Erraiak

6
Izenburua: Erraiak
Idazlea: Danele Sarriugarte
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2014

Bikote haustura mingarri bat du abiapuntu eleberriak; emakumezko baten kontakizuna bakarrik iritsiko zaio, ordea, irakurleari, obsesio bihurtuta. Horregatik, ez ohiko intentsitatez barneratu da idazlea pertsonaiaren barrunbeetan, haren zokorik ezkutuenak, erraiak, agerian utziz, ez bere buruaren ez inoren aurren biluzteko lotsarik gabe. Aldez aurretiko aurreiritzirik gabeko barne bakarrizketa batean murgilduta, protagonistak ordura arteko bere bikote harremanak xehatuko ditu, inoiz utzi ez duten mamuen aurrez aurre jarriz.

Narratzaileak egurra banatzen du ezker-eskuin, eta egurra banatzen du bere buruarentzat ere, tonu ironiko nabarmenarekin. Egur ona, sutarako balio duena, esan gabe doa. Danele Sarriugarteren idazkera zorrotzak, irakurlea jartzen du beti jo puntuan, eta emoziozko erantzunak ez ezik, baita zentzumenezkoak ere eragingo dizkio. Kontzientziak astintzeko lehergailu gisa irakur daiteke eleberri hau.

Subscribe
Notify of
guest

6 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Irun 67.1

Ez zait gustatu. Batere ez. Berritzailea dela idazkera? Bai, baliteke, baina niri Saizarbitoria etorri zait burura eta berak erreferentzia egiten dio. Gaia? Bai, hori ere baliteke, horren gordina den gai tabu hau ez dela askotan tratatzen…Baina oso luzea egin zait eta oharrak ez ditut irakurri, ezin nuen. Soberan. Askoz laburragoa izan zitekeen eta gaia berdin tratatu.

Zalla 63.1

Abentura nobela ez da, ez bada biziarena, gazte ikuspuntutik lagun talde, familia eta feminismoari bereziki begirada gordina botatzen diena. Ororen gainetik alkoholareriko euskaldunon harreman estua eta birringarria, zeinak protagonistari katarsi moduko bestondokoak baliatzen dizkion. Idazkera aldetik arina, irakurterreza, umore ukituez. Esaldien luzera hasieran baizik ez zait aldapaz gora egin, liburuan aurrera egin dudan neurrian gero eta erosoago eta gustorago ibili naiz. Narratzailearen kontraste bitxia: oso pentsamendu arrazionala eta kontrako joera, alkoholaren menpe. Pertsonaia arrak nahiko eskasak dira. Atzealdeko oharren kontuak ere ez nau gehiegi aztoratu eta haien artean liburuko zati onenetarikoak topa ditzakegu. Gomendagarria oso!

Azkoitia 76.1

Liburu gordina, alde ezkutua agerian ipintzen duena. Euskaldunok elkarrekin erlazionatzeko ditugun molde eta gabeziak ongi azaltzen ditu. Bikote edo familia harremanak gizarte askotan berdintsuak izango dira, baina euskaldunok badaukagu harremanetarako gune berezia: koadrila. Nire iritziz egia potoloak eta ez oso atseginak botatzen ditu.
Harremanen trataera asko gustatu zaidan bezala, beste batzuk ez zaizkit horrenbeste gustatu: izenen ordez hizki bakarrarekin izendatzen ditu protagonistak (Y, Z, A, B…) eta oharrak liburu bukaeran azaltzen ditu. Bereziki oharrena desatsegina egin zait, liburuan aurrera eta atzera ibili beharra.

Bilbo 54.7

Sekulako gozamena hartu dut liburuarekin. Berritzailea da euskaraz, bai hizkeran baina bereziki gaietan, eta eskertzen da haize freskoa. Sekulakoa iruditu zait liburua: ia istoriorik gabe, ia pertsonaiarik gabe, monologo luze bat baina barruraino harrapatzen zaituena, barru-barruraino.
Bitxikeria gisa, oharrak sartzen ditu testuan zehar (ez da batera ohikoa eleberri batean). Hasiera batean, iruditu zitzaizkidan traba, baina aurrera egin ahala, ohitu nintzen eta eskertu nituen. Eta oharretan liburuko altxorrik preziatuenak daudela esatera ausartuko nintzen. Liburu oso freskoa, ausarta, gure literaturan oso ohikoa ez dena. Beraz, irakurri beharrekoa, nire ustez.

Bilbo 54.3

Ustekabe handia izan da niretzat Danele Sarriugarte gaztearen lehenengo liburu hau. Igartza beka eskuratu zuen iaz eta hori, liburu ona izango zenaren zantzua bazen, baina ez nuen espero den bezalakoa izatea.
Neska gazte baten bizitza sentimental eta sexuala azaltzen digu Danelek (berea, ote?) eta euskal literaturan oso gutxitan erabilitako gordinkeria erabiltzen du, inolako lotsarik gabe eta berarengan oso naturala balitz bezala. Eta emaitza oso naturala izan da.
Liburua irakurtzen hastean, nire gustukoa ez zela izango uste izan izan dut, baina gero guztiz harrapatu nau eta ezin izan dut utzi amaitu arte.
Idazkera oso berezia da, esaldi luze-luzeekin eta puntu edo koma gutxirekin. Halaber, ohar pila bat daude amaieran eta horrek moteltzen du irakurketa. Baina, hori guztia ez da izan oztopo liburuaz izugarri gozatzeko.
Beraz, derrigorrez jarraitu beharrekoa da Danele Sarriugarte, hurrengoak liburu hau bezalakoak badira (eta espero dut hurrengoak egotea), euskal literaturako izar bat izango delako, zalantzarik gabe.

Ea 83.1

Jokoz kanpo harrapatu naute liburu honen orriek irakurketan aurrera egin ahalean. Ez dut esango tabu den gai bat erabiltzen duenik egileak, baina euskal eleberrietan gutxitan, eta modu honetan inoiz ez ziur aski. Gauza bat da harreman sexualak aipatzea, baina egile gazte hau askoz haratago doa eta beren kontaktu sexualak marrazten ditu patxadatsu. Berak pertsona arrunt bat izan nahi du (bere osagai arrunten zerrendan kokaturikoa nolabait) baina aipatzen duen moduan Edipo-konplexuaren eraginez edo, osagaien izaera bereziak agerian uzten du halabeharrean eragin osoa duela. Idaztea artea da, nola ez ba. Egileak artea jakinarazteko bi modu aipatzen ditu:
1. “… kaskoari pare bat buelta gehiago ematera behartzen zaituen ariketa moduan …”
2. “… pertsonen erraiak atzamarkatzeko eta barrutik kanpora astintzeko eta azazkalen azpian pilatutako zikinkeriarekin kritikotasunez gaiztotzeko gai den ariketa estetiko gisa …”
Bigarren hau da berak aukeratua.
Hainbat eta hainbat sortzaileen aipamenak dagoz jarrita. David Foster Wallacen “La broma infinita” ere aipatzen du eta liburu hau, Erraiak, antzeko zerbait ez ote den daukat susmoa.
Esaldi luzez horniturik dago, baina horrek ez gaitu kikildu behar. Ez da egiten hezi-ezina.