EUSKALDUN GUZTION ABERRIA (7 ir.) Iban Zaldua

7

Izenburua: Euskaldun guztion aberria
Idazlea: Iban Zaldua
Argitaletxea: Alberdania
Urtea: 2008

Zer garen eta zer izan nahi genukeen. Hara hor buruhausteak eragiten dizkigun arazo bat, bai alor pertsonalean bai alor politikoan ere, herri bat (edo bi, edo hiru edo batere ez) garenez gero. Eleberri honetako protagonista, Joseba Anabitarte, eskizofrenia batean bizi da. Unibertsitateko irakaslea da, aspertuta dago gure hemengo giro politikoarekin. Baina aspertze horien arrazoiak oso ezberdinak izan daitezke andrearekin baldin badago edo koadrilako bere lagun minarekin, edo Zuriñe bere ikaslearekin. Alaskako unibertsitate batetik etorri zaio eskaintza bat, Euskal Herriari buruzko ikastaro bat emateko. Aukera ederra iruditzen zaio Euskal Herritik ihes egiteko. Edo beste zer edo zeretik doa ihesi? Kontua da ihesi doala, behintzat. Alaskan, bakar-bakarrik, eta gure herriari buruz deus ez dakitenen aurrean, Euskal Herriaren historia fantastiko bat asmatzen du.

Gazia da, sarkasmoz betea, lehen hitzetik harrapatzen zaituena, pindartsua. Hitz batean, umoretsua da, bai, eleberri labur hau, baina irakurri ostean min eragiten duena.

7
Iruzkina idatzi

avatar
7 Comment threads
0 Thread replies
0 Followers
 
Most reacted comment
Hottest comment thread
7 Comment authors
Las Karreras 57.1Ordizia 72.1Soraluze 46.1Donostia 47.2Orexa 64.1 Recent comment authors

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Berriena Zaharrena
Harpidetu
Oñati 45.2
Oñati 45.2

Nobela nahiko interesgarria eta dibertigarria. Oso ondo pasatu dut irakurtzen, gainera oso irakurterraza eta arratsalde batean irakurtzeko modukoa iruditu zait.
Asko gustatu zait unibertsitateko irakaslearen paranoiek nola bultzatzen duten bere lurraldea uztera eta ahaztera.
Merezi du Iban Zalduaren azken lanak irakurtzea. Oso ona da.

Donostia 47.2
Donostia 47.2

Euskal Herritik urruti, euskal literaturaren historia berrasmatzen duen irakasle neskazale baten istorioa da. Ipuin luze bat da nobela baino gehiago. Irratian egilearen azalpenak entzun nituen liburua irakurri aurretik, eta, egia esan, kalterako izan zen: zerbait gehiago espero nuen. Sakonagoa, luzeagoa? Ez dakit ba. Hori bai, gustura irakurtzeko moduko liburua da, irribarrea ahoan jartzen dizuna une batzuetan.

Orexa 64.1
Orexa 64.1

Esperantza eta interes handiak nituen liburu honentzat; autorea ere neretzat berria zen eta oso animatuta hartu nuen liburua. Baina aitortu behar dut dezepzionatuta utzi nauela. Irudimen dosi oparo bat baldin badu ere, errazkeria eta arinkeria asko ikusten diot. Ez zait gustatu. Agian nerea izango da arazoa, ez naizela umore klabeak harrapatzeko gai izan…Hala bedi.

Soraluze 46.1
Soraluze 46.1

“Euskaldun guztion aberria” eleberri motza da. Pare bat orduan irakur daitekeena. Nik neuk parre ederrak bota ditut bertako pasarte umoretsuekin. Kritika zorrotza egiten zaio egungo politikagintzari. Arestian esan bezala umore fin eta sarkastikoarekin. Euskal literaturan ez dut uste horrelako beste aurrekaririk egongo denik, nik dakidala behintzat. Ironia askorekin kontatutako eleberria da.

Ordizia 72.1
Ordizia 72.1

Laster sakelako telefonoan irakurtzeko aukera izango dugun nobela honetako protagonista eskizofrenian bizi da, hala dio, behintzat, egileak. Niri eskizofrenikoa baino subrealista iruditu zait zenbait pasartetan, sinesten zaila, ezinekoa. Izan ere, gaur egun unibertsitateko ikasle batzuek ikasgai duten herri eta kultura baten inolako berririk ez izatea ezinezkoa da, pentsa ezina. Baina, tira, egileak berak EusKafka deitzen dion gure aberrian edozer gerta liteke, ikusi besterik ez dago oraintxe bertan Euskadi dela edo Euskal Herria dela dugun zalaparta. Horregatik eta zenbaitetan errealitateak fikzioa gainditzen duelako, gomendagarria da liburua, modu arinean, umoretsuan ez nuke esango, zer pentsatua ematen baitio irakurleari. Irakurtzen hasi eta bukatu… Gehiago irakurri

Las Karreras 57.1
Las Karreras 57.1

Liburu honetako protagonistak -Joseba Anabitarte irakaslea- Euskal Herriari buruz aritzeko Anchorageko Unibertsitatera joateko eskaintza jasotzen du. Hemengo egoeraz nekatuta, hara joatea erabakitzen du eta euskal auziaz piperrik ez dakiten hango ikasleen aurrean Euskal Herri fantastiko bait buruz hit egingo die. Hizkuntza, kultura, politika baita historia ere moldatuko ditu bere interesen arabera. Liburuak hasieratik harrapatzen zaitu baina nahi baino lehenago amaitzen da. Sentzazio arraro batekin geratu naiz irakurritakoan dena den oso gustura irakurri dudan liburua da.

Bilbo 54.3
Bilbo 54.3

Eleberri labur eta erraza da Iban Zalduaren azken liburua. Azkar irakurtzen da eta gustura, gainera. Euskal gizartearen paranoia da liburuaren gaia, eta nola erortzen diren paranoian paranoiatik ihes egiten dutenak ere. Amaierak pixka bat deskolokatuta utzi nau, baina, dena den, gomendagarria da liburua, nahiz eta maisulana ez izan.