New York, New York

4

Izenburua: New York, New York
Idazlea: Gotzon Garate
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2009

New York, New York: gure zibilizazioaren hiriburu globala, inperioaren gunea, ametsen hiria, munduan den herririk harrigarrienetakoa. Egileak esaten digun bezala, beste edonon aurkitzen diren alderdi on eta txarrak eriden litezke bertan, neurri handi, ikaragarri, miresgarritan. Munduko bost hegaletatik heldu diren kulturak, askazi guztietako jendea, hamaika bizimodu bitxi elkartzen dira New Yorkeko karriketan; hilketak, droga, gangsterismoa, bortxakeria, baita jende bihotz-zabal eta jatorra ere.

Subscribe
Notify of
guest

4 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Oñati 45.2

Gotzon Garatek idatzitako kronika liburua da New York, New York. Pertsonalki ez zait asko gustatu horrelako istorioak planetako edozein izkinatan aurki daitezkeela uste dudalako eta ez dutelako berezitasun handirik munduan gertatu daitezkeen beste hamaika istorioekiko.
Irakurterraza da, arratsalde batean erraz irakurri daiteke, baina ez du besterik. New York beltz eta itsusi bat aurkezten digu momentu oro. Badirudi hiri horretan ez dela gauza onik gertatzen. Guztia da bortxaketa, hilketa, armak, drogak… Eta ados, New Yorken halakorik egon daiteke baina zati bat bakarrik da hori eta, nire ustez, autoreak beste aurpegi hori azaleratzen ere ahalegindu behar zukeen, baina ez du egin.
Ez dakit liburu hau lagun bati gomendatuko niokeen ala ez,, agian lagun horrek New York hiriaz zerbait gehiago jakin izan nahiko balu… baina ez dakit.

Lesaka 30.1

984 urtean idatzitakoa omen (kontutan hartu), orain berrargitaratu egin dute.
Berriki zendu zitzaigun Gotzon Garate. Euskaltzale honen laudoriorik egitekotan, ni baino hobeagorik bada (liburuaren hitzaurrean, Juanra Madariaga mintzo da. Eta Andoni Egañaren bertsoak). Bere liburu gaurkotua irakurriz egin nahi izan diot Gotzoni omen isila.
Liburuaren mamia: New York hirian bizi den (bizi zen) giza-fauna eta giza-floraren aurkezpena egiten du Gotzonek. Argazki txikiak, diapositiba moduan emanak; pasarela moduan, gizon-emakume eta neska-mutilak pasarelan, larru gorritan, batipat afektuen behar gorritan.
Tapa-tapa aurkezten dizkigu, narratzaileak berak ezagututako bizitzak eta pasarteak, gordinak baina erruki haundiz kontatuak, idazteko eta kontatzeko gizon honek zuen segurantziaz. Agian ikuspustu moralista-paternalista? Baietz esanen nuke, paternalista, Gotzon pater bat zelako, aita, eta hori ez zuen ez ukatzen, ez disimulatzen. Beraz, aita baten ikuspuntua dario, bai, babes, gerizpe, pertsonaren egoeran inplikatuz eta beretaz urrikalduz. Eta horrek indarra ematen dio narrazioari, nire idurikoz.
Interesgarria gaia, uste nuena baino erakargarriago eta hunkigarriago egin zait. Ikaragarria baita erakusten diguna: gizarte usteltzen ari den honen tripak, kaka usaina.
Euskara, hizkera: ederki aski dakizue nolakoa den Gotzon Garateren euskara eta hizkera; hitz jario ederra, sendoa, lasaia eta aberatsa; euskara JATORRA esanen luke berak, “GARBIA” (aldiz neologismoak eta hitz-osaketa berriak ere josten bai ditu; egokiak ala aldrebesak, bakoitzak berak epai ditzala).
Gozatu egiten dut Gotzon irakurtzean. Gaztetzen nau, zeren, gure gaztetako aiton haren moduan: Gotzonek euskaraz eraikitzen du pentsamena, esan beharrekoa, ideiak eta azalpenak, euskaraz “egin”. Eta badakigu, globalizazioari esker: gaur maiz erderaz egin ohi dugu ideien orea (masa), erderaz pentsatu, eta ondoren hori euskarara itzuli, agian. Ez?
Agur, Gotzon. Eskerrik asko. Sit tibi terra levis.

Irun 67.1

Bere garaian irakurri ez nuenez irakurtzea erabaki nuen, baina ez zait asko gustatu. Istorio berezi samarrak dira gehienetan, horrelakoak bizitzeak eragin handia izan dezake, baina horrela, irakurrita, aspertu egin nau.

Azpeitia 77.4

Nire ustez Gotzonen fikziozko libururik onenetakoa da, berak gertutik, oso gertutik,ikusitako, entzundako gauzak kontatzen dizkigu. Erraz irakurtzen da, euskara aldetik zer esan idazlea Gotzon zela jakinda! Egia da, gogorra dela, oso gogorra batzuetan, baina nik edonori gomendatuko nioke. Lasai asko gainera.