Berriak jaio ginen

2

Izenburua: Berriak jaio ginen
Idazlea: Jon Maia
Ilustratzailea: Unai Iturriaga
Argitaletxea: Lanku
Urtea: 2017

80. eta 90. hamarkadak bertsolaritzaren eraberritze sakon baten hasiera izan ziren: bertso eskoletako lehen bertsolari gazteak plazetara iristen hasi ziren, bertsoa erdal eremuetan sartzen, espazio berrietara, garaikideak ziren beste kultur adierazpen batzuekin harreman artistikoak sortu ziren eta horrela, gaur egungo bertsolaritzaren argazkira iritsi arteko eboluzio bati hasiera eman zitzaion.
Jon Maia bertsolariak liburu autobiografiko honetan berak lehenengo pertsonan eta lehenengo lerroan bizi izan zuen garai haren eta eraldaketa horren argazki pertsonala egiten du. Lehen pertsonan idatzia, bizipenak eta hausnarketak tartekatzen ditu, bertsolaritza modernoaren eta orduko garaiaren erretratu bat eginez. Egileak berak “lehenengo bertsolari in vitroen belaunaldia” deritzonaren bizipenak eta kezkak hainbat gaietan ematen dira: jardun artistikoa, identitatea, tradizioa eta modernitatearen arteko talka, hizkuntzarekiko esperientzia pertsonala, politika, giza-harremanak…
Bertsolaritzarekiko interesa gainditzen duen entsegu autobiografikoa osatu du egileak, euskal kulturaren garai hartako esparru eta adierazpide ugari ukituko dituena.
Belaunaldi, garaikideen eta lagunen arteko elkarlanean: Unai Iturriagaren ilustrazioz eta marrazkiz osatuta dator liburua eta Igor Elortzaren hitzaurrea du.

Iruzkina idatzi

2 Iruzkin Honi buruz "Berriak jaio ginen"

Harpidetu
avatar
Honen arabera ordenatuta:   Berriena | Zaharrena
Portugalete 62.1
Oso gustura irakurri dut liburua. Eta, Azkoitiak dioen moduan, bertso kontuak baino gehiago gustatu zaizkit bere esperientzia pertsonalarekin lotutako atalak. Eta batez ere, lehenengo kapituluetakoak. Neuri ere deigarria egin zait guraso-lotsa kontatzen duen atala. Eta nabarmendu eta balio bikoitza emango nioke bere burua biluzteko izan duen gaitasunagatik, auto-kritika eginez. Oso interesagarriak izan dira bertso-jarduna eta testuinguru politikoa loturik azaltzen diren kapituluak ere. Txapela kentzeko modukoak eta, zorionez, konponbidean dirudien urte askotako sufrimendua eragin duen errealitate horrek kezkatuta bizi izan den edonork irakurri beharrekoa. Nahiz eta Jon baino urtetxo batzuk zaharrago izan, oso identifikatuta sentitu naiz berak bizi izandako giro kulturalarekin… Gehiago irakurri
Azkoitia 76.1
Jon Maia Soriaren liburuak gehienbat bertsolari baten ibilbidea kontatzen duen arren, bere hainbat gertaera pertsonalen berri ere ematen digu. Alde pertsonal hori gehiago gustatu zait bertso kontuena baino. Beraren eta bere belaunaldiko bertso eskola kumeen ibilbidea errepikakorregia iruditu zait eta kontu pertsonal gehiagoren gose gelditu naiz. Ez da bere bizitza pertsonalaren berri jakiteko irrikitan nagoelako, baizik eta agertzen diren gaiak interesgarriak iruditzen zaizkidalako: guraso erdaldunak izateagatik lotsa, ezker abertzalekoa izatearen ondorioak, kotxeko gidabaimenik ez izateak dakarzkion ondorioak… Bereziki gurasoekiko lotsa horrekin identifikatuta sentitu naiz, nire kasuan lotsa erdaldunak izan beharrean euskaldunegiak zirelakoan sentitu izan dut eta (hori pentsatzen nuen orduan).… Gehiago irakurri