IDAZTEN ARI DELA IDAZTEN DUEN IDAZLEA (5 ir.) Iban Zaldua

5

Izenburua: Idazten ari dela idazten duen idazlea
Idazlea: Iban Zaldua
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2012

X idazlea idazten ari da. Eleberri bat; ohi duen bezala, luma estilografikoaz, paperean. Eta Xk, idazten ari den pasartean, beste idazle bat deskribatzen du, Y, hura ere idazten ari dela, nouvelle bat: Olivetti baten aurrean dago, teklak jo eta jo. Eta Yren nouvellean beste idazle bat da protagonista, Z, eta hura ere idazten ari da, ordenagailu eramangarri batean, ipuin bat. Eta ipuinean, irakurtzen ari zaren honetan hain zuzen, bat-bateko iktus batek jotzen du X idazlea, eta hil egiten du. Eta luma haren eskutik erori bezain laster, nobelan, paralisi moduko batek hartzen du Y idazlea, eta bere burua zerraldo erortzen da idazteko makinaren gainean.
Kopetari odol arrasto bat dario: tantek organ dagoen nouvellearen orria zipriztintzen dute. Eta ni, Z idazlea, jazoko zaidanaren esperoan geratu naiz. Ez dakit, ordea, heriotza ala askatasuna izango den.

 

5
Iruzkina idatzi

avatar
5 Comment threads
0 Thread replies
0 Followers
 
Most reacted comment
Hottest comment thread
5 Comment authors
Eibar 101.2Eibar 101.1Zarautz 73.6Irun 67.1Bilbo 54.3 Recent comment authors

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Berriena Zaharrena
Harpidetu
Eibar 101.2
Eibar 101.2

Ni ere, Aritz Galarraga bezala, Zalduaren fana naiz aspalditik (Gezurren eta Traizioen sasoitik). Gustatzen zait, irakurlea nola erabiltzen duen, hara eta hona, haizeak orbela bezala, ezustekoak eta txiribueltak emanda (batzuetan larregi, egia da; derrigortuta bezala, bukaeran beti triplemortala ematera). Gustatzen zait, ipuinak sukaldatzen dituenean, nola botatzen dizkien beti korailakada bat fantasia eta pare bat kilo ironia. Zalduak harrapatu egiten gaitu, gainera, gu moduko batek kontatutako ipuinak direlako; gure istorioak direlako. Kasu honetan, esate baterako, Carrefourrera garamatza, edo Irakurle Klubaren berri ematen, edo Ikastolako gurasoen artean kokatzen… eta euskaldunon eguneroko burukominak, inkoherentziak eta moral bikoitza islatzen dizkigu, berriro. Hori bai, konplexu… Gehiago irakurri

Eibar 101.1
Eibar 101.1

Idazleak literatura jolasak egiten ditu. Bere buruari egindako ariketak dira, irakurlea jolas horietan sartu asmoz. Batzutan ipuin originalak irtetzen zaizkio, besteetan ez hainbeste. Nire iritziz ipuin motzak arrakastatsuagoak ateratzen zaizkio.

Zarautz 73.6
Zarautz 73.6

Modan al dago idazteari buruz idaztea? Esango nuke baietz. Zalduak idazteaz idatzi du, baina batez ere id azten duen idazleaz, bere buruaz sarri, idazle jendeaz oro har. Idazle izatearen miseriak begi bistan jarri dizkigu, baita ahalegin eta lorpenak ere, baina xamurtasun goxo-goxoa darie istorio guztiei. Umore fina, ironia zorrotza ere bai. Eta hori guztia bildu du errealitatetik sortzen duen beste errealitate fantastiko eta ustekabeez beteriko horretan. Irudimena suelto darabilen pertsona izango da, eta istorioak – motz-motzak eta luzexeagoak – osatzeko gaitasuna duen idazlea, dudarik gabe. Nik di-da batean irakurri dut liburua, baina uste dut istorio bakoitza patxadaz gozatzeko eta hausnartzeko… Gehiago irakurri

Irun 67.1
Irun 67.1

Idazle bat idazteaz edota idazleetaz idazten. Oso ideia polita. Eta Iban Zalduaren idazteko duen estiloarekin irakurtzea gozagarria izan da. Ipuin arinak, errazak, batzuk borobilagoak beste batzuk baino, pentsatzeko ematen dutena. Asko gustatu zaizkit Potroak, Deskribapena, K… agian hasierakoak gehiago. Baina orokorrean oso gustora irakurtzen da.

Bilbo 54.3
Bilbo 54.3

Idazleei eta idazketari buruzko ipuin-liburua ekarri berri digu Iban Zalduak eta oso libiru interesgarria atera zaiola esan behar da. Ipuin batzuk besteak baino hobeak dira, noski, denek ez dute maila bera, baina K, Potroak, Deskribapena eta Izozki Denda izenburuko ipuinak bikainak direla iruditzen zait. Oso azkar irakurtzen da liburua eta zapore gozoa uzten du irakurketa amaitzean. Beraz, gomendagarria da liburu hau, Iban Zalduaren liburu gehienak bezala.