NORA EZ DAKIZUN HORI (18 ir.) Irati Jimenez

18

Izenburua: Nora ez dakizun hori
Idazlea: Irati Jimenez
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2009

Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aipamena 2009

Idazle gazteentzako Igartza bekan akzesita lortu eta haren laguntzaz plazaratu du Irati Jimenezek bere lehen eleberri luzea, idazkera eder eta sendoz fikzioaren magia berreskuratzen diguna, maiteminduen ipuinak eta ipuinekin maitemintzea.
Batetik Martin dugu, urtetan munduan barrena ibili ondoren Bilbora itzuli dena, argazki-erakusketa bat egiteko asmoz, eta hor non ikusten duen, hainbat hiritan egindako erretratuetan, emakume bera agertzen dela beti, erdi ostenduta. Bestetik Nora, irratian gaua bere ahots eztiaz janzten duena, baina hainbat sekretu gordetzen dira haren etxean, gaziak eta gozoak. Maitasun ezinezkoak eta kasualitate gertagaitzak topatuko dituzu eleberri honetan, likantropoak eta banpiroak, arima erosten duten aingeruak, ama hil ostean jaiotako haurrak, magoak, bidaiak, ipuinak… Pasioz eta liluraz beteriko liburua, jario hordigarri batez idatzia, amodio debekatuek bezala utzi ezinezko sorginkeriaz lotuko zaituena.

18
Iruzkina idatzi

avatar
18 Comment threads
0 Thread replies
0 Followers
 
Most reacted comment
Hottest comment thread
18 Comment authors
Gasteiz 9.5Andoain 25.6GasteizArrigorriaga 51.1Beasain 103.1 Recent comment authors

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Berriena Zaharrena
Harpidetu
Azpeitia 77.5
Azpeitia 77.5

Lagun batek irakurtzeko gomendatuta hasi nintzen liburua irakurtzen. Ez dut izan oso gogoko, batez ere noraezean ibili naizelako. Fantasiazko gaiak ez zaizkit oso errazak suertatzen irakurtzeko, bainaz esan meritua ezin zaiola kendu genero hau landu izana.

Andoain 25.4
Andoain 25.4

Nahiko gustura irakurri dut. Salto asko ematen ditu istorioak, baina aldaketara berehala moldatzen da irakurlea. Haseran banpiroen kontuak sinesgarri egin bazaizkit eta horiek egitura korapilatzeko ezinbestekoak badira ere, zenbait momentutan irensten zaila egin zait gai hori. Dena den idazteko modua oso atsegina egin zait, bihotzetik, barne mundutik aterea. Iratiren hurrengo liburua irakurriko dudala uste dut.

Lesaka 30.1
Lesaka 30.1

Dagoeneko, besteek esana dute esan beharrekoak. “Ke hutsarekin egindako poemak, ura baino lodiagoak diren ezpainak, mundua salbatuko duen abestia, autostopean hartu duzun aingerua, norbere arimaren prezioa”. Zer gehio erantsiko?. Ona iduritu zaidala niri ere kontakizuna; ederra, heldua, fantastikoa, txokolatezkoa… “(Kokolok Sarasarentzat) hanka puntetan hartu zuen arasetik txokolatea, eta leihotik baso bete ilargi ikusi zuen, bete-bete, esnea baino zuriago. Eskaileretan gora, Sararen txokolatezko poza imajinatu zuen. Haginak belztuta eta odola bero, azukrearen gorakadarekin”. Fikzioa da.Ipuinak. “Gure amumari esker ikasi dut errealitatea laranjaren azala dela eta barruan daudela mamia eta ura”. “…Baina sakonean etxea, horixe bilatu izan dut beti, hara eta hona… Gehiago irakurri

Urnieta 49.2
Urnieta 49.2

Gainerako akademikideen arteko iritzi batzuk irakurri ondorenean, hasieran ez nintzen oso animoso hasi irakurtzen, gehien bat narrazioko protagonisten hainbat ezaugarriren berri izan ondorenean (likantropoak, banpiroak, etab.). Irakurtzen hasita ere, nire susmorik gaiztoenak gailendu zitzaizkidan… Eta aitortu behar dut guztiz oker nenbilela, metofora gehiegikeriak maite ez ditudan arren, Irati Jimenezek obra eder, dotore eta biribila egin duela, primeran ehundu duela, gure literaturan egun gutxik egin dezaketen moduan. Asebete nau, eta fantasiazko moldaera horiek oso gogoko ez baditut ere –Braham Stokerrekiko nire eskerrona adierazi arren–, nire irudipena da, eta ustea, zer irakurri on ugari emango digun idazle eta sortzaile baten aurrean gaudela.… Gehiago irakurri

Ordizia 72.1
Ordizia 72.1

Ez dakit zein idazlek Berrian gomendatutakoari kasu eginda hasi nintzen liburu hau irakurtzen eta izugarri gustatu zait. Batetik, samurra da, goxoa, eta, bestetik, fantastikoa, magikoa. Genero fantastikoan euskaraz oso gutxi dugula uste dut. Inguruan ditudan gaztetxoak erdaretan irakurri behar izaten dituzte horrelako liburuak, eta ondo legoke euskaraz ere genero hau gehiago lantzea. Esaterako, gure Iratik irrikan irakurri du Iratiren liburua. Hala eta guztiz ere, nahikoa liburu erreala dela esango nuke eta horregatik iruditu zait ederra. Hori guztia gutxi balitz, hizkuntza ere dotorea da, eta istorioa orijinala. Bejondeiola Iratiri.

Bilbo 54.7
Bilbo 54.7

Harrapatu nau liburuak, benetan …..Fantastikoa da liburua, baina batez ere samurra, bere gordintasunean. Ti-ta batean leitzen diren liburuak beti izan ditut gustuko, eta hau horietako bat da. Majikoa, eta fantastikoa, eta samurra, eta gordina, … Ipuinak ipuin diren lurraldera artez eta zuzen garamatza.

Soraluze 46.1
Soraluze 46.1

Eleberri interesgarria iruditu zait. Egitura anarkikoa du erabat. Ipuinak irakurtzen ari zarela dirudi baina ez. Gustura irakurri dut. Egileak poliki-poliki pertsonaiek bizitzan izan dituzten poz eta tristurak azaltzen asmatu duela uste dut. Fantasiari egiten dizkion keinuak ere badaude, aingeru eta banpiroak protagonistak direlako. Bukaerarekin ez naiz gustura gelditu, beste zerbait espero nuen.

Zarautz 73.1
Zarautz 73.1

Aspaldian irakurri dudan libururik gustukoena. Ikaragarri gustatu zait. Istorioa, pertsonaiak, idatzita dagoen modua… Gomendagarria, zinez.

Beasain 103.1
Beasain 103.1

Ederra, fantastikoa eta zirraragarria. Irakurtzen ditudan liburuetako esaldiak eta pasarteak azpimarratzeko ohitura daukat, baina, liburu honek, ez dit arnasarik hartzen utzi ere egin, altxatu eta arkatzaren bila joateko. Eta eskerrak, bestela liburu osoa marraz zikinduko nukeelako. Musika du idazkerak, Bermeo-Mundakako berbak erabiltzen oso ondo asmatzen du Iratik, eta elkarrizketak bizi-biziak dira. Istorioa bera, erromantikoa, bihotzari kolpetxoak emateko moduan idatzia. Ederra, fantastikoa eta zirraragarria.

Gasteiz
Gasteiz

Liburu magikoa, inondik ere. Ederra. Erabat harrapatu nau eta istorioan murgildu naiz hasiera-hasieratik. Hasi eta bukatu behar izan dut eserialdi batean. Istorioa oso originala iruditu zait, oso ondo lotua: ederki lotu ditu liburuan agertzen diren pertsonaiak eta kontatzen diren istorio guztiak. Horregatik, istorioaren aldetik, liburu borobila dela dirudit. Argitaratu zuen lehenengo liburua gustatu zitzaidan baina oraingo honetan Irati Jimenezek erabat harritu nau, artista hutsa iruditu zait. “Chapeau”.

Arrigorriaga 51.1
Arrigorriaga 51.1

Ez dakit zer esan, eleberri hau inoiz irakurri dudan nobela fantastikorik errealistena dela, ala inoiz irakurri dudan nobela errealistarik fantastikoena. Dena dela, ikaragarri gustatu zait liburua. Denboran eta espazioan egiten dituen jauziak oso ondo neurtuak, amaieran denek bat egiteko. Polita.

Andoain 25.6
Andoain 25.6

Eleberri berezia iruditu zain Iratiren azkena, giro berezi batetan kokatua, hobeto esanda. Giza harreman konplexu batzuetan oinarritutako historiak, elkarren artean gurutzatzen direnak…interesgarriak eta ondo josiak nire gusturako. Hainbeste gustatu ez zaidana giro “banpirikoa” izan da, baina ipuin inposibleak gustuko dituzten protagonisten ipuin inposiblea josteko, balekoa. Hala ere, nik nahiago ipuin majikoak (errealismo majikoa…) inposibleak baino.

Gasteiz 9.5
Gasteiz 9.5

Eleberri hau modu hunkigarrian hasten eta bukatzen da: Hasieran, Bagdadeko herrixkan umetxoari oheratzerakoan ipuinak kontatzen dizkioten bitartean bonbak lehertzen dira. Bukaera ezin dut aipatu argudioa ez aditzera emateko. Oso liburu konplexua da, akzioak leku ezberdinetan gertatzen baitira:Bilbon, Bagdaden, Lisboan, Berlinen eta abarrean. Eta agertzen diren pertsonaiak bitxi-bitxiak dira: mamuak, banpiroak, aingeruak, sorginak, magoak… Lehenengo orrialdeetan Bilbori omenaldia egiten dio Mundakako idazleak. Guggeheingo hiriaren deskripzioa gailentzen da.Horrez gain, errealitatearekin lotutako testua da. Horrela, 156. orrialdean Golkoko gerraren inguruan berba egiten du. Argazkintzari buruzko iritzi original samarrak adierazten ditu Irati Jimenezek. Adibidez, 20.orrialdean zera irakur daiteke. “Argazkiak ateratzea lapur jokoa da, kanibalismoa.… Gehiago irakurri

Getaria 99.1
Getaria 99.1

2009an euskaraz irakurri ditudan liburuen artean gustukoena izan dudana da. Akaso besteren batean hizkera aberatsagoa aurkitu dut. Akaso besteren batean hariak gehiago kateatu nau. Baina Irati Jimenezek nobela hau osatzeko erabili duen egiturak, kontatu dizkigun ipuinek eta erakutsi digun magiak erabat liluratu naute. Nabari da liburua idaztea plazera izan dela egilearentzat, eta horixe bihurtzen da irakurlearentzat ere irakurketa: plazera. Ezusteko atsegin bezain magikoa.

Erratzu 14.1
Erratzu 14.1

Bertze liburu arront gomendagarria. Giro estu eta itogarri frango bainan beti goxotasun-gordintasun baten poderioz. Kosta egin zait haria jarraitzea eta hori, kasu honetan, seinale ona izan da niretzat. Ez nuen hain lan sakon eta ederra espero ( atx!! aurriritziak ). Bitxi bat hau ere.

Arantzazu
Arantzazu

Liburua arraroa iruditu zait, polita ere bai, goxoa, baina, batez ere, arraroa. Ez dut fantasiazko liburuak irakurtzeko ohiturarik eta korapilatuta ibili naiz, galduta, errealitatea-fantasia, fantasia-errealitatea. Egia esan, ez dakit gustatu zaidan ala ez. Ezin dut esan.

Bilbo 54.3
Bilbo 54.3

Oso liburu berezia idatzi du Iratik. Euskal literaturan gutxitan agertzen diren pertsonaiak agertzen dira liburu honetan: banpiroak, likantropoak, aingeruak, giza-otsoen ehiztaria, etab. Narrazioa konplexua da momentu batzuetan, baina azkenean istorio biribila egitea lortu du Iratik. Oso liburu gomendagarria.

Tolosa 40.4
Tolosa 40.4

Oso ondo pasa dut liburu hau irakurtzen. OSO ONDO. Banpiroak, likantropoak, istorio gurutzatuak, mundua eskura (leku desberdin ezagutzeko aukera), artea… eta batez ere idazteko era (egitura)… zoragarria.