Iturrino handia

9

Izenburua: Iturrino handia
Idazlea: Hasier Etxeberria
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2007

Cosme Iturrino magilariaren lilurapenak argitan jarri dizkigu Hasier Etxeberriak nobela honetan. Orson Wllesek esan ohi zuenez, sekula egon den magorik handienetakoa zen The Great Iturrino, pertsona bat hiru zatitan egiten duen kaxaren asmatzailea: burua alde batera, oinak bestera eta enborra hirugarrenera. Diccinoren zirkuko egun haietan, eguen gurpilean konturatu nintzen gero eta ordu gehiago pasatzen nituela bi emakume haien alboan. Haien begi eta ezpainetara ohitzen hasteko gogoz zirela nireak, eta, batez ere, haien hitzetan bakarrik aurkitzen nuela kulunka benetakoa.

Subscribe
Notify of
guest

9 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Ordizia 72.1

Prentsan liburua argitaratu zutelakoa irakurri nuenean, gaia ez zitzaidan oso erakargarria iruditu. Nolanahi ere, Susakoek beren argitalpenak interneten jarrita, Euskal Herrian bizi ez diren euskaldunei eskaintzen dieten aukera paregabea baliatuta, Argentinako ikasle talde batekin irakurri dut liburua. Konturatzerako bukatu dut nobela, motza gertatu zait, gustura ari bainintzen. Nahikoa interesgarria, berritzailea eta bitxia iruditu zait. Bakarrizketa izanik ere, ez zait astuna suertatu, agian, kontatzen duena, oso-oso berezia, ia sinestezina izanda ere, sinesgarri eta hurbilekoa bihurtu duelako idazleak. Horretan, zer esanik, ez izugarri lagundu dute idazlearen euskara jator, aberats eta aldi berean esaldi laburrekoak. Gainera, bukaerak ere badu nolabaiteko umore edo trufa, eta sortzen du zer pentsatua.

GASTEIZ (2008-09-30, 09:51:54) – Inma Dominguez Noriega 9,2
Idazle honekin beti gauza bera gertatzen zait: istorioak hasieran ez nau harrapatzen baina bat-batean guztiz murgilduta nagoela istorian konturatzen naiz. Kasu honetan, ordea, nahiz eta irakurketan aurreratzen saiatu ea behingoz harrapatzen ninduen…..ezin! ezin izan dut bukatu, ezin izan dut jarraitu.. istorioa ez zait batere gustatu. Pena!

Urnieta 49.2

Entretenigarria eta bitxia iruditu zait Iturrino handiari buruz Hasier Etxeberriak eskaini digun bakarrizketa, egileak ustez gogoko dituen sistemaren aurkako pertsonaien -edo hori askotxo esatea baldin bada- nortasun apur bat ezkonformisten ildoan. Lan interesgarri eta “ona”, Etxeberriaren pertsonaia sorta aberastera datorrena, bereziki emakume bi burudunaren pertsonaiarekin. Irudi metaforikoa, akaso?

Donostia 47.3

Liburu honen kontrazalean dagoen testuak zepoan harrapatuta erosi nuen liburua. Hasiera batean uste nuen biografia bat irakurtzera nindoala, baina gero, irakurtzen jarraitu ahala, berdin zitzaidan Iturrino hezur-haragizkoa zen ala ez, agian zirkua eta magia gustatzen zaizkidalako. Hauxe nioen neure artean: “Aspertu behintzat ez naiz aspertuko. Magialari bat aukeratu eta irakurlea aspertu? Ez dut uste.” Eta ez naiz damutzen liburua erosi izanaz, ez irakurri izanaz, liburu entretenigarria delako. Badu horrek meritua kontuan harturik liburua, hasi eta buka, monologoa dela. Bakarrizketa izate horrek ezinegona sortu zidan hasieran: “Ez dio utzi behar Iturrino berba-jario horrek galderaren bat egiten kazetariari ala?” Kazetari aritu naizenean amorragarriak egin zaizkit, salbuespenak salbuespen, halako elkarrizketatuak. Salbuespen horietako bat Paul Dutounier izan zen. Sarako alkate izanak galderak egiten utzi zizkidan, hori batetik, eta bestetik, halako indarra zeukan haren etorriak, halako indarra haren bizipenek, ez zegoen asko galdetu beharrik ere. Indar hori bera sumatu diot Iturrinoren kontaketari. Benetan.

Donostia 47.2

Asko gustatu zait. Iturrino pertsonaia, bere hitz egiteko modua, bere istorioak… Orain arte Etxeberriaren liburu batek ere ez ninduen hala katigatu. Disfrutatu egin dut, eta liburua bukatzeko penaz egon naiz.

Alegia 41.4

Oso erraz irakurtzen den nobela, gaur egunean gutxi irakurri daitezkeen gisakoa. Entretenigarria eta guztiz gomendagarria.

Andoain 25.4

Handia bere txikitasunean. Lehen ere irakurriak ditut idazle honen lanak eta agertzen duen gogoetarako joera gustuko dut. Oraingoan mago batek bere bizitza nolakoa izan den kontatzen du monologo moduan. Ez dira ekintza galantak azaltzen, edo bai? Baina protagonistak zenbait gaiez dituen barne burutazioak ezagutarazten dizkigu. Liburu ederra iruditu zait.

Amasa-Villabona 1.2

Cosme Iturrino mago handiaren bizitza kontatzen da. Gorabeherez beteriko bizitza, hain zuzen, oso ospetsu izatetik (besteak beste, gorputza hiru zatitan banatzen zuen kaxaren asmatzailea zela), eskale moduan bizi baita gaur egun. Kazetari batek elkarrizketa bat egiten dio eta horri esker ezagutzen ditugu bere pasadizo guztiak. Baina elkarrizketatik baino gehiago bakarrizketatik du liburu honek, Cosmek bururatzen zaizkion bezala botatzen baititu guztiak. Atsegina eta gozatzeko modukoa.

Alegia 41.1

Idazteko edo gauzak kontatzeko modu berezia iruditu zait. Imajinazioa landuz, istorio atseginak irakurtzeko era izan da. Laburregia egin zait.

Asteasu 27.1

Ez zait batere gustatu. Motza da. Irakurtzen hasi eta aurreratzen nindoan moduan, zerbait topatuko nuelakoan, jarraitu eta jarraitu eta ezer ez. Idazkera, ba, Hasierren beste hainbatekin disfrutatu dut, baina honekin batere ez, eskasa iruditu zait.