Neguko argiak

2

Izenburua: Neguko argiak
Idazlea: Irati Elorrieta
Argitaletxea: Pamiela
Urtea: 2018

«Zer esan behar zion?», pentsatu du Añesek Berlineko bere sukaldean Xuanekin batera afaria prestatzen ari dela: «Hildako batekin egin duela azkenengoz larrutan?». Marta etorri da, karaoke bat inprobisatu, eta Pariseko Komuna gogora ekartzen duen kantua abestu du.

Eszena eta ahots franko zelatatzen ditu eleberriak, erritmo azkarreko film baten gisan. Añesen eta Martaren ibilbideak zeharkatzen dituzten hainbat pertsonaia badatoz eta badoaz, leihoetan piztu eta itzaltzen diren argiak bezala, irristan. Porrotari, erresistentziari, ihesari edota berriz zerotik hasi beharrari buruzko kontakizunak harilkatuz, leku eta denbora ezberdinetako eszenak proiektatzen dira gizatalde solte baten barne munduan. Egileak eraikitzen duen puzzle gisako horretan, pertsonaia bilakatzen dira leku batzuk: Paris, Uribe Kosta eta, batez ere, Berlin. Osagai horiekin, aldez hutsal aldez gako diren uneen friso bizia ondu du Irati Elorrietak bere bigarren liburuan.

Subscribe
Notify of
guest

2 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Arrizabalaga(e)ko Kaiet

Azken liburua bukatu berritan eta irratian Euskadi Saria irabazi zuela entzun eta berehala joan nintzen Koldo Mitxelenera liburua mailegatzera, eta nire harridurarako hantxe zegoen, liburutegiko apal batean, eskura, irakurtzen hasteko prest. Beste inori ez ote zitzaion bururatu egunean bertan Euskadi Saria mailegatzea? Bost axola. Neu nintzen lehena, eta neronek eramango nuen etxera inondik inora ezagutzen ez nuen idazlearen bigarren liburua, hamar urtez idazten ibili ondoren argitaratua.

Zer esan liburu honi buruz? Irakurtzea bera zalantzan jartzen duen liburua dela zalantzarik gabe, hasiera batean nondik heldu ere ez dagoela. Zertarako idatzi halako liburu bat? Gutxitan irakurri dut tankera honetako libururik. Alde batetik, liburuak etsitu egin nauela aitortu behar dut, bi pertsonaia nagusiren inguruan etengabe emendatzen den pertsonaia kopuruak zorabiatu egiten du irakurlea, tarteka akitu. Eta etengabe irakurtzen segitzera ikusten duzu zeure burua, inora ez daramaten istorioen hariei jarraitu nahian. Arretaz irakurri behar, gainera, etengabe ihes egiten dizun esanahiari erreparatu nahian. Haria istorioz istorio bilakatzen da, sekula hari hori zein izango ote den antzeman gabe. Gainera, aurrera eta atzera egiten dute istorioek, pertsonaien arteko harremanak nahasteraino. Bukaerak ere ez du ezertxo ere argitzen. Halaber, argi dago horixe zela idazlearen helburu edo helburuetako bat. Bikain idatzitako liburu bat, zinez zer adierazten duen jakin gabe. Nobelek askotan azaleko irakurketa eta sakonekoa izaten dute, bi solairurekin gustura ez, eta batzuek solairuak gehitu egiten dituzte, edo sotoak. Hamarnaka edo ehunaka. Liburu hau, ordea, mila hariz osatutako hostorea da. Zertarako idatzi halako liburu bat?

Bestetik, txundigarria iruditu zait istorio-bilduma hau, hunkigarria. Gaurkotasun bortitza darabil etengabe. Eguneroko xehetasunetan jartzen du etengabe arreta, bizitza ikusteko hainbat eta hainbat ikuspegi. Denak etengabe arriskuan. Gaur era batera bizi gara, bihar beste era batera. Gaur hemen bizi naiz, bihar beste leku batean. Gaur lanik gabe nago, bihar auskalo. Gaur babestua sentitzen naiz, bihar kale gorrian. Jende askok eta askok bizi duen bizitzaren ispilu da liburua, etengabe egoera berrietara moldatu behar izate hori erakusten digu era axolagabe bezain gordinean. Ustezko noraezean dabiltzanekin egiten du bat, areago atzerrian bazaude. Ni neu urtetan bizi izan naiz atzerrian, eta irakurritako hainbat eta hainbat pasartek ezagututako jende zein egoera asko ekarri dizkit gogora. Taxuzko esaldiekin ederki laburtua. Egun bakar bat ere ez da berbera bizitzan, baina askotan jabetu ere ez gara egiten, egunero egoera berrietara moldatu behar izan arte. Horixe izan zen nire kasuan herrira, jatorrira, itzultzeko arrazoietako bat. Etengabeko noraeza jasateko gaitasuna galdu izana. Halakoxe sentipena utzi dit liburuak, nahi eta ezin etengabean bizi garen sentipena.

Agian liburuak errazegi hunkitu nau, ezustean harrapatu nauelako, edota etengabe oreka galduko duzun sentsazioa ematen dizulako. Baina ez naiz irakurri izanaz damutu, gutxitan izango baitut halako elkarrizketak irakurtzeko aukera.

Bilbo 54.3

Oso liburu ona, baina zaila, Irati Elorrietaren azkena. Hamar urte pasa ziren bere lehenengo liburua argitaratu zuenetik eta iaz agertu zitzaigun liburu mardul honekin. Makina bat pertsonaia daude liburuan, Añes eta Marta protagonistez gain, eta zaila da beti gogoratzea nor zen nor. Halaber, denboran atzera eta aurrera egiten du etengabe idazleak eta adi baino adiago egon behar da istorioaren haria ez galtzeko. Hori, haria dagoela onartzen badugu, liburuaren mamia, azken finean, protagonisten eguneroko bizitza gehi euren gaztaroko gogorapenak direlako.
Beraz, pentsatu nuena baino denbora gehiago eskatu dit liburu honen irakurketak eta gozamena eta sufrimendua tartekatu egin dira. Baina, liburua amaituta, oso zapore ona geratu zait. Bakarrik eskatuko nioke Irati Elorrietari ez dadila pasa hainbeste denbora bere hurrengo liburua nire eskuetan egon arte.
Ondorioz, oso gomendagarria da liburua hau, baina patxadaz hartu behar zuku oso ateratzeko.