Assilah-ko eroa

3

Izenburua: Assilah-ko eroa
Idazlea: J.E. Urrutia Capeau
Argitaletxea: Pamiela
Urtea: 2010

Tronuan eseri berrian, sultan Babur-ek jauregiko lorategian kurtisauak bildu, eta populuari zazpi eguneko festa eginen ziola opari iragarri zien. Visir al-Khasr, aldiz, honela mintzatu zitzaion:

—Oi sultan urosa! Egiozu populuari liburu bat opari, Profeta eta lau «Kalifa Zuzenen» gaineko istoriak, errege handien balentriak eta gizon sainduen egitateak konta ditzakeena eta «Babur-en Liburua» dei daitekeena.

Lorategi hartan, beste txori eta hegaztien artean bazen papagaio bat, visir mintzatu-eta txilio egin zuena: «Babur-en liburua, Babur-en liburua».

Sultanek irri egin zuen, gogotik iragan zitzaizkion tipitatik irakurritako istorioak: Rustan-en balentriak, Elefantearen Eguna, Sindbad-en bidaiak eta beste.

Jakintsuak bildu eta lanean jarririk, bi urteren buruan Babur-ek liburua eduki zuen bere eskuetan. Visir al-Khasar-ek iragarri bezala, fortuna onarekin emanen argitara, non gaur egun ere laudatzen bahitute historiagileek; bai ordea, gutik daki Iiburua Babur-en kreatura dela, non populuak Tuti Namek deitu zuen, hots, «Papagaioaren Liburua».

Subscribe
Notify of
guest

3 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Gasteiz 9.11

Liburu gutxi idatzi ditu Capeauk eta pena da, oso idazkera berezkoa duelako. Urte asko igaro dira bere Kadrila alegera festan da eskuratu nuenetik eta denbora luze honetan idazleak bere estiloa euskara batura hurbildu du, ekialdeko ukitua galdu gabe. Izan ere, egileak ez ditu alferrik eman bere bizitzaren tarte luzeak Zuberoako Barkoxen. Halaber, euskal literaturaren klasikoak ikasten (afizioz) zein irakasten (ofizioz) urteak eman ditu. Ulertzekoa da, beraz, mendebaldetik urrun samar dauden hizkerak bere liburuetan etengabe agertzea. Hala ere, hori ez da aitzakia liburua ez irakurtzeko. Ahalegin bat eskatzen dio irakurleari baina merezi du. Are gehiago kontuan hartuta berak kontatzen dituen istorioak leku exotikoetan gertatzen direla, euskal autonomia erkidegoko hiztunentzat euskalki exotikoenak eta idazkera klasikoa erabiltzea guztiz pertinentea da.
Oraingo honetan, Musde Urrutiak Islameko luraldeetanbarna eramaten gaitu, Marokotik Turkiara, ipuin batean Txinara ere helduta. Kontakizunetan musulmanen ipuinetarako zaletasuna islatzen du eta arabierazko hitz asko sartu ditu. Kalifak, bisirrak, enperadoreak, poetak eta mila eta bat gauetan agertzen diren pertsonaiez baliatzen da berez nahiko laburrak diren perlak gureganatzeko. Gutxika irakurri beharreko liburua da. Aldian istorio bat, hobeto gozatzeko. Aspaldian Euskal Herriko sutondoetan zaharrek gazteei kontatzen zizkienak bezalako ipuinak dira hauek, baina oso bestelako ikuspegi batetik abiatuta.

Eibar 101.1

Idazleak aberastasun eta estilo propioz idazten du, baina ez da erraza istorioak jarraitzea. Iruditzen zait ez duela “1001 gauen” erreferentzia bere egiten.

Bilbo 54.3

Oso liburu zaila iruditu zait Capeauren hau. Dela bere euskara ez dela euskara batua, dela hainbeste arabierazko hitz sartu dituela, ez dut batere gozatu liburuarekin. Idazle honen estilo zaila banuen dastatua Ergelen nombrea irakurri nuenean, baina beste aukera bat eman nahi izan diot liburu hau erosterakoan. Tamalez, nire gozamen bakarra liburua amaitzean gertatu da. Beraz, ezin diot inori gomendatu.