Hobe isilik

2

Izenburua: Hobe isilik
Idazlea: Garbiñe Ubeda
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2013

1936ko Gerran ibili eta gero, II. Mundu Gerraren amaieran Frantzian desagertutako Jose Bermejo aitona miliziano anarkistaren arrastoaren bila hasten da haren iloba Bakartxo. Inoiz ezagutu gabeko aitona hari idatziko balio bezala, bilaketaren gorabeherak, ezusteko aurkikuntzak eta horiek sorturiko zalantzak kontatzen dizkigu eleberriak; horiekin batera, familiaren historia berreraikiko du narratzaileak, baita hainbat gogoeta harilkatu ere: sekretuaz, isiltzeaz, bizitza berri bat hasteaz, zaharra ahazteaz…
Kazetaritzan ibilbide luzea duen arren, hauxe du Garbiñe Ubedak lehen saialdia fikzioaren munduan, eta azpimarratzekoa da testuaren kalitatea, estilo landu eta dotorea, baita pertsonaien taxuera ñabarduraz betea ere. Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatutako Agustin Zubikarai beka-sariaren irabazlea izan zen nobela-proiektu hau.

Subscribe
Notify of
guest

2 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Bilbo 54.3

Oso istorio erakargarria Garbiñe Ubedak fikzioko bere lehen liburuan ekarri diguna.
Oso azkar irakurtzen da, bai idazkera arina duelako, bai istorioak harrapatzen zaituelako. Izan ere, lauzpabost ordutan amaitu dut eleberria eta oso zapore gozoa utzi dit.
Aitona desagertu baten peskizan hasi da biloba eta inork espero ez zuena aurkituko du. Handik aurrera, zer egin? Dena kontatu ala isilik egon (“Hobe islik”)?
Oso gustura irakurtzen denez, biziki gomendatzen dut liburu hau, udako irakurketa gisa, batez ere.

Larraul 39.1

Oso arin irakurtzen den liburua, eta hizkuntza aldetik oso aberatsa. Ri-rau batean, eserialdi batean, arratsalde batean hasi eta bukatzeko liburua. Errealitatea eta fikzioa nahastuz, errealitatetik gehiago fikziotik baino. Gaiaren aldetik eta kontatzeko moduagatik, bi arrazoi horiengatik harrapatu nau liburuak. Aitonaren desmitifikazioa, uste bat izan eta eskema guztiak hautsita geratzeko modukoa. Benetako egia onartzeko prest egon behar, askotan egiak argi gehiegi baitauka eta min ematen baitu. Nola hausnartu hori familia baten baitan? Eta nola onartu? Familia guztiek dituzte beren sekretuak; komeni al da horiek aireratzea? Idazlan ikaragarria idazle honek egin duena, baita bere familiarentzat ere.