Hilak gure artean

1

Izenburua: Hilak gure artean
Idazlea: Anuntxi Arana
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2015

Heriotza bukaera dela pentsatzea zaila da eta ez dira falta horretarako arrazoiak; nekez onartzen da, eta ez da erraz irudikatzen nola igarotzen den izatetik ez izatera. Hilen bilakaerak bizien gogoa arduratu eta arduratzen du, eta maiz igartzen da haien itzala jendeen kontuetan. Modu berezi batez mitologian, hemengoan eta besteetan. Kondairak ez dira baitezpada mintzo heriotzaren aurrean sentitzen den minaz, bai berriz munduan alderrai dabiltzan arima herratuez eta haien agerpenez, laguntza eske edo erasoan datozenean zer komeni den egitea adieraziz eta erakatsiz.

Tradizioko sinesteen arabera, edozein unetan heldu dira zenduak beren ahaide edo lagunengana; edo bestela, data zehatz batzuetan, ospe handiko jaietan, eskale ibiltzen diren maskaratuek ordezkatuak. Jai horietaz gure gaurko ingurumenean egiten diren interpretazio entzutetsuenetan ahantziak izaten dira hilak eta, hain zuzen, haien presentzia gogorarazi nahi da liburu honetan. Eta, orobat, arima herratuek mitologiako beste izakiekin duten lotura, batzuen eta bestean jokaeretan hautematen diren antzekotasunak.

Eta horrela azalduko zaizkigu laminak, basajauna, mairuak, inauteriko mozorrotuak, Zanpantzar,
Olentzero…

Subscribe
Notify of
guest

1 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Donostia 47.3

Hitzaurreak dakar liburu honen asmoa: “Tradizioko sinesteen arabera, edozein unetan heldu dira zenduak bere ahaide edo lagunengana; edo bestela, data zehatz batzuetan, ospe handiko jaietan, eskale ibiltzen diren maskaratuek ordezkatuak. Jai horietaz gure gaurko ingurumenean egiten diren interpretazio entzutenetsuetan ahantziak izaten dira
hilak, eta hain zuzen, haien presentzia gogorazi nahi da liburu honetan.” Beraz, izenburuko “agerpenak” hildakoen agerpenak dira, anima herratuak kasu, eta jai-eskeak (Gabonetan, Inauterietan, San Joanetan…) hildakoekin izango lukete lotura.

Egia esan, ni sekula entzun edo irakurri gabea nintzen, adibidez, Gabonak eta hildakoen arteko lotura hori, baina hara zer esaten den 123. orrialdean: “Levi-Strausek zioen
zenduengandik zenbat eta urrunago hainbat eta hurbilago ditugula haien ordezkoak: Gabon gaueko afaria hilen ordezkariei eskaintzen zaielako zantzuak badira, gomitatuak haurrak baitira, aingeruak eta aingeruak hilak; horrela opariak egiten dizkiegu hilei haien alderdi subertsiboa baztertuta”. Edo 74. orrialdean: “Gaur egunean, Olentzerorentzat jan-edanak uzten direnean, hilak ez direla oso urrun usnatzen da”.
Usnatzen.

Anuntxi Arana bada nor hori esateko, ni ez bezala. Nik ez dakit ezer gaiaz,eta jakin nahi nuen, batez ere jaiei buruz nahi nuen jakin hildakoei buruz baino gehiago, eta horregatik hartu nuen liburua, jaiak aitatzen zirelako, eta gaur egun sona duten jai eta pertsonaiak, Olentzero kasu, edo Halloween. Eta Olentzeroz ikasi dut Lesakan erre egiten dutela, Larraunen ume gaiztoak beldurtzeko zerabiltela, bazela Gipuzkoa aldean haren igitaiaren beldur izan eta Gabon gauean su handia egiten zuenik etxera sar ez zedin…
Batzuetan eskale dela eta beste batzuetan emaile, San Nikolas bezala. Eta ikasi dut Zarautzen garai batean Errege Magoak parodiatuz edo, inauteriak balira bezala, hiru gazte zaldi gainean ateratzen zirela errege jantzita, jaten, edaten, mozkortzen… Eta ikasi dut Halloween festa ez dela zenbaitek dioen bezain estatu batuarra. Hara: “Euskal Herrian Gabon Eskeak egiten dituzte gazteek abenduaren 24an, nonahi. […]
Baxenabarre Doniztirikoek Urtatsez biltzen zuten dirua, aurpegia ikatzez belzturik “sosa edo potta” galdatuz eta ematen ez duenari aurpegia zikinduko ziotela mehatxatuz. […]
Halloween-go “trick or treat” oroitaratzen duen formulaz. […] Azken urte hauetan hemen ere kuiak ateratzen dira bazterretan Domu Santu bezperan, eta ez beti Amerikaren mimetismoz, ohitura Europako herrialde anitzekoa izan baita, Euskal Herria barne.” Hona Mutrikuko kasua: “ Soloetatik lapurtutako kalabazak hustu, aurpegiak landu eta kandelak piztu ostean, kalez kale ibiltzen ginen enterradorearen kontra eta animen alde abesten. […] Iluntasunaren konplizitateaz herriko xoko guztiak zeharkatzen zituzten jendea izutzen, barrezka eta kantuz.” Ohitura galdu, baina berreskuratu egin du bertako elkarte batek Gaba Beltza jaia sortuz.
Eta abar, eta abar.

Liburuak balio izan dit jaiei buruz eta gure ohiturei buruz gehiago jakiteko: inauteriak, toberak, hildakoen garrantzia… Ez da gutxi. Baina ez da erraza izan liburua amaitzea. Ez nago ohituta Anuntxi Aranaren euskara-mota (lexikoa, sintaxia…) irakurtzera, eta nahiz eta liburua euskara batuan dagoen, maizegi irakurri behar izan ditut esaldiak birritan. Euskara honek gain-ahalegin bat eskatu dit, eta nahiz eta euskal filologia ikasi nuen, sarri ezinean ikusi dut neure burua. Askotan gogoratu dut liburu hau irakurtzean GAIAK eta GAUMIN argitaletxeek egiten duten ahalegina euskara samurtzeko.