondegi berrian, geroxeago, gose grebak metatu ziren, lehen buru-hiltzeak gertatu eta 1984. urtea, osorik abantzu, zigor ziegetan, bakarturik, eman zuten. Beranduago FIES (Ficheros Especiales) izenez legeztatu zuten euskal presoen larrumintzek aspaldi zekitena.

Hitz oroituak, gogoetak, eskarmentu, jipoi, lekukoen eritziak, izkirio debekatu eta isiltasunaren fruitu izan zen Ni ez naiz hemengoa liburu harrigarria; orduko leizaleok gertaldi bakan baten antzo ikusi genuena. Izenburua, iduriz, Paco Urondoren poema batetik hartua zuen; egilea, «Frente Montonero»en taldekoa, urte guti lehenago tiroz hila zen Argentinan.

Egunkari itxuraz moldatu liburu eder honek plazaratu beharrezko iduri luke egun, fede gutiagoz, begiak lausoturik, lanhopean gabiltzala. Izan ere, hogoitaka urteren buruan jakin baitakigu zorigaitzak eta jalgibideak, zaldi suber eta asunak leku beretsuetan hazi eta alhan direla. Desadorea eta etsipenaren predikariei aitzi, bestalde, Sarrik presente jasanezinaz egiten digu solas, orobat irlandar baladen gazteen lurraldeaz, Pierre Clastresek aipatu gaitzik gabeko lurra etorkizun.

1
Iruzkina idatzi

avatar
1 Comment threads
0 Thread replies
0 Followers
 
Most reacted comment
Hottest comment thread
1 Comment authors
Eibar 101.2 Recent comment authors

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Berriena Zaharrena
Harpidetu
Eibar 101.2
Eibar 101.2

Sarrionandia blogari aparta litzateke Blog estiloan idatzita, gartzelako egonaldian. Eguneroko bat. 3 gai nagusi: hizkuntza, literatura eta gartzela bera. Gogoetak, hausnarketak, ideia solteak… Harrigarria egin zait gartzelan idatzita egotea. Gustura, oso gustura irakurtzekoa. Kontrazalekoa ekarriz: “Ni ez naiz hemengoa” labirintuko egunkaria da. Irakurlearen bizitzan urtarriletik uztailera, inoiz amaitzerik nahi ez diren sei hilabetez luzatzen den egunkari jantzimina. Egunez egun, presoaren eguneroko bizitza era iraingarrian uztartuko da ezagupenak idazleari sortarazten dizkion ezinbesteko gogoetekin. Jipoien, gose greben, gogoan dutenek idazten dizkioten gutunen egunerokotasunarekin borrokatzen dira oroipenak, presakako apunteekin irakurlearen aurrean nabarmenegi uzten duten zaletasunak. Euskaraz sekula irakurri dudan libururik onenetarikoa. Zelako blogari… Gehiago irakurri